Bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketa zerbitzuari berriro ekingo zaio eta arropa zaharren bilketa zerbitzua ez da oraindik martxan jarriko

Sasieta Mankomunitateak jakinarazi duenez, maiatzaren 11tik aurrera, deseskalatze edo konfinamendua arintzeko 1. fasean sartuko garela eta, etxeko traste zaharrak jasotzeko zerbitzuari berriro ekingo zaio. Beasaini dagokionez, igande gauean atera daitezke traste zaharrak eta edukiontzien ondoan utzi behar dira. 

Egun horretatik aurrera, Urretxu, Beasain eta Ordiziko garbiguneetan ere honelako hondakinak jasotzen hasiko dira ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 9:00-12:30 eta 15:30-18:30 bitartean eta larunbateta 9:00-13-00ak bitartean.

Garrantzitsua da hondakin hauek ateratzeko eguna errespetatzea eta ondorengo arauak kontutan izatea:

  • Altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak, ordenagailuak, telebistak…) eta tamaina handiko bestelako traste erabilezinak jasotzen dira solik. Gaineratiko hondakinak garbigunera eraman behar dira:

-        Eskonbroak eta obratako bestelako hondarrak (tarima, bainuontzi, komunontzi, baldosa, azuleju…)

-        Kristalak, ispiluak, eta objektu ebakitzaileak

-        Hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, pinturak…).

-        Gurpilak

-        Egurrezko paletak

-        Arropa, jostailuak eta etxebizitza nahiz garajeetako garbiketako hondarrak

Arropa zaharra

Bestelako abisurik jaso arte, arropa zaharren bilketa zerbitzurik ez dago.

Herrilab, Kontziliazio erantzunkidea udalerrian garatzeko ekintza plana datozen hiru urtetan gauzatuko duen hitzarmenari baiezkoa eman zion udalbatza osoak EHBildu taldeak ezik

Apirileko ohiko udalbatzaren osoko bilkurak onartuta, Dolarea parkeko birmoldaketarako obrak eta Igartza Oleta kalea bi norabidetara egokitzeko lanek badute diru partida. Lanen proiektuen esleipenak abian jartzeko lehen urratsa eman du Udalak honela eta hurrengoa proiektuak esleitzeko pleguak onartu eta argitaratzea izango da. 

Dolarea parkearen berregokitze lanetarako 1.100.000 euroko kreditu gehigarria gerakinetik finantziatzeko proposamena onartua geratu zen aho batez udalbatzaren osoko bilkuran. Dolarea parkearen birmoldaketarako egindako parte hartze prozesuak utzitako proposamenei jarraituz, aisiarako espazio berde autoaski eta jasangarria moldatuko da.

Trafikoaren puntu beltzak arintzea

Era berean, 350.000 euroko kreditu gehigarria gerakinetik finantziatzeko proposamena onartua izan zen PSE eta EHBilduren aurkako zazpi botoekin eta udal gobernuaren aldeko hamarrekin. Igartza Oleta kalean, Dolarea parkea eta Florentzio Axpe kaleko bidegurutzerainoko tartean egingo diren lanak trafikoaren norabide bikoitza ezartzea ekarriko dute. Orain arte oinezkoentzako espaloia eta bidegorria bere horretan mantenduko dira. Florentzio Axpe kaleko biragunean erradioa handituko da ibilgailu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko. 

Bestalde norabide bikoitzak, Udalak eskatutako trafikoari buruzko azterketa teknikoak utzitako ondorioen arabera hainbat arazo konpontzeko helburua izango du. Udalerriaren mendebaldeko sarbide nagusia Igartza Monumentu Multzoa ikusgarriago bihurtuko du. Oriamendi, Zapatari, Foru eta udalerriaren goialdeko hainbat eremuetara zuzenago iristeko aukera emango du eta bide batez trafikoari dagokionez puntu beltzak direnak arinduko ditu: Barrendain plazako biribilgunea eta Zapatari kalea eta Nafarroa etorbideko bidegurutzea.

Kontziliazio erantzunkidea sustatzen jarraituko da

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena HerriLab proiektu pilotuaren jarduera plana ezartzeko eta ebaluazioa egiteko proposamena onartu zuen udalbatzak. Bozketan EAJ eta PSE alderdiek alde bozkatu zuten eta EHBilduk aurka.  

Udalerrian kontziliazio erantzunkidea sustatzea ahalbidetzeko 2020-2023 epealdirako ekintza plana gauzatuko da orain artean eta 2018tik abian jarritako proiektu aitzindari honi jarraipena emanez. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna helburu duen egitasmo honek, eguneroko bizitza pertsonalean, lanean eta etxean eginkizun guztietan kontziliazio erantzunkidea ezartzeko bitartekoak ezarriz beste udalerrietan partekatzeko eredu izan nahi du. 

Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntzak

Herritarrak sailetik eramandako beste proposamena, Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera, eta gaztelaniaz dauden errotulu nagusia eta irudi korporatiboko elementuen kopurua jaiste aldera, 2019an eskatzaileen kopurua hazi zela eta 2020ra dirulaguntza berdinak ematea izan da. 

Honela, aho batez onartu zen, errotuluen kasuan, diru-laguntza kostuaren %50 izatea, gehienez ere 240 euro izatea. Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta  diru-aguntza gehienez ere 180 eurokoa izatea. Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izatea dirulaguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean/batzuetan egonez gero,  kostuaren %40 izatea diru-laguntza, eta gehienez ere 360 euro. 

Bigarren aldiz eta koronabirusak hala behartuta telematikoki egin zen Udalbatza osoko bilkurak gai zerrendako beste hainbat aztergai aho batez onartu zituen. Aipagarrienak hauek izan ziren; udalekuetako tasak, hileko azoka bereziko bertako produktuen merkaturatzea ahalbidetzen duten ekoizleei laguntzak onartzea, coworkinerako dirulaguntzak eta herriko elkarteei urte hasieran aurre ikusitako dirulaguntzak ematea. Udaleko likidazioaren berri ematerakoan aipatu 2019ko aurrekontua %82,8an gauzatu zen eta gerakina 14,7 milio eurokoa da. 

Konfinamendu egoerak izan duen aldaketaren ondorioz leuntze fasean sartzeak asteroko Beasaingo azoka egiteko aukera eman du. Erabakia alarma egoeraren leuntzearen ondorioz hartu du udal gobernuak eta neurri bereziekin egingo da maiatzaren 5ean astearteko ohiko Beasaingo azoka. Gogoan izan, udalaz gaindiko agintariek iragarritako fase honetan, denda eta negozio txikiek lanean hasteko aukera dutela.

Beasaingo Udalak larunbatean egindako sailen arteko koordinazio bileran, azoka osasun bermearekin egiteko, ezarriko dituen higiene eta babes neurriak erabaki zituen. 

Ordutegia eta kokapena

Goizeko 8:30etik 12:30era irekiko da azoka Loinazko San Martin plazan. Bi eremutan egongo da banatuta. Plazaren goian eta plazapean. 

Elikagai postuak bakarrik egongo dira salmentarako baimenduta. Arropa postuei oraindik ez uztea erabaki da harik eta herriko arropa dendek irekitzen duten arte.  

Azoka beraz, postuei dagokionez, honela banatua egongo da; Goian 6 postu kokatuko dira, kioskotik Kale Nagusiaren aldera (3 frutazale, lore saltzailea, bakailu salmenta eta fruitu lehorrak saltzen dituenetako bat) eta beheran plazapean 9 postu (6 baserritar, 2 fruitu lehor saltzaile eta enbutidoak). Postu bakoitzak lau metro eta erdi izango ditu gehienez azaleran. 

Azokaren gune bakoitzean sarrera-irteera bat izango da eta aldian aldiko 15 pertsona sartu ahal izango dira. Azokan sartu behar direnei maskara eta eskularruak jartzea eskatuko zaie. Horretaz gain hidrogel desinfektatzaileaz garbituko dituzte eskuak. Azoka barruan distantzia soziala mantenduz eta banaka banaka egin beharko da erosketa.

65 urtetik gorakoei erosketak azokan ez egitea gomendatzen zaie gaixotasunaren aurrean arrisku taldea direlako. Bai azokaren sarreretan eta baita barruan boluntarioak izango dira jendea bideratu eta laguntzeko. 

Beasaingo Udalak jarritako neurriak errespetatuko direla espero du. Era berean, azokaren inguruan jende pilaketarik ez egotea eskatzen du. Azokak pixkanaka eta neurriak hartuz, bizi dugun egoera honen aurreko normaltasunera itzultzeko pausoak eman ditzake zuhurtziaz eta arduraz jokatuz.

Arangoitin kutsaturik ez

Alarma egoerak ezarritako neurrien pean jokatzen jarraitzen du Udalak eta arrisku oro saihesten ahaleginduko da beti ere koronabirusak jomugan dituen adinekoak babesteko helburuari eutsiz. Alde horretatik esan, Arangoiti egoitzan joan den ostegunaz geroztik eta azken probak burutu ondoren, ez dagoela birusaz positibo eman duen kasurik, beraz ez dago iada kutsaturik. Azken udalbatzaren osoko bilkuran eskertu egin zen publikoki Arangoiti egoitza kudeatzen dutenen lana eta baina langileria guztiarena ere. 

Konfinamendu garaian jabe asko txakurrak aske eramaten ohitu dira kaleak hutsik dauden aitzakiarekin. Beste herritarrak molestatzeaz gain, ezikusiarena egin eta gorotzak ez jasotzeko aukera bihurtzen ari da araudia bete nahi ez dutenentzat.

Orain konfinamenduaren leuntzea gertatzen ari denean, kaleak berriz partekatzen hasiko garenez, gogorarazi behar zaie txakurren jabe edo zaintzaileei, txakurra lotuta eramatearen betebeharra. Ez bakarrik neurri hori, animaliei buruzko udal araudian aipatzen direnak ere bete behar dira; esaterako txakurren gorotzak biltzeko derrigortasuna. Toki jakin askotan oraindik txakurren jabeek bildu gabe utzitako ondarrak aurki daitezke eta.

Gogoratu behar da udal gobernuaren ekimenez txakurrentzako lau parke berri egokitu direla udalerriko leku ezberdinetan. Txakurrak aske ibili ahal izateko toki aproposak dira hauek bai jolaserako eta baita ariketa fisikoa egiteko, beraz askatzeko parkeak erabili eta bertan adierazten diren erabilerarako jarraibideak ere bete behar dira. 

Beste behin araudia errespetatu eta betetzea eskatzen zaie txakurren jabe direnei. Arauak ez betetzeak araudian adierazita dauden isunak ezartzea ekarriko du. Guztiok arduraz eta errespetuz jokatuz gero bizikidetzaren alde egingo dugu. 

Txakurrak Armarria Uhalekin