Beasaingo azoka beasaindarron artean zeresana eragiteko erabili nahiak sinadura bilketa barne, enegarrengoz udal gobernua azalpenak ematera behartzen du.

Baserritarrek beraien produktuak ezin dituztela merkaturatu diote. Beasaingo kasuan, ez da hori zuzena. Debekua eman zen lehen egunetik, Udaletik ekoizleari, bere produktua erosi baitzaio edo erosteko aukera eman. Bestetik, beraien telefono zenbakiak, egunak eta saltzeko duten produktuarekin orriak egin eta banatu dira. Horren ondorioz adibidez, azken aste honetan Udalak ezin izan die ezer erosi. Eta pentsa Goierrin bakarrik, janarien beharra duten 400 familiatik, 600 familiara pasa gerala ditxosozko birusa tarteko. Gurutze Gorriak emandako datuak dira. Behar gorria dutenei banatzen saiatzen gera erositako produktua.

Horrela, ekoizleen ekonomia ere babesten dugu eta garrantzia du horrek. Beraien lana erabat “errazten” dugu, guztia erosteko prest baitago Udala.

Segurtasun neurriak hartuaz ezin daitekeen azoka egin galdetzen da. Azoka gunean neurriak betetzea nahiko erraza izan daiteke. Higiene ikuspegitik bederen, (distantzia, guanteak edo maskarak erabili araziz). Bestea da dekretuak dioen bezala, 65 urtetik gorakoen salerosketa debekatzearena. Inguruko adibideak ikustea besterik ez dago, dekretuak ezartzen dituen neurriak ez direla betetzen ari ikusteko, nekez azoka gunean eta azoka gunetik kanpo kontrolaezina suertatzen ari da aspaldi ikusi ez direnen arteko solasaldien etetea. Salmenta eremu barruan, 65 urtetik gorakoak ari dira erosten eta kasuren batean baita saltzen ere. Bestetik, azokak sortzen duen dei efektua ematen ari da. Ordizia da horren adibide garbia. Inguruko herrietatik etortzen dira, batez ere pertsona helduak, hain juxtu, gehien babestu behar ditugunak. Herri ezberdinetako udaltzainekin egotea besterik ez daukagu beraiek, hau da, neurriak beterazi behar dituztenak, zer dioten jakiteko.

Azokak, gurean, ekoizten dena salerosketatik haratago doan zerbait dira, sozializatzeko balio izan dute eta balio dute, batez ere helduenei. Eta hain juxtu horrek sortzen du dei efektua. Azoka eremu kanpoko hori da kontrolatu ezin daitekeena. Supermerkatuak sei edo zazpi egunetan irekitzen diren bitartean, azoka egun bakarrean egiten da.

Udal gobernua azokaren kontra dagoenaren leloa eta azoka politikoki erabiltzea ez da zilegi. Udal gobernuak bere lehentasunen artean hasieratik izan du lehen sektorea eta azoka. Etengabe azokaren aldeko ekimenak sortu eta sustatzen jarraitzen du; pentsa, hileko lehen larunbateko azoka berezia ezarri zuen.

Udalean, zoritxarrez astero, birusak jota hiltzen ari diren senitartekoekin harremanetan jartzea tokatzen ari zaigu. Maitatuenei azken agurra eman gabe geratzen ari direnak. Horien azalean ere jarri gaitezen. Ez dakigu birusaren hedatzea non eteten den.

Arduraz, erantzunkizunez eta zuhurtziaz jokatzea tokatzen zaigu eta marra oso finen gainean ari gera dantzan. Jakitun gera guztiak asetzea ezinezkoa dela eta askoren begietan, hartutako neurriak gehiegizkoak izan daitezkeela. Horregatik inoiz baino gehiago gizarte-kohesioa, elkartasuna eta konfidantza ezinbestekoak dira. Momentu oso zailak suertatzen ari zaizkigu denoi, ea borondate eta malgutasun pixka batekin, elkartuago ateratzen geran egoera honetatik.

Hala ere Beasaingo azoka itzuliko da, berandu baino lehenago bada hobe, eta orduan ziur gaude ekoizle eta baserritarrak asko poztuko direla udal gobernu hau bezala “Beasaingo azoka ORAIN!” plataforman sinatu duten guztiak bertan erosten ikusten dituztenean, hori izango baita benetako babesa eta bultzada azokari. Arriskatzeak merezi du heriotzaz ari garenean?… Azken finean gizaki hutsak gara.