Azoka bertan behera geratu zenetik, Udalaren zeregin nagusiak koronabirusa hedatzeko arriskua saihestea eta merkatuko produktuak eskuratu eta udalerrian behar gehien duten pertsonen artean banatzea dira

Beasaingo Udalak asteroko eta hileko azoka ez egitearen arrazoi nagusiak plazaren inguruan honek eragingo lukeen dei-efektua eta jende-pilaketak saihestean datza. 

Zuhurtziaz eta zentzuz jokatzeak kutsatze-zantzu oro saihestera eta ondorioz Beasaingo azoka ez egitera eraman du udala. Izan ere, salmenta-postuak kokatzen diren esparruaren barruan hartzen diren prebentzio- eta kontrol-neurri zorrotzak hartuta ere, plazatik kanpo hutsean geratzen dira neurri horiek bermatzerik ez bait dago. Azokan biltzen diren bezero asko adinekoak dira eta beraz, hain juxtu lehentasunez babestu nahi den jendea. 

Hori dela eta, azokara joaten diren ekoizleekin harremanetan jarraitzen du udalak, eta duela aste batzuk hasitako etxez etxeko salmentako produktuen soberakinak erosteko konpromisoari eusten dio. Era honetan, udal gobernuak Km 0 produktuak saltzen dituen ekoizlearen ekonomiari arnasa ematen dio.

Udalak orain arte bezala ekoizleei produktuak erosten jarraituko du, Gurutze Gorria  eta Caritasen bidez banatzeko, bereziki behar eta zailtasun gehien duen jendearen artean. Babespeko etxebizitzak, adineko egoitza eta pertsonak, eta ongizate sailetik beharra duten atzemandako jendea dira orain arte bezala produktu horien hartzaileak.

Horrekin guztiarekin, komeni da gogoraraztea tokiko ekoizleek merkatuan eskaintzen dituzten produktuen etxez etxeko salmentak bere bideari eusten diola. Udal gobernuak beti izan du bere lehentasun nagusien artean tokiko ekonomia eta merkataritza sustatzeko eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea. Saltzaileen zerrenda eta eskaerak egiteko harremanetarako bitartekoak erantsitako koadroan daude laburbilduta.

Beasaingo azoka taula