Ekainaren 12an ostirala, zinearekin ekingo dio Usurbe antzokiak bere eskaintzari eta pixkanaka antzerkia, musika, dantza eta bestelako ikuskizun eta ekintzak izango dira hurrengoak

Egoerak baldintzatuta, osasun eta seguratsun neurriak betez eta ikusleen erosotasuna ahaztu gabe ateak berriro irekiko ditu Usurbe Antzokiak. Bi baldintza hauek uztartuz itzuliko da Beasaingo Udalaren onespenarekin Usurbe Antzokiaren kultur eskaintza. Segurtasuna eta erosotasuna, eta oro har zerbitzu on bat dira lehen helburuak eta hasteko zinea eskainiz emango du lehen pausoa. 

Babes neurriak zehaztea

Usurbe Antzokia kudeatzen duen GOIKUS enpresaren arduradunek asteak daramatzate lanean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzarekin eta EZAErekin (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea), zinemetan deskofinamendu fase eta normalitate berri bezala ezagutzen den garaian hartu beharreko neurriak zehazten.

Usurbe Antzokiaren berrirekitzerako, Ian guzti honetaz gain, zinema aretoen jarduerari berriro ekiteko Osasun Ministerioren Agindua, Eusko Jaurlaritzak deseskaladari buruz argitaratu dituen irizpideak, eta baita FECE-k edo OSALAN­ ek arte eszenikoentzako egin dituzten protokoloetan oinarritu dira Goikuseko arduradunak eta Beasaingo Udalak onartu egin ditu.

Aforoa eta eserlekuen esleipena

Oraintxe zinema eta antzokien irekiera onartuta dago 60% gehienezko aforoarekin, beti eserlekuak aurrez eisletuta.

Usurbe Antzokia 50% eta 60% tarteko aforoarekin irekitzea erabaki da, kontuan izanik berrikuntza lanen ondoren 363 eserlekura igo zela aforoa. Saio guztiak zenbakituak izango dira banakako eserlekuetan baina baita 2-6ko pertsona taldeak eseritzeko multzoak ere onartuko dira. Hauen arteko distantziak mantenduz osasuna eta segurtasuna bermatuko da eta aldi berean erlazio estuko taldeen erosotasuna erraztuko du.

Aforoa araudien aldaketei moldatuko da, eta baita ikusleen beharrei ere.

Sarrera samenta

Leihatillako lerroan segurtasun distantzia mantentzea eskatuko da, online salmenta butzatuko da deskontuekin, eta txartelarekin ordaintzea gomendatuko da. 2019-2020 denboraldiko bonuak erabilgarriak izango dira 2020-2021 denboraldian.

Aretora sartzea eta barruko igarobideak

Sarrera txartelen kontrola bisualki egingo da, sarrera leihatilan moztuz. Zoruan seinaleak jarri dira jendearen arteko distantzia mantentzen laguntzeko, eta ibilbideak ezarri dira bai patioan eta baita anfiteatroan ere pertsonak ez gurutzatzeko. Jende asko etortzen den saiotan irteera poliki eta larrialdietako atetik egingo da.

Maskararen erabilera

Oraingo araudiak dioenez, maskara derrigorrezkoa izango da pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen ez denean. Gaur egun distantzia hori 2 metrokoa da, baina fase honen ondoren 1,5ekoa izango dela onartua dago.

Aforoaren murrizketa eta eserleku multzo ezberdinak direla eta, areto barruan distantzia hau saio gehienetan mantentzea posible izango da, dena den Usurbe Antzokiko arduradunek filma hasi arte eta amaitu ondoren maskara erabiltzea gomendatzen dute.

Saioen arteko tarteak eta desinfekzio lanak

Saioen artean ohikoa dena baino tarte hadiagoa egongo da betiko garbiketaz gain desinfekzio lanak behar bezala egiteko. Filmaren iraupenaren edo publikoaren eskaeraren arabera aldatzeko aukera izango da.

Saia bakoitzaren aurretik enpresa kudeatzaileak eskuratu dituen makina lainoztagailuekin desinfektatuko da aretoa. Eserleku guztiak lainoztatuko dira. Osasun Ministerioak onartu dituen biruziden zerrendako produktuekin. Produktu honekin aretoko beste hainbat elementu ere desinfektatuko dira.

Gel hidroalkoholikoa

Sarreran eta aretoko beste hainbat lekuetan gel banatzaileak jarri dira jendeak eskuak garbitzeko.

Beste neurri batzuk

Babes neurri guztiak azaltzen dituzten kartelak egongo dira, eta saio bakoitzaren aurretik bideo bat emango da azalpenekin.

Publikoari neurri hauek betetzea eskatuko zaio, baita aretoa garbi mantentzea, ontziak zakarrontzira botaz lurrean edo eserlekuan utzi ordez.

Bainugeletan ere azalpenak jarrita egongo dira, aforoa adieraziz segurtasun distantzia mantendu ahal izateko.

HOBEKUNTZAK ETA BERRIKUNTZAK

Eserlekuen berrikuntza

Eserleku guztiak berritzeko lanak amaitu dira, berrikuntza lanen ondoren bukatu gabe geratu zirenak jarrita daude.

Soinu sistema digital berria 

Zinemaren soinu sistemaren digitalizazioa amaitu da. Aretoko inguruneko bozgorailuen orientazioa hobetu da, eta estereo efektua gehitu zaio. Beraz, lehen aldiz, filmak Dolby Digital 5.1 sisteman entzungo dira.

Entzumen urritasuna duten pertsonentzako sistema

Zine emanaldietarako, sistema berri bat jarri da entzumen-urritasuna duten pertsonentzako.

Uda osoan zabalik

Usurbe Antzokia aurtengo udako denboraldian irekita mantenduko da, zine emanaldiak eskeiniko dira ordutegi berriekin.

Bestelako hobekuntzak

Ekipamendu eszenikoan hainbat konponketa eta hobekuntza egin dira.

Alarma egoerak eraginda eta osasun neurrien aplikazioan legediak dioenari jarraituz, zorroztasun eta zuhurtasun handienez baldintza bereziekin irekiko dira instalazioak erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko

Covid-19aren osasun-larrialdiagatik jendearentzat Antzizar Kiroldegia itxi ondoren ekainaren 15ean berriz irekitzeko ondorengo baldintzak ezarri dira. Covid-19arekin lotutako osasun-neurrien aplikazioan zuhurtasun eta zorroztasun handieneko printzipioa aplikatu behar denez, COVID-19 Kontingentzia Plan bat prestatu da, eta plan hori Autokontrolerako Programan sartu da. Bertan, dagozkion legedi, agindu edota arauetan ezarritako jarduera-murrizketak jaso dira, eta erabiltzaileen artean kutsatze arriskuak gutxitzeko prebentzio neurriak ere ezarri dira. Birusaren transmisio arriskua gutxitzkeo helburuarekin, betiere erabiltzaileen segurtasuna bermatzea xede hartuta, segurtasun tarteak mantenduz eta instalazioetako higiene neurriak indartuz, ezarrita dauden gainerako planak beteko dira.

Kiroldegiko eremuak

Ekainaren 15ean zabalduko diren eremuak dira: Fitness eremua, Igerileku klimatizatuak, Estaligabeko igerilekuak, Frontoia eta Arku tiroketa aretoa.

Sarbidea, aforo mugatua eta hitzorduak

Eremu bakoitzak aforoa mugatua izango du eta sartzeko aldez aurreko hitzordua hartu beharko da. Kiroldegiko abonatuek hitzordua hartzeko lehentasuna izango dute. Abonatuak ez direnek egunean bertan erreserba burutu dezakete horretarako tarterik balego. Hitzorduak astez aste hartu daitezke. Ostiralean, ekainak 12, irekiko da izen ematea eta hurrengo aste osorako erreserbak egin ahal izango dira.

Kiroldegia erabiltzeko aldez aurretik hitzordua hartu behar da. Hitzorduak hartzeko hiru aukera daude:

  1. On-line edo telematikoki. Lehenik alta emateko eskaera egin behar da hemen.
  2. Telefonoz 943887900
  3. Kiroldegian bertan

Noiztik aurrera?

  • Larunbata, ekainak 13:  9:00 – 14:00
  • Igandea, ekainak 14:  9:00 – 14:00

Online egitea biziki gomendatzen da. Bazkideak aste osorako 3 erreserba egin ahal izango ditu. Ondoren egunez egun bertan ere hitzorduak aste guztian zehar hartu daitezke, libre dauden eremuetan mugarik gabe erreserbatzeko aukera izanik. 12 urte bitarteko haurrak kiroldegira bakarrik sartzeko aukerarik ez dute izango eta derrigorrez adin nagusiko baten laguntzarekin sartuko dira. Hitzordua hartzeko heldu bakoitzak berarekin etorriko diren 3 haurren erreserba egin ahal izango du.

Arau orokorrak

Instalakuntzara sarrera eta bertan ibiltzeko momentu oro maskarakin egin beharko da. Pertsonen artean gutxienez 2 metroko distantzia mantendu beharko da, beti ere etxe berdinean bizi ez badira.

Eskuak sarri garbitu behar dira ur eta xaboiarekin edo soluzio hidroalkoholikoarekin. Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero instalakuntzan ez sartzeabiziki eskatzen da. Erabiltzaile denek behar den moduko portaera izan beharko dute instalazioetan kasu guztietan kiroldegiko langileen lanaren alde eginez, hauei beren zereginak betetzea erraztuz. Langileekiko errespetua uneoro izan beharko da eta beren iradokizunak egokiro bete beharko dira. Errespeturik izan ez eta portaera txarra erakutsiz gero, zigorrak ezarri ahal izango zaie erabiltzaileei.

Instalazioak indarrean dauden lege eta arauetan ezarritakoaren eta instalazioetako langileen argibideen arabera erabili behar dira. Instalazioak eta ekipamenduak behar den moduan erabiltzen ez badira, horren ondorioz eragindako ondorioak eta kalteak egilearen beraren erantzukizunpekoak izango dira.

Aldagelak eta dutxak

Fitness eta igerileku klimatizatuko erabiltzaileek aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dituzte beti ere 2 m.ko segurtasun distantzia mantenduz. Eremu bakoitzak aldagelabereiztuak izango ditu eta hauetako bakoitzaren sarreran gehieneko edukiera adieraziko da.

Aldageletan eta konketetan, lehorgailuak eta partekatzen diren bestelako elementuak ez dira erabilgarri egongo. Takilak erabilgarri izango dira eta hauetako bakoitza erabili aurretik eskuragarri dauden paper eta desinfektatzeko produktuarekin garbitu beharko ditu erabiltzaileak. Aldageletako sarrrera eta irteera ibilbideak jarraitu egin beharko dira, eremu bakoitzerako norabidea zoruan markatuta egongo da.

Fitness eremua

Fitness eremuaren aforoa 54 lagunekoa izango da. Erabiltzeko hitzordua hartu behar da eta erreserba bakoitza ordubeterako izango da ezarritako aforoa bermatu eta bazkide denek zerbitzua erabiltzeko aukera izan dezaten. Bazkideek hitzorduak astez aste hartu ditzazkete. Ostiralean irekiko da izenematea eta hurrengo aste osorako 3 erreserba egin ahal izango dira. Astean zehar egunean bertan ere hitzorduak hartu daitezke, libre dauden eremuak mugarik gabe erreserbatzeko aukera izanik.

Fitness eremuan 2 toalla erabiltzea derrigorrezkoa izango da, bata izardiarentzako eta bestea erabilitako makina estaltzeko. Jarduera fisikoa maskararik gabe egin ahal izango da. Erabiltzaileak makina bakoitza erabili aurretik eskuragarri dauden paper eta desinfektatzeko produktuarekin garbitu behar du. Fitness eremuan langile arduradun bat egongo da arautegia betetzeaz arduratuko dena. Pertsona hau gelaren barruan agintari gorena izango da eta bertako arauak betetzen ez diren kasuetan beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu. Langile honekiko errespetua uneoro izan beharko da eta honen aginduetara egon beharko da. 15:00etatik 16:00tara fitness eremua ez da erabilgarri izango bertako garbiketa berezia, desinfektaketa eta mantenimendu lanak egiteko.

Igerileku klimatizatuak

Igerileku klimatizatuko eremuaren aforoa guztira 87 lagunekoa izango da. Aforoa era honetan banatuko da: Igeri egiteko kaleak: 12. Bainu librerako eremu irekian: 32. Plisti-Plasta igerilekuan: 13. Irakaskuntza igerilekuan: 15. Hidroterapia ontzia: 10. Jacuzzia: 5. 

Igerileku klimatizatuko eremu bakoitzerako hitzordua hartu behar da. Erreserba bakoitza ordubeterako izango da, ezarritako aforoa bermatu eta abonatu denek zerbitzua erabiltzeko aukera izan dezaten. Bazkideek hitzorduak astez aste hartu ditzazkete. Ostiralean irekiko da izenematea eta hurrengo aste osorako 3 erreserba egin ahal izango dira. Astean zehar egunean bertan ere hitzorduak hartu daitezke, libre dauden eremuak mugarik gabe erreserbatzeko aukera izanik.

Tobogana, saunak, lurrinezko sauna, izotz iturria eta kontrasteko dutxak itxita egongo dira. 12 urtetik beherako adin txikikoak arduradun heldu batekin sartu beharko dira, beste familia eta haurrekin 2 m.ko segurtasun distantzia mantenduz. Iraskakuntzako ontzia, familientzat, 65 urtetik gorakoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat erabilgarri egongo da, jende pilaketak saihestu eta erabiltzaile hauei zerbitzua emateko.

Igeriketarako materialik ez da utziko. Behar den material guztia erabiltzaileek ekarri beharko dute (txanoa, betaurrekoak, tablak, mangitoak...). Igeriketarako kaleetan eskuin aldetik egin behar da igeri, geratu gabe, beti ere segurtasun distantziak bermatuz. Atsedena hartzeko ezin da geratu kale-muturretan eta horretarako bainu libreko eremura jo beharko da.

Bainu libreko eremu irekian edozein igeriketa mota egin ahal izango da, beti ere besteari arazorik ez sortzeko moduan eta gutxieneko 2 m.ko distantzia betez. Igerileku klimatizatuen eremuan langile arduradun bat egongo da arautegia betetzeaz arduratuko dena. Pertsona hau igerilekuan agintari gorena izango da eta bertako arauak betetzen ez diren kasuetan beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu. Langile honekiko errespetua uneoro izan beharko da eta honen aginduetara egon beharko da.

15:00etatik 16:00tara igerileku klimatizatuaren eremua ez da erabilgarri izango bertako garbiketa berezia, desinfektaketa eta mantenimendu lanak egiteko.

Estaligabeko igerilekuak

Estaligabeko igerilekuen eremuan aforoa guztira 270 laguntzako izango da. Erabiltzeko hitzordua hartu behar da. Erreserba bakoitza erabilera txanda baterako izango da, ezarritako aforoa bermatu eta abonatu denek zerbitzua erabiltzeko aukera izan dezaten.

2 erabilera txanda izango dira:

  1. 11:30 – 15:30 
  2. 16:30 – 20:30 (20:00 astebukaeratan)

Txanda bakoitzaren artean eremua hustuko da eta gune osoaren garbiketa eta desinfektaketa lanak egingo dira.

Bazkideek hitzorduak astez aste hartu ditzazkete. Ostiralean irekiko da izenematea eta hurrengo aste osorako 3 erreserba egin ahal izango dira. Astean zehar egunean bertan ere hitzorduak hartu daitezke, libre dauden txandak mugarik gabe erreserbatzeko aukera izanik. 12 urtetik beherako adin txikikoak arduradun heldu batekin sartu beharko dira, beste familia eta haurrekin 2 m.ko segurtasun distantzia mantenduz.

Estaligabeko igerilekuak sarbide berezia izango du Igartza Oleta kaletik eta irteera berriz kiroldegiko atzekaldean dagoen parkineko atetik egingo da.

Debekatuta dago baloiak, koltxonetak edo antzeko materialak sartzea. Instalakuntzako etzaulkiak ez dira erabilgarri egongo. Erabiltzaile bakoitzak bere etzaulkia ekarri eta etxera eraman beharko du, ezingo dira instalakuntzan gorde.

Belardi eremuak adintarteak edo erabiltzaile motaren arabera banatuko da, horrela erabilera eta kontrola desberdindu ahal izateko.

  1. Nerabeak/gazteak/bakarkakoak: bibliopiszina/futbol zelai ingurua
  2. Familiak: plisti-plasta eta igerileku ertainaren ondoan. Irteera ondoko gunea

Uretan ere 2 metroko segurtasun distantzia mantendu behar da. Ondorengo aforoak betez: Igerileku handia: 108 pertsona. Igerileku ertaina: 25 pertsona. 

Uretan erabilera handiko momentuetan aforoa bermatzeko bainurako denbora 15 minututara mugatuko da. Denbora hau pasa ondoren, ontzia hustuko da erabltzaile berriak sartzeko. Itxaroten daudenak ilaran itxarongo dute 2 metroko segurtasun distantzia mantenduz. Sarrera eta irteerak desberdinduko dira.

Eremu osoan ezin da baloiekin, pilotekin, bestelako jolas edo jokoetan aritu. Estaligabeko igerilekuen eremuan langile arduradun bat egongo da arautegia betetzeaz arduratuko dena. Pertsona hau igerilekuan agintari gorena izango da eta bertako arauak betetzen ez diren kasuetan beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu. Langile honekiko errespetua uneoro izan beharko da eta honen aginduetara egon beharko da.

Frontoia eta arku tiroketako aretoa

Pilota eta arku tiroketa sustatzen diharduten klub eta elkarteen eskabideei erantzuteko, kirolari federatuek instalazio hauetan entrenamenduak burutzeko aukera izango dute. Erakunde hauek COVID-19 Kontingentzia Plan bat aurkeztu beharko dute kirolarien artean kutsatze-arriskuak gutxitzeko prebentzio-neurriak ezarriz.

Elkarte bakoitzaren plana onartu ondoren elkarte hauetako kirolari federatuek eremu bakoitzerako hitzordua hartu behar dute. Erreserba bakoitza ordubetekoa izango da. Kirolariek hitzorduak astez aste hartu ditzazkete. Bezperan irekiko da izen ematea eta hurrengo egunerako 3 erreserbak egin ahal izango dira. Ondoren egunean bertan ere hitzorduak hartu daitezke, libre dauden eremuak erreserbatzeko aukera egonik.

Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko, ekimenez beteta datorren programa sustatu du Udalak 

Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, programa berri bat jarriko du abian Beasaingo Udalak. Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragingo du. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea du xede. 

Covid 19aren eraginez, martxoan abian jarri behar zen programa hau etenda geratu zen eta oraingo egoera berria aprobetxatuz berreskuratu da. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutuko du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin. 

Herritar orori zuzenduta

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. 

Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dira animalia hauengana nola gerturaru eta beraiekin nola jokatu erakutsiz.

Formakuntza eta kontzientziazioa

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Programa garatzeko bi fase izango dira:

Uda aurretik, heziketarekin zerikusia duten “Heziketa jolasak” deituriko bideo tutorial sorta argitaratuko da udalaren youtubeko kanalean, astero bat. Guztira sei izango dira abuztua bitartean. Txakur jabetza arduratsua sustatzeko eta jabeak horretaz kontzientziatzeko, txakurrarekin lotura lantzeko jolasak erakutsiko dira hainbat ariketen bidez. Horretaz gain, on line formakuntza ere eskainiko da Beasaingo “Neu” eta “Beasain” albaitaritza kliniketako arduradunen eskutik. 

Bigarren fasea udazkenean hasiko da Txakurren Asteburuarekin. Besteak beste, adopzio pasarela eta tailerrak burutuko dira txakurrenganako sentsibilizazioa lantzeko. Bide batez, animalien elkarte desberdinak bertan egongo dira aurrera ematen duten lana ezagutzera emateko.

Saio presentzialak izango dira nagusi hemendik aurrera. Merkatariekin “Txakur lagun” ekimena garatuko da eta txakurrekin sartu daiteken denda edo aretoek izenburu hau daramaten zigiluekin identifikatuko dira. Txakurrak sartu ezin direnetan aldiz “Txakur Zaindari” izenez, kanpoan non lotuta edukitzeko azpiegiturak jarriko dira. Honetarako, zigilua lortzeko atxikitze kanpaina bultzatuko da tokiko merkataritzan. 

Programaren barnean garrantzi nabarmena izango du “Jabe Eredugarri” izeneko formakuntza intentsiboak. Hamabi saio presentzial egingo dira bi ziklotan, Irailean eta Otsailean hasiz hurrenez hurren. Behin saio hauek beteta, txakur-jabe bikoteei azterketa bat egingo die hezitzaile-aztertzaile batek, gainditzen duenari txakur heziketa titulu ofizial bat luzatuz.

Guzti honetaz gain, txakurrekin sozializaziorako paseoak egingo dira ostegun arratsaldetan eta 2021ko ekainean, amaiera emango zaio urtebeteko programari euskal artzai txakurren erakustaldiarekin.

Txakur parkeetan hobekuntzak

Udal gobernuak aurreko legealditik lantzen jarraitzen duen gaia da txakurren eta herritarren arteko bizikidetza. Gogoan izan behar da gaurdaiño udalerrian lau txakur parke egokitu direla azken hiru urteetan; Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzean, Zaldizurreta kalean eta Igartzako Monumentu Multzoan. 

Dena den orain arte hesitu eta gorde diren eremu hauetan antzeman diren beharrei irtenbidea emango die Udalak datozen hilabeteetan. Horrela, argiteria hobetuko da, txakurrentzako edateko iturri berriak jarriko dira eta sarrera gehiago egokituko dira. 

 

Beasaingo Udalak Txilibutxof aisialdi taldearekin eta ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean, covid 19ak eragindako babes eta segurtasun baldintzetara egokituta antolatu ditu euskarazko udalekuak

Euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzea helburu duten udalekuak burutuko dira ekainaren 22tik uztailaren 31ra. Beasaingo Udalak, bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta osasun eta segurtasun neurriak kontuan izanda antolatu ditu udaleku irekiak Txilibutxof elkartea eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteen laguntzarekin.

Azken asteetako egoera aztertu eta hiru aldeek egindako bileren ostean, Udalak lehentasun duen euskararen erabilera sustatzeko, udaleku ireki formatuan eskainiko du zerbitzua astelehenetik ostiralera, goizez 9.00etatik 13.00etara. Hartzaileak, Haur Hezkuntzako 3,4 eta 5 urteko haurrak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak (1etik 6. mailara) izango dira. 

Udalekua 3 txanda ezberdinetan banatuko da. Txanda bakoitza bi astekoa izango da data hauetan banatua:  

  • 1. txanda: Ekainak 22- Uztailak 3  
  • 2. txanda: Uztailak 6- Uztailak 17
  • 3. txanda: Uztailak 20- Uztailak 31 

Kopuru mugatuak

Txanda bakoitzeko haur kopurua mugatua izango da. Izen ematea Ekainaren 8an, astelehena, irekiko da eta ekainaren 11n, osteguna, itxiko da. Beraz, gomendatzen da ahalik eta azkarren izena ematea. Haur bakoitzak nahi adina txanda aukeratu ditzazke. Izena ematean galdetegi bat bete beharko da. Galdetegi hau Txilibutxofen web orrian egongo da ekainaren 8tik aurrera. Galdetegia bete ondoren, erantzun-mezu bat bidaliko da datuak jaso direla jakinaraziz eta ordainketa egiteko jarraibideekin. Izen ematea behin betikoa izango da ordainketa egin ostean. Ordainketa egiteko azken eguna Ekainaren 12a izango da (12a barne). 

Haur Hezkuntzako umeen kuota txanda bakoitzeko 80 eurokoa izango da. Lehen Hezkuntzakoena aldiz, 100 euro. Familia ugaria izanez gero, Haur Hezkuntzako haur bakoitzak 70 euro ordainduko ditu txanda bakoitzeko eta Lehen Hezkuntzakoek 90 euro. 

Galdetegiarekin batera, hainbat dokumentu atxikituko dira sinatu beharrekoak eta hauek udalekuaren lehenengo egunean aurkeztu behar dira. Dokumentuak sinatuta aurkeztu ezean, haurra ez da onartuko. Batetik, haurrari argazkiak ateratzeko baimena sinatu behar da. Bestetik, haurra udalekura osasuntsu eramatearen ardura gurasoek bere gain hartuko dutela aitortuko dute. 

Osasun sailak agindutako babes neurriak bermatuko dira

Ez ohiko egoera honetan Osasun Sailak emandako gomendioak jarraituko dira:

  • 10 haurrez osatutako taldeak banatuko dira eta taldeak ez dira elkarren artean nahastuko. Talde bakoitzari espazio itxi bat egokituko zaio eta beti gune hori erabiliko dute. Erabiliko diren espazioak Txilibutxofen egoitza Urbieta etxean, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen hizkuntza errefortzurako aretoa eta ikastetxeetako guneak izango dira.
  • Eskuak garbituko dira. 
  • Musukoak erabiliko dira segurtasun distantziak bermatu ezin direnean. 
  • Ahal den heinean, eguraldia lagun aire zabaleko ekintzak egingo dira.

Informazio edo argibideetarako idatzi helbide honetara Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.