Garapen iraunkorra

Beasain 2003an hasi zen eskualdeko beste 17 udalerriekin batera Agenda 21 prozesuan lanean. Beasaingo Diagnostikoa egin ondoren (bertan, Beasaingo gizarte, ekonomia eta ingurumenaren azterketa bat egiten da) 2006an Beasaingo Iraunkortasunerako Ekintza Plana onartu zuen osoko bilkurak. Ekintza-plan honek, iraunkortasunera bidean herrian aurrera eraman beharreko ekintzak zehazten zituen.

Ekintza-plan hau garatzen joan zen eta 2015ean berau berritu eta egokitzeko beharra sumatu zuen Beasaingo Udalak. Geroztik II. Ekintza-planaren diseinuan murgildurik dago udala eta 2017an hau osoko bilkuran onartzea aurreikusten da.

Zer da GARAPEN IRAUNKORRA?

Tokiko Garapen Iraunkorraren helburua, herritarren bizi-kalitatea hobetzea da, honakoa kontuan hartuz:

  • Ingurumenarekiko errespetua (Ingurumenaren Iraunkortasuna)
  • Zuzentasun eta justizia sozialaren beharra (Iraunkortasun Soziala)
  • Ekonomiaren oreka (Iraunkortasun Ekonomikoa)

ZER DA TOKIKO AGENDA 21?

Zer da?

Tokiko Agenda 21 herrirako Ekintza-Plan estrategiko eta tokikoa da. Agintari lokalek bultzatzen eta garatzen dute, beren komunitatean garapen iraunkorra sustatzeko. “Udalerriaren ingurumen, gizarte eta ekonomia hobekuntzaren alde jarduteko konpromisoa da". 

Nondik dator?

Tokiko Agenda 21en kontzeptua Rio de Janeiron (Brasil, 1992ko ekaina) egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (“Lurreko Goi bilera”) sortu zen. Gailur horretan “Agenda 21” (edo Programa 21) onartu zen, Garapen Iraunkorra lortzeko plangintza orokor moduan. Bertan, honako hau esaten da: 

[...] Herri-agintariek ... herriarengandik gertuen dauden agintariak direnez, funtzio oso garrantzitsua dute jendea garapen iraunkorraren alde hezteko eta mobilizatzeko garaian.

[...] 1996rako, herrialdeetako herri-agintari gehienek beren komunitaterako “Tokiko Agenda 21”-i buruzko galdeketa-prozesua gauzatu beharko lukete beren herrietan.

Hitzarmen honetatik abiatuta, hainbat politika eta programa garatu ziren, eta munduko milaka herri-agintarik Tokiko Agenda 21en prozesuan inplikatu zituen. Prozesu horretan gidaritza Europak izan du eta, bereziki, Hiri eta Herri Iraunkorraren Europako Kanpainak. Kanpaina horrek beren udalerrien garapen iraunkorraren alde lan egiten duten 1.200 agintari inguru biltzen ditu.

HERRITARREN PARTE-HARTZE FOROA

Agenda 21a herritarren parte-hartzeaz eraikitzen den plangintza bat da. Honela, lehenengo Ekintza- planaren diseinuan egin zen bezala, gaur egun martxan den berrikuspen prozesuan ere, herritarren Parte-Hartze Foroa martxan jarri izan da, hainbat funtzio bete izan dituelarik: herri diagnostikoak osatzea, ekintza-planeko ekintzak proposatzea eta hauek lehentzea.

Garapen iraunkorraren baitan sortu izan diren gai ezberdinak aztertzeko ere parte-hartze prozesuak ireki dira, esaterako: Bizikleta bideen sarearen inguruan, Plan Orokorraren aurreproiekturako, Aurrekontu partehartzaileetarako, Erauskin plazaren oineztatzea aztertzeko, etab.

EBALUAZIOA ETA ADIERAZLEAK

Garapen Iraunkorraren bidean nola goazen jakiteko, Beasaingo Ekintza-planaren jarraipen eta ebaluaketarako bi tresna ditugu:

  1. Ebaluazioa: urtero, GFAren bidez, Beasaingo Agenda 21aren garapenaren inguruko ebaluazio bat egiten da. Ebaluazio honen bidez, urtero ekintza-planaren exekuzio maila zenbatekoa den zehazten da.
    Txostena:  pdf Tokiko Agenda 21 Beasain (935 KB)
  2. Adierazleak: IHOBEren bidez (EUSKO JAURLARITZA), Iraunkortasun adierazleak kalkulatzen dira (energia, ur-kontsumoak, hondakinen sorrera, etab.). Honen bidez, iraunkortasunera bidean herria nola aurkitzen den jakin dezakegu.
    Txostena:  pdf Tokiko Iraunkortasun Adierazleak 2014 Beasain (1.53 MB)