Apirilaren 29an hasiko dira eta lau fase ezberdinetan burutuko dira 18 hilabetez

Egoilarren etxebizitza, saltoki eta garajeetarako sarrera-irteerak eta zamalanguneen erabilera ahalbidetuko da 

Material eta makineriaren mugimendua antzematen hasia da San Inazio kale inguruan. Izan ere, apirilaren 29an hasiko dira San Inazio eta Esteban Lasa kaleak osatzen duten ardatza eraberritzeko lanak. Bertako bizilagun eta merkatariekin egindako bileretan emandako informazioan adierazi bezala, fase ezberdinetan burutuko dira lanak, eremuz-eremu ahalik eta azkarren amaitu eta eragozpenak murrizteko.  Begi bistakoak izango diren zoladura, lorazaintza, asfaltaketa eta argiteria lanez gain, kaleen oinarrian lan garrantzitsuak egingo dira, argi-indar, gas, ur hornidura eta saneamendu sarea berrituz.

Lanak lau fase ezberdinetan

Orotara 18 hilabete iraungo dute lanek aurre ikusitakoaren arabera. Baina fase eta zati ezberdinetan burutuz joango dira. Bi kale hauen luzera, atal ezberdinetan banatu da bertako bizilagunen joan-etorria eta ibilgailuen zirkulazioa ez eteteko (salbuespen oso zehatzetan izan ezik lanek hala behartuta). 

Honela bada lau fase nagusi egongo dira; lehen biak San Inazio kalearen esku hartzeari dagozkionak eta ondorengo biak Esteban Lasari. Aldi berean, fase bakoitza bi azpi-fasetan banatuko da, kalea erditik banatuko dutenak. Horrela, albo batean lanak dirauten bitartean, egoilarren eta zamalanak egitera datozen ibilgailuen joan etorria ahalbidetuko da, baita autobus zerbitzua. Bi autobus geltokiak bere lekuan mantenduko dira.

San Inaziotik hasi

Lanak San Inazio kalearen mendebaldeko muturrean hasiko dira eta 13-19 zenbakien arteko tartea hartuko dute alde batean eta bestean 14  zenbakiari eta La Salle ikastetxearen aldeari dagokiona. San Inazio kalea amaitzean, Esteban Lasa kalean jarraituko dute lanek. Hemen ekialdeko muturretik hasiko dira, 6 zenbakiaren parean, non norabide bikoitza berreskuratuko den ibilgailuen trafikorako. Hortik, Esteban Lasa kalearen ekialdeko muturreraino jarraituko dute lanek 1 zenbakira iritsi arte. 

Bidegurutzeak eta trafiko aldaketa

Bi bidegurutzetan ere aldaketak egingo dira. Andra Mari kalearekin eta Martina Maiz kalearekin gurutzatzen direnak. Pertsonen segurtasuna helburu izanik, espaloiak eremu handiago izango dute. Era berean San Inazio kalearen erdian egun aurkitzen den zebra bidea dagoen tokian, errepideak sigi saga itsura hartuko du eta oinezkoek zeharkatzen dute zebra bideari altuera emango zaio ibilgailuen abiadura moteltzeko.

Lan guzti hauekin lotuta, lau faseak amaitzen direnean San Inazio kalea zeharkatzen duten ibilgailuei eragingo dien trafikoan aldaketa emango da. Egun, San Inazio kaletik Zaldizurretako biribilgunera irteteko derrigorrezkoa da Mendeurren kaleraino iristea.

Aldaketarekin, Erauskin kaleko 2 eta 9 zenbakien tarteak egun duen norabidea aldatuko da eta jaitsi ordez igo egingo da. Honekin batera, Martina Maiz kalearen norantza aldatu egingo da, eliza paretik pasa ondoren Esteban Lasara jaitsiz eta Ordiziruntz edota Zaldizurretako biribilguneruntz iristea ahalbidetuz. Halaber, Igartetxe kaleko erikina inguratzen duen errepidearen norantza ere aldatu egingo da. Moldaketa hauei esker, San Inaziotik-Esteban Lasatik irtetzeko bidea laburtuko da eta ondorioz trafikoak eragiten duen CO2 isurpenak murriztuko dira eta bide segurtasuna handituko da.

Pertsonak lehenetsi

San Inazio-Estaben Lasa, denda, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari biltzen dituen ardatza da eta pertsonen topaleku eta joan-etorrirako eremua da. Bertan ez da esku hartze sakonik burutu azken 60 urtetan eta azaleko konponketak soilik jaso dituenez, agerian gelditu dira urteen poderioz pairatzen dituen gabeziak. 

Hargatik, udalerriko beste hainbat kaleetan egin den bezala, ardatz hau egungo behar eta baldintzetara egokituko da, oinezkoei egokitutako espazioak lehenetsiz eta bertako merkataritza eta saltokiak indartzeko konpromisoarekin jarraituz. Bide segurtasuna hobetzeaz gain lurpeko lanei esker zerbitzu eta ur-saneamendurako sareak berrituko dira. 

Obrei buruzko informazioa, infografia eta irudiak esteka hau jarraituz daude ikusgai.

San Inazio Esteban Lasa Obra Faseak page 0001

San Inazio Esteban Lasa Obra Faseak page 0002

San Inazio Esteban Lasa Obra Faseak page 0003