EHBilduk aurkeztutako mozioarekin, herritarrak engainatzen saiatzea leporatu zion Udal Gobernuak koalizioari. Aldundiak udalei egin dien diru banaketaren murrizketa alde bakarreko erabakia dela aipatzea okerra zela nabarmendu zuen eta mozioaren aurka bozkatu zuen

Gai-zerrendako beste gai batzuen artean, Covid 19ak eragindako ondorioei aurre egiteko kreditu gehigarriak onartu ziren eta Maddi Imaz zinegotziak bere kargua utzi zuen

Modu telematikoan egin zen maiatzeko osoko bilkuran, EHBildu udal taldeak mozioa aurkeztu zuen Beasaingo Udalak Foru Aldundiari, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren itzulketa negozia zezala eskatuz. Aurkeztutako idatzian, Aldundiak udalei egiten dien diru banaketan %20ko murrizketa aplikatzea aldebakarreko erabakia zela aipatzen zen. 

Gobernu taldeak aipamen hauek okerrak direla nabarmendu zuen. Alkateak bere azalpenean argitu zuen itzulketa ez dela Aldundiaren erabaki baten ondorio. “Azken hiru urteetan adibidez, emaitza positiboa egon denean, orain erabili den formula berbera eta elkarlan berbera erabili dira. Aldiz, aurreikusitakoa baino gutxiago jasotzen bada (Foru Aldundiak iada kalkulatu du sarrerak %20an jeitsiko direla), itzultzea tokatuko zaigu”. 

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa hiru erakundeen arteko (Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udalak) akordio batean oinarrituta dago, eta akordio horren bidez erabakitzen da zerga bilketaren bitartez Foru Aldundiak jasotakoa Udalei nola banatu.

Urte bati dagokiona, urte horren haseran aurreikusten da eta hurrengo urteko otsailean likidatzen da. Udal Gobernuak adibidez, aurrekontuetan ez zuen Aldundiak aurreikusitakoa jarri diru-sarrera moduan, gutxiago baizik. Era horretan eta zuhurtziaz jokatu zenez, aurrekontuetan, aurreikusitakotik %10a jeitsi beharra suposatuko du. 

Ondorioz, alkateak gaineratu zuenez, “ez da mozioan aipatzen den bezala aldebakarreko erabakia, hiru erakundeen artean hitzartutakoa baizik. Hori horrela, krisi egoera honek zuzenean eragingo die finantza egoera zailean dauden udalei, edo aurreikuspenetan zuhurtziaz jokatu ez dutenei, foru araua betetzeko zailtasunak izango bait dituzte”. 

Udalaren egoera ekonomikoa ona

Hori ez da Beasaingo Udalaren kasua izan. Zuhurtziaz jokatu izanaren ondorioz, %10 itzuli beharko da eta kontuak osasuntsu edukitzeak, horretarako ahalmena ematen dio Udalari. Hori horrela, gobernu-taldeak mozioaren aurka bozkatu zuen. Talde sozialista, bere aldetik, abstenitu egin zen. Taldeko bozeramailearen esanetan, azken asteetan mahai bat osatu da hainbat udalek eta gainerako erakundeetako ordezkariez osatua. Bertan aztertuko dira Foru Aldundiaren eta udalen arteko krisiaren aurkako politikak eta finantza-egoera zailean dauden udalen itzulketen kudeaketa. Mozioa ez zen onartua izan aurkako 9 botuekin (EAJ-PNV), 2 abstentzio (PSE) eta aldeko 4 (EHBildu).

Covid 19ak eragindako kalteei aurre egiteko  diru-laguntza gehigarriak 

COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko diru-laguntzak onartu ziren aurkako EHBilduren botoekin eta EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. Diru-laguntzak, merkatarientzako bonoak eta babes neurriak hartzeko eta gizarte larrialdietarako planteatu ziren. Horrez gain, aurrera begira herritarrentzako banatu diren maskarentzako ere dirua jarri beharko zela aipatu zuen Aldasoro alkateak. 

EHBilduk aurka bozkatzearen arrazoia, beraiek beste planteamendu bat egin izana arrazoitu zuten. Alkateak, Udaleko hiru alderdiak batzen dituen horretan begiak jartzea egokiagoa dela adierazi zuen eta bozkatutakoa, denek amankomunean dutena dela.   

Maddi Imazek zinegotzi kargua utzi du

EHBildu udal taldeko Maddi Imaz zinegotziak bere karguari uko egiten zuen idatzia aurkeztu zuen. Horren arabera, bere erabakia, “justifikaziorik ez duen egindako arduragabekeria baten” ondorioz izan dela adierazi du. Arrazoi horrengatik barkamena eskatzen du idatzian bere udal talde zein Beasaingo herriari eta era berean eskerrak ematen dizkie bere taldekideei jasotako laguntzagatik. 

Babes eta segurtasun neurriak betez burutuko da eta azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da erosleen artean

Koronabirusak hala behartuta denboraldi batean hileko lehen larunbateko azoka bertan behera geldituta egon ondoren, larunbat honetan, ekainak 6, berriz ere martxan izango dugu garaian garaiko bertako produktuen azoka berezia. 

Itzulera honetan, ilarrak eta kalabazinak izango dira produktu izarrak eta hurrengo azokan ia udako produktuak eskuratzeko aukera izango da, besteak beste, tomatea. Honetaz gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, gazta, eta artisautza produktuak. 

Larunbat honetan bertako produktuen azoka segurtasun eta babes neurriak hartuta burutuko da, hala nola maskara, pertsonen arteko distantzia eta higiene arauak bete beharko dira. Ekintza tailer didaktikoa eta trikitilarien musikarik egongo ez bada ere 10:00etatik 14:00etara egongo da azoka zabalik. 13:30ean azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egindakoen artean.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.

Bi Udal zerbitzuek ekainaren 3an irekiko dituzte ateak modu seguruan eta agintariek ezarritako osasun eta babes neurriez gain udaleko prebentzio enpresak egindako ikuskapenaren bermearekin 

Beasaingo Udalaren eraikin eta zerbitzu publikoak babes eta neurri berezien baldintzapean berriz irekiko dituzte atea. Koronabirusaren ondorioz ezarri zen alarma egoerak eraikin publiko guztien itxiera ekarri zuen eta orain honen leuntzeak ekarritako egoera berriak zenbait baldintzekin ateak irekitzeko aukera eman du. 

Honela bada, Beasaingo Liburutegia datorren asteazkenean, ekainaren 3an irekiko da. Erabilera neurriak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Osalanek liburutegientzako prestatutako protokoloa jarraitu da eta Udaleko prebentzio enpresaren ikuskapenak emandako oniritziarekin zerbitzua ematen hasiko da. Aipatu behar oraingoz, mailegu eta itzulketak egiteko aukera eskainiko zaiela erabiltzaileei; bertan irakurtzen, ikasten, eta ordenagailuetan ibiltzen egoteko aukerarik ez da izango, momentuz. Honakoak izango dira jarraitu beharreko neurriak:

Igartzako Monumentu Multzoan bisita gidatuak egiteko aukera berriz ere 

Bisitarien segurtasuna bermatuz, osasun, babes eta egokitzapen neurri guztiak hartuta, Igartzako Monumentu Multzoak ere, ekainaren 3an, asteazkenean, irekiko ditu ateak. 

Udako ordutegiarekin irekiko dira ateak:

Asteazkenetik igandera: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Egunean zehar 11:30ean, 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan bisita gidatuak eskainiko dira egunero talde txikietan. 

Bisitaldiaren ibilbidea ere alarma egoeraren leuntze faseak ezarritako baldintzetara egokitu da beste talde batzuekin ez topatzeko, izan ere helburu nagusi eta bakarra bisitak modu atseginean eta seguruan egitea da. 

Alarma egoerak dirauen bitartean eta leuntze faseak aurrera doazen einean bisita gidatu tematikoak, erakusketak eta tailerrak eskaintzeko asmoa dagu gure ondarea ezagutzera emateko asmoz. 

Ekainaren 1ean edukiontzi marroietako sarrailak berriro aktibatuko dira eta hondakin organikoa bertan botatzeko txartela beharko da

COVID-19 dela eta, martxoaren 17n errefusa, organiko eta pixoihalentzako edukiontzietako sarrailak eta landa eremuetan dauden birziklaguneetako eta etxoletako ateak desaktibatu ziren, txartelik gabe noiznahi ireki ahal izateko.

Sasietatik jakinarazi dutenez, pixkanaka sarrailak berriro aktibatuko dira eta txartela beharko da edukiontziak irekitzeko. Hasteko, hondakin organikoak uzteko edukiontzi marroietako sarrailak aktibatuko dira ekainaren 1etik aurrera. Oraingoz, edukiontzi grisak eta pixoihalenak irekita jarraituko dute txartela beharko dela jakinarazi arte.

Norbaitek txartela galdu baldin badu 943 16 15 55 telefonora lehenbailehen deitzea komeni da beste txartel bat bidaltzeko.