Sektorearen ordezkariekin aldian-aldiko egindako bileren ondoren egoera larriari aurre egin eta normaltasunera iristeko bide luzean adostu diren lehen neurriak izango dira 

Beasaingo Udalak merkatari eta ostalariekin egindako bileren ondotik eta oposizioan dauden gainontzeko alderdien proposamenak jaso eta aztertu ondoren, alarma egoerak eragindako krisiari aurre egiteko hainbat neurri abiaraztea erabaki du. Udalak landu eta garatutako ekimenak merkatari eta ostalariek egindakoekin bat eginez, datozen egunetan jarriko dira martxan. Dena den, hasierako neurri hauei aurrera begira sor litezken beste ideia eta ekimenak batuko zaizkie, izan ere Udalaren iritziz tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sekoreari lagunduz eta babesa emanez jarraitu beharko da aurrerantzean ere. 

Udal zerga eta tasetatik salbuestea

Laguntzak banatu eta emateko moduari dagokionez, alarma egoerak eraginda, itxita egon direnentzat edo fakturazioan %80ko jaitsiera eduki dutenei zuzenduko dira laguntzak.

Gauzak horrela, orain artean eta osasun alarma egoera ezarri zenetik istera behartuak izan diren merkatari, ostalari eta zerbitzuetako establezimenduak sei hilabeteko udal zerga eta tasetatik salbuestea izan da proposamena (kasu bakoitzaren arabera, ura, zaborra eta tabernen kasuan terrazetako tasak). 

Terrazen kasuan, sei hilabetez ez litzateke kobratuko eta azalera gehiago erabili ahal izango dute (pertsonen arteko distantziak mantentzeko), beti ere baimendutako mahai kopurua eta oinezkoen pasabideak errespetatuz. Uraren tasari dagokionez, Ur kontsortzioarekin lantzen ari da Udala hori ere sei hilabetez ez kobratzeko. Berdin zaborraren tasarekin, lanketa Sasieta Mankomunitatearekin egiten ari da. IBIaren kasuan, ordainketan hobariren bat ezartzea aztergai geratzen da. Foru Aldundiaren eskumena denez honek ez badu salbuesten, laguntza bat emango luke udalak ordainketa horretan. 

Erosketak seguru eta konfidantzaz egitea ahalbidetu

Establezimenduak irekitzeko baldintzak behartuta eta egoera berrira egokitzeko beharrezkoak diren osasun, higiene eta babes neurrien kostuaren %50a ordaintzeko prest egongo da Udala (establezimendu bakoitzari gehienez 500 euroko dirulaguntza emanez). Materialen erosketa Beasainen egitea baldintzatuko litzateke.

Erosketa bonoak merkaturatzea 

Erosketa bonoen sorrerak, Beasaingo saltokietan kontsumitzea izango du helburu. Udalak bi alditan aterako lituzke, udaberri-uda sasoian eta udazkenean errepikatuz emaitza ona bada. Guztira 15.000 bono ateratzea da asmoa, 7.500 bono txanda bakoitzean. Banaketa merkatari, tabernari eta zerbitzu establezimenduetan egingo litzateke. Helburua Beasainen erosketak sustatzea da. Erosleak finean 30 eurorekin 50 euroko gastua egin ahal izango du (udalak 20 eurorekin lagunduko luke bono bakoitza). 

Erosketak Beasainen egiteko sustapen kanpainak

Guzti honi lotuta, Udalak orain artean bere ardatz eta oinarri estrategikoen artean izan dituen merkataritza eta tokiko ekonomia indartu eta sustatzeko kanpainak areagotuko ditu. Hortara indarrak bideratuz, Beasainen erosketak egiteko beharrezkoak diren sentsibilizazio kanpainak eta baliabideak erabiliko ditu helburu zehatz batekin: erosketak Beasainen seguru egiteko herritarrak kontzientziatzea.  

Orain arte, konfinamendu egoeran ezarritako arauak modu eredugarrian bete dituzte beasaindarrek. Konfinamenduaren leuntzearen lehen fasean sartzean egoera berri baten aurrean aurkitu gara eta hemen iritsi dira jokabide aldaketak. 

Saltokiak eta, batez ere, ostalaritza establezimenduak ireki diren lehen egunean orohar, oinarrizko segurtasun, babes eta osasun neurriak ez dira bete hainbat herritarren aldetik. Bereziki, pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea mantentzeari dagokiona. Tabernariekin udalak egindako bileren ondotik arauak ezarritako egoerara egokitzeko, taberna bakoitzaren terrazetako espazioak eta mugak adosten ari da. 

Gertatutakoa ikusirik, Udalak herritarrei gogorarazi nahi die erantzukizunez, zentzuz eta arduraz jokatzen jarraitu behar dela osasun agintariek adierazitako arauak betetzerako orduan. Gogoan izan behar da alarma egoeran jarraitzen dugula. Kutsatzeko arriskuak bere horretan jarraitzen du, eta ez da ahaztu behar gaixotasunarekiko ahulenak direnei, hots, gure adinekoak bereziki direla kaltetuenak. Hori dela eta, jende pilaketak saihestea eta edozein egoeran pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia mantentzea eskatzen da. Atzera egin ez dezagun gorde distantzia.

Herritarren harrera bulegoa, Igunea, aldez aurretik txanda hartuta artatuko ditu herritarrak asteazken honetatik aurrera. Halabeharrez, udalera tramiteak egitera behartuta daudenek telefonoz 943 028050era deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. era idatziz eskatu beharko dute txanda. 

Hala ere, eta koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, telefonoz eta eta posta elektronikoz lehenetsiko da arreta Igunean. 

Udalak, herritarren osasun baldintzak bermatzeko, bizi dugun egoerak eskatzen dituen babes eta segurtasun neurrietara egokitu du Igunean. 

Goizeko 10:00etatik 12:00etara, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorako herritarrei txanda hartzeko garaian.

Anzizar S.A. enpresak elikagaiak erosteko 3.000 euro emateko ekimenari batu zaio Beasaingo Udala. Beasaingo Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteek, Covid 19 koronabirusaren pandemiak sortutako krisiaren ondorioz ahultasun egoeran dauden pertsonen artean banatuko dituzte elikagaiak. Elikagaiak Beasaingo dendetan erosiko dira. 

Alarma egoerak eragindako krisi egoeraren ondorioz, Beasaingo Anzizar S.A. enpresak janaria erosteko 3.000 euro emateko proposamena aurkeztu zion Beasaingo Udalari. Udalak Gizarte Ongizateko sailaren bitartez, dohaintza hori Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteei zuzenenan bideratzea zela egokiena adierazi zion. Honela bada, Nagusilan elkartea bakarrik jaso eta banatzeaz arduratzen denez, Urko Arandiak, Anzizar S.A.ren izenean, eman duen kopurua bi zatitan banatuko zaie Gurutze Gorriari eta Caritasi.

Udalak ekimen pribatu honekin bat eginez, datozen hilabeteetan 2.000 euro hileko bideratuko ditu elikagaiak erosteko. Bidenabar aipatu orain artean udalak bertako baserritarrek eta ekoizleek asteko azokan saldu ezin izan dituzten produktuak erosi dituela, babeseko etxebizitzetan, adinekoen egoitzan eta Gurutze Gorriari banatzeko.

Une honetan, bizi dugun egoera dela eta, Gizarte Ongizate sailetik jasotako datuez baliatuz, Gurutze Gorriak, Caritasek eta Nagusilanek elkarlanean Beasaingo hirurehun herritar baino gehiagoren artean banatzen dituzte elikagaiak.