Beasaingo azoka beasaindarron artean zeresana eragiteko erabili nahiak sinadura bilketa barne, enegarrengoz udal gobernua azalpenak ematera behartzen du.

Baserritarrek beraien produktuak ezin dituztela merkaturatu diote. Beasaingo kasuan, ez da hori zuzena. Debekua eman zen lehen egunetik, Udaletik ekoizleari, bere produktua erosi baitzaio edo erosteko aukera eman. Bestetik, beraien telefono zenbakiak, egunak eta saltzeko duten produktuarekin orriak egin eta banatu dira. Horren ondorioz adibidez, azken aste honetan Udalak ezin izan die ezer erosi. Eta pentsa Goierrin bakarrik, janarien beharra duten 400 familiatik, 600 familiara pasa gerala ditxosozko birusa tarteko. Gurutze Gorriak emandako datuak dira. Behar gorria dutenei banatzen saiatzen gera erositako produktua.

Horrela, ekoizleen ekonomia ere babesten dugu eta garrantzia du horrek. Beraien lana erabat “errazten” dugu, guztia erosteko prest baitago Udala.

Segurtasun neurriak hartuaz ezin daitekeen azoka egin galdetzen da. Azoka gunean neurriak betetzea nahiko erraza izan daiteke. Higiene ikuspegitik bederen, (distantzia, guanteak edo maskarak erabili araziz). Bestea da dekretuak dioen bezala, 65 urtetik gorakoen salerosketa debekatzearena. Inguruko adibideak ikustea besterik ez dago, dekretuak ezartzen dituen neurriak ez direla betetzen ari ikusteko, nekez azoka gunean eta azoka gunetik kanpo kontrolaezina suertatzen ari da aspaldi ikusi ez direnen arteko solasaldien etetea. Salmenta eremu barruan, 65 urtetik gorakoak ari dira erosten eta kasuren batean baita saltzen ere. Bestetik, azokak sortzen duen dei efektua ematen ari da. Ordizia da horren adibide garbia. Inguruko herrietatik etortzen dira, batez ere pertsona helduak, hain juxtu, gehien babestu behar ditugunak. Herri ezberdinetako udaltzainekin egotea besterik ez daukagu beraiek, hau da, neurriak beterazi behar dituztenak, zer dioten jakiteko.

Azokak, gurean, ekoizten dena salerosketatik haratago doan zerbait dira, sozializatzeko balio izan dute eta balio dute, batez ere helduenei. Eta hain juxtu horrek sortzen du dei efektua. Azoka eremu kanpoko hori da kontrolatu ezin daitekeena. Supermerkatuak sei edo zazpi egunetan irekitzen diren bitartean, azoka egun bakarrean egiten da.

Udal gobernua azokaren kontra dagoenaren leloa eta azoka politikoki erabiltzea ez da zilegi. Udal gobernuak bere lehentasunen artean hasieratik izan du lehen sektorea eta azoka. Etengabe azokaren aldeko ekimenak sortu eta sustatzen jarraitzen du; pentsa, hileko lehen larunbateko azoka berezia ezarri zuen.

Udalean, zoritxarrez astero, birusak jota hiltzen ari diren senitartekoekin harremanetan jartzea tokatzen ari zaigu. Maitatuenei azken agurra eman gabe geratzen ari direnak. Horien azalean ere jarri gaitezen. Ez dakigu birusaren hedatzea non eteten den.

Arduraz, erantzunkizunez eta zuhurtziaz jokatzea tokatzen zaigu eta marra oso finen gainean ari gera dantzan. Jakitun gera guztiak asetzea ezinezkoa dela eta askoren begietan, hartutako neurriak gehiegizkoak izan daitezkeela. Horregatik inoiz baino gehiago gizarte-kohesioa, elkartasuna eta konfidantza ezinbestekoak dira. Momentu oso zailak suertatzen ari zaizkigu denoi, ea borondate eta malgutasun pixka batekin, elkartuago ateratzen geran egoera honetatik.

Hala ere Beasaingo azoka itzuliko da, berandu baino lehenago bada hobe, eta orduan ziur gaude ekoizle eta baserritarrak asko poztuko direla udal gobernu hau bezala “Beasaingo azoka ORAIN!” plataforman sinatu duten guztiak bertan erosten ikusten dituztenean, hori izango baita benetako babesa eta bultzada azokari. Arriskatzeak merezi du heriotzaz ari garenean?… Azken finean gizaki hutsak gara.

Azoka bertan behera geratu zenetik, Udalaren zeregin nagusiak koronabirusa hedatzeko arriskua saihestea eta merkatuko produktuak eskuratu eta udalerrian behar gehien duten pertsonen artean banatzea dira

Beasaingo Udalak asteroko eta hileko azoka ez egitearen arrazoi nagusiak plazaren inguruan honek eragingo lukeen dei-efektua eta jende-pilaketak saihestean datza. 

Zuhurtziaz eta zentzuz jokatzeak kutsatze-zantzu oro saihestera eta ondorioz Beasaingo azoka ez egitera eraman du udala. Izan ere, salmenta-postuak kokatzen diren esparruaren barruan hartzen diren prebentzio- eta kontrol-neurri zorrotzak hartuta ere, plazatik kanpo hutsean geratzen dira neurri horiek bermatzerik ez bait dago. Azokan biltzen diren bezero asko adinekoak dira eta beraz, hain juxtu lehentasunez babestu nahi den jendea. 

Hori dela eta, azokara joaten diren ekoizleekin harremanetan jarraitzen du udalak, eta duela aste batzuk hasitako etxez etxeko salmentako produktuen soberakinak erosteko konpromisoari eusten dio. Era honetan, udal gobernuak Km 0 produktuak saltzen dituen ekoizlearen ekonomiari arnasa ematen dio.

Udalak orain arte bezala ekoizleei produktuak erosten jarraituko du, Gurutze Gorria  eta Caritasen bidez banatzeko, bereziki behar eta zailtasun gehien duen jendearen artean. Babespeko etxebizitzak, adineko egoitza eta pertsonak, eta ongizate sailetik beharra duten atzemandako jendea dira orain arte bezala produktu horien hartzaileak.

Horrekin guztiarekin, komeni da gogoraraztea tokiko ekoizleek merkatuan eskaintzen dituzten produktuen etxez etxeko salmentak bere bideari eusten diola. Udal gobernuak beti izan du bere lehentasun nagusien artean tokiko ekonomia eta merkataritza sustatzeko eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea. Saltzaileen zerrenda eta eskaerak egiteko harremanetarako bitartekoak erantsitako koadroan daude laburbilduta.

Beasaingo azoka taula

(Eguneratua 2020/04/14 17:00)

Koronabirus gaitzak eragindako seigarren pertsona zendu da Arangoiti egoitzan. 95 urteko urretxuarra izan da hildakoa eta positibo emandakoen artean aurkitzen zen. Ia astebete pasa da adinekoen Arangoiti egoitzan koronabirusak eragindako azken heriotza gertatu zenetik.

Orain arte egindako proben arabera, azken aste honetan ez da positibo gehiagorik egon. Sei egoiliar dira koronabirusaz kutsatuta positibo eman dutenak eta isolamenduak daudenak. Langileen artean aldiz lau dira baina kontrolpean daude. Egoera egonkor mantendu da azken egunetan. Kutsatu gehiago egon ez bada ere, heriotza bat gehiago gertatu da.

Beasaingo Udalak, orain arte egin duen bezala, kandela pizte herrikoia egitera gonbidatzen ditu herritarrak gaur 21: 00etan, herrian koronabirusaren ondorioz hildako azken pertsonaren oroimenez.

Osasun alerta eta alarma egoerak dirauen artean egoitzako bisita-erregimenak itxita jarraitzen du eta osasun-agintariek kasu hauetarako protokoloak agindutako isolamendu-neurriak mantentzen dira.

Gertatutako eztabaida baten ondoren, gauden alarma egoeran Udalak kaleko katuen elikaduraren inguruko egoera argitu nahi du 

Udalak, Lau Katu Beasain elkartearekin mantentzen duen lankidetzaren barruan, elkarte honetako elikatzaileak katu-kolonia batean janaria jartzerakoan gertatutako eztabaidaren ondorioz, honako azalpen hau eman nahi du gai honi buruz.

Gaur egungo alarma eta konfinamendu egoeran, katu-kolonia guztietan agertzen ari dira katu berriak janari bila. Horren arrazoia, elikatzaileak baratzeetara eta kolonia batzuetara elikatzera joan ezin daitezkela uste dutelako da edo ez dutelako ulertzen elikatzen jarraitu behar dutenik. Horrek animaliak noraezean ibiltzea eta arriskuan jartzea edota gosetea dakar katuentzat, bereziki mugitu ezin badira.

Animalien Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, eta berriki argitaratu den alarma-egoeraren berri eman duen BOEn jaso da hain zuzen ere, horrela ohituta dauden kaleko katuak elikatu daitezkela eta elikatu behar direla.

Behin-behineko neurri gisa, Lau Katu Beasain elkarteak bere elkarteko boluntarioak direla egiaztatzen duten baimenak banatzen ari da, batik bat hala eskatzen duten elikatzaileen artean; izan ere, BOEk dio elikatzaileek akreditazio bat eraman behar dutela. Hala ere, baimen horiek ematea Udalaren eskumena da, eta tokiko elkarteekin harremanetan jarrita, kaleko katuen elikadura koordinatu eta bermatuko du, osasun publikoko kontua delako.

Datozen egunetan, pertsona horiek Udalak emandako akreditazioak eramango dituzte.

Honen inguruko informazio gehiago.