Beasaingo Udal gobernuak covid 19aren eraginaren aurrean babes eta segurtasun neurriak indartzeko maskara berrerabilgarriak banatuko dizkie beasaindar guztiei doan. Banaketa errazteko, etxebizitza bakoitzetik pertsona batek jasotzea gomendatzen da 

Distantzia soziala eta higienea mantentzea betebeharreko neurriak badira ere, ezinbesteko babes neurria bilakatu da pandemia egoera honetan ahoa eta sudurra estaltzeko babesgarria. Hori horrela, joan den astean musukoen erabilera udalaz gaindiko agintariek derrigortu zutenean, udal gobernuak maskara berrerabilgarriak beasaindar guztiei doan banatzeko erabakia hartu zuen.

Udalak eskuratutako maskarak erabilera anitzekoak dira. 300 garbialdi jasateko gai diren kirurgiako maskara higienikoak datorren larunbatean, maiatzak 30, banatuko dira udalerriko bost toki ezberdinetan. 

Maskarak jasotzeko puntuak

Larunbat honetan goizeko 10:00etatik 12:00etara burutuko da maskaren banaketa. Ezkiaga auzoko Ezkierdi frontoian banatuko zaie kale hauetan bizi direnei: Oriako pasealekua, Zazpiturrieta, Arantzazu, Mateo Muxika, Ezkiaga etorbidea, Joan XXIII, Mariarats eta Lazkaibar auzoa.

Udalerriaren  erdigunean bizi direnentzat bi puntu jarriko dira; udaletxeko sarrera nagusiko arkupetan kale hauetakoei banatuko zaizkie: Kale Nagusia, Andra Mari, Martina Maiz, Igartetxe kalea, Jose Martin Arana, Bista Alai, Zaldizurreta, Esteban Lasa, Senpere, J. M. Iturrioz , San Inazio, Joan Iturralde, Dr. Fleming, Bideluze plaza, Karreratarren kalea eta Ugartemendi. 

Erauskin plazan aldiz kale hauetan bizi direnei: Erauskin kalea, Nafarroa etorbidea, Urbialde plaza, Oriamendi, Nekolalde eta Beasainmendi auzoa.

J.M. Barandiaran parkean jarriko den puntuan kale hauetako biztanleentzat: Garmendia Otaola, Martin Aranburu, Nabarro Larreategi, Foru, Mendeurren, Zapatari, Zelaeta berri plaza, Zelaeta kalea, Trenbide eta Barrendain plaza.

Eta azkenik Loinazpe ikastetxean; Loinaz auzoa, Anzizar auzoa, Igartzako plaza, Igartza Oleta, Usategi, Dolare, Katea, Peategi, Errementari bidea, Errekarte, Dulce Maria Loynaz, Anzizar kalea, Matximenta auzoa, Altamira, Garin auzoa, Gudugarreta auzoa, Arriaran auzoa, Astigarreta auzoa eta Salbatore auzoa.

Banaketarako herritarrez osatutako boluntario sarea

Eginkizun honetarako udal gobernuak herriko elkarte eta eragileengana jo du eta boluntario sarea osatzen ari da. Parte hartu nahi duen orok internet bidez eskuragai jarri den galdetegia bete beharko du izena emateko. Banaketarako jarriko diren mahaietan udalerriko etxebizitzen errolda egongo da eta bizitoki bakoitzean dauden pertsona kopuruaren arabera emango dira maskarak. Horretarako etxebizitza bakoitzetik pertsona bat bakarrik joatea gomendatzen da maskarak jasotzera.

Ekimen honekin udal gobernuak udalerriko biztanleria guztiak maskarak izango dituela bermatu nahi du. Honez gain, pertsonen arteko 2 metroko distantzia, eskuak maiz garbitzeko ohitura eta orohar higiene neurriak mantentzeko aholkuak gogoan izan ditzatela eskatzen die herritar guztiei. 

Bart gauean izandako gertakarien ondoren, Beasaingo Udalak bere haserrea eta ondoeza adierazi nahi ditu Zaldizurretako plazan pertsona talde batek izandako jarreraren eta jarduteko moduaren aurrean.

Jokabide hauek auzolotsa eta inpotentzia sortu dute Udal agintariengan, batez ere etengabe herritarrei koronabirusaren hedapena prebenitzeko gomendio eta arauen berri ematen aritu ondoren. Agerian geratu da kontzientziaziorako eta informazioa zabaltzeko ahaleginei entzungor egin diotela zenbaitzuk. Erakutsitako arduragabekeriak ez dauka inolako aitzakiarik eta jokaera hauek guztiz deitoragarriak dira. 

Koronabirusak eraginda duela hilabete jakinarazi zuen Udalak jaiak bertan behera geratu zirela. Helburu bakarra jende pilaketak saihestea izan da behin eta berriz eta hori bete ahal izateko herritarrek arduraz eta erantzunkizunez jokatzeko deia zabaldu du.  

Horrelako jarrera insolidarioek berriro gogora ekarri dizkigute koronabirusak eraginda hildako pertsonak, haien senideak, osasun arloko profesionalak eta oro har, prebentzio arauak betetzen saiatzen direnak; izan ere, guztion ahaleginarekin bateginik pandemia hau gelditu ahal izango da egungo alarma egoeratik irtetzeko.

Hala eta guztiz ere, udal gobernuak jakin badaki herritarren gehiengoa arduraz eta gizalegez jokatzen ari dela eta aurrerantzean gertaera honek gogoetarako balio izateaz gain prebentzio eta babes neurriak tinko betetzen jarraitzeko deia luzatzen zaie.

Udalerri garbiagoa eta txukunagoa bilakatzeko bidean garbiketa sistema berria jarri du Udalak abian eta Beasain Txukun! leloa daraman ibilgailua kaleetan ikus daiteke jada 

Beasaingo Udalak eskuratu duen baliabide honekin, herri eroso eta bizitzeko atseginagoa izateko helburuari jarraituz indartu du kaleetako garbiketa zerbitzua. Garbiketa sistema berria egunotan ari da sakon garbitzen eremu publikoetako lurzorua.

Dekapatu zerbitzuak, lurzoruaren gaineko geruza zikina errotik garbitzen du. Ura eta garbikariak presio handian jaurtiz eta zorua eskuilatuz funtzionatzen du ibilgailuan dauden bi presio-bonbei esker (250 bar-etaraino iritsi liteke lanean). 

Urtean zehar, herriko espaloi eta espazio irekietako zoruak pasatzea da helburua eta horretarako egituratuta dago urte guztirako antolaketa.

Konfinamendu egoera baliatuz, azken asteetan udalerriko erdigunean ibili da lanean ibilgailua dekapatzeko makinez lagunduta. Izan ere jende gutxiago kaleetan ibiltzeak lan hau erraztu du. 

Lan erritmoari dagokionez aise eta arin ari dira kale garbiketako langileak. Barrendain plaza eta Iturriotz kaleko eremua 30 eguneko epean egiteko asmoa zen baina lehenago bukatzea espero da. Emaitza begi bistakoa gertatzen ari da. Zikina kentzeak jatorrizko itxura ekarri bait du hainbat lekuetan. Zer esanik ez sistema berria honekin lana errazteaz gain eraginkorragoa eta arinagoa bihurtu dela.

Desinfektatze lanak

Koronabirusak eragindako alarma egoera ezarri zenetik, garbiketa zerbitzuak udalerriko hainbat lekuetan desinfektatze lanak indartzea ekarri zuen. Bereziki jendea eta herritarrak gehien mugitzen diren lekuetan; hala nola, dendak aurkitzen diren merkatal eremu eta kaleak, Arana kalea (bi aldiz egunean), igogailu publikoak, edota osasun etxea, non egunero egin da garbiketa eta desinfektatzea. Udalak bertako arduradunen esker ona jaso du egindako lanagatik. Eginkizun hauetara gehitu diren langileez gain, ureztatzeko kamioia, erratz-makinak (ura eta garbikariekin) eta desinfekziorako motxila erabili dira eginkizun hauetarako.

dekapatua 1Garbitutakoa eta garbitu gabekoaren arteko aldea ikus daitekedekapatua 1

Jaiak bertan behera geratu baziren ere, datozen egunotan erantzunkizunez, errespetuz eta egoerak eskatzen duen tamainan erantzungo dutela herritarrak espero du Udalak

Orain arte beasaindarrok erakutsi dugun jokaera hein handi batean zuzena eta txalotzeko modukoa izan da. Pixkana, osasun alertak eragindako konfinamenduaren leuntzean sartu garenez, norberaren ardura eta konpromisoarekin jarraitzea ezinbestekoa da. Horregatik Beasaingo Udalak herritarrei orain arte bezala alarma egoerak ezarritako arauak errespetatuz jarraitzeko deia egiten die. 

Jakina da duela hilabete koronabirusak behartuta Loinatz jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuela Udalak. Orain, eta kalera irtetzeko baimena murritza den arren, jai gogoz dago jendea. Horren aurrean, Udalak orain arte lortutakoari tinko eusteko mezua zabaldu nahi du. Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du eta Udalaz gain ezarritako aginduak indarrean jarraitzen dute. Horregatik, guztion ardura da arauak betetzea. Denon esku dago alarma egoera honetatik irtetzeko bidean aurrera egitea.

Komeni da ez ahaztea duela gutxi, gaixotasunak eraginda bizi izan genuen egoera gordina. Hori horrela, datozen egunetan eta asteburuan bereziki sor litezken egoerei aurrea hartuta, Udalak gogorarazten du jende pilaketak saihestu behar direla eta arauek diotena jarraituz, gaueko 23:00etarako herritarrak etxean egon behar dugula. 

Honi lotuta, herritarron arteko bizikidetza eta errespetua mantentze aldera, orduz kanpo etxebizitzetan neurrigabeko zarata eta soinurik ez egitea eskatzen da. Konfinamendu egoera honetan gehien sufritzen ari direnei begirunea izatea giza legez jokatzea bait da.  

Beasaingo bandera balkoian

Loinatz jairik ez da izango ezagutzen diren moduan jende pilaketarik ezin delako eman. Dena den, han hemenka herriko elkarte eta eragileen eskutik, etxeetan eta balkoietan Loinatz jaiak ospatzeko ekimenak antolatzen badabiltza. Beasaingo Udalak jaien datak izan behar luketenak nola edo hala gogoratzeko, Beasaingo banderaren irudiak salgai jarriko ditu 5 euroan Bareak merkatarien eta ostalarien elkarteko establezimenduetan eta bildutako diruaren zati bat elkartearentzat izango da. Larunbat honetan goizean 13:00etatik 14:30era eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara Udaletxeko arkupetan salgai jarriko dituzte.