Konfinamendu egoerak izan duen aldaketaren ondorioz leuntze fasean sartzeak asteroko Beasaingo azoka egiteko aukera eman du. Erabakia alarma egoeraren leuntzearen ondorioz hartu du udal gobernuak eta neurri bereziekin egingo da maiatzaren 5ean astearteko ohiko Beasaingo azoka. Gogoan izan, udalaz gaindiko agintariek iragarritako fase honetan, denda eta negozio txikiek lanean hasteko aukera dutela.

Beasaingo Udalak larunbatean egindako sailen arteko koordinazio bileran, azoka osasun bermearekin egiteko, ezarriko dituen higiene eta babes neurriak erabaki zituen. 

Ordutegia eta kokapena

Goizeko 8:30etik 12:30era irekiko da azoka Loinazko San Martin plazan. Bi eremutan egongo da banatuta. Plazaren goian eta plazapean. 

Elikagai postuak bakarrik egongo dira salmentarako baimenduta. Arropa postuei oraindik ez uztea erabaki da harik eta herriko arropa dendek irekitzen duten arte.  

Azoka beraz, postuei dagokionez, honela banatua egongo da; Goian 6 postu kokatuko dira, kioskotik Kale Nagusiaren aldera (3 frutazale, lore saltzailea, bakailu salmenta eta fruitu lehorrak saltzen dituenetako bat) eta beheran plazapean 9 postu (6 baserritar, 2 fruitu lehor saltzaile eta enbutidoak). Postu bakoitzak lau metro eta erdi izango ditu gehienez azaleran. 

Azokaren gune bakoitzean sarrera-irteera bat izango da eta aldian aldiko 15 pertsona sartu ahal izango dira. Azokan sartu behar direnei maskara eta eskularruak jartzea eskatuko zaie. Horretaz gain hidrogel desinfektatzaileaz garbituko dituzte eskuak. Azoka barruan distantzia soziala mantenduz eta banaka banaka egin beharko da erosketa.

65 urtetik gorakoei erosketak azokan ez egitea gomendatzen zaie gaixotasunaren aurrean arrisku taldea direlako. Bai azokaren sarreretan eta baita barruan boluntarioak izango dira jendea bideratu eta laguntzeko. 

Beasaingo Udalak jarritako neurriak errespetatuko direla espero du. Era berean, azokaren inguruan jende pilaketarik ez egotea eskatzen du. Azokak pixkanaka eta neurriak hartuz, bizi dugun egoera honen aurreko normaltasunera itzultzeko pausoak eman ditzake zuhurtziaz eta arduraz jokatuz.

Arangoitin kutsaturik ez

Alarma egoerak ezarritako neurrien pean jokatzen jarraitzen du Udalak eta arrisku oro saihesten ahaleginduko da beti ere koronabirusak jomugan dituen adinekoak babesteko helburuari eutsiz. Alde horretatik esan, Arangoiti egoitzan joan den ostegunaz geroztik eta azken probak burutu ondoren, ez dagoela birusaz positibo eman duen kasurik, beraz ez dago iada kutsaturik. Azken udalbatzaren osoko bilkuran eskertu egin zen publikoki Arangoiti egoitza kudeatzen dutenen lana eta baina langileria guztiarena ere.