Irakurzaletasuna herritarren artean zabaltzeko aurtengo kanpaina aurkeztu dute udal ordezkariek

Haurrak, gazteak, helduak, familiak eta hezitzaileak kontuan hartuz, ipuin kontaketak, irakurle taldeak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta solasaldiak biltzen dituen egitaraua ondu dute 

Udal bibliotekaren eskutik, Beasaingo Udalak herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak pdf egitarau (525 KB) zabala antolatu du aurten ere. Urtez urte, sendotu eta egonkortu den kanpaina honek kultura eta irakurzaletasuna sustatzeko konpromisoari eusten dio. 

Udal bibliotekan egindako aurkezpenean, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta Herritarren arloko buruak, Rebeka Piñeiro bibliotekako arduradunak eta Ane Barandiaran euskara teknikariak, kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte antolatu diren ekitaldien egitarauarekin batera. 

Helburu nagusiak

“Ireki liburuak begiak irekitzeko” leloari eutsiz, Mariola Pascualek irakurketak egungo gizartearen ikuspegi zabalagoa garatzeko duen garrantzia azpimarratu nahi dela azaldu du. Udal bibliotekak bultzatuta, hainbat ekintza eta egitasmo antolatu dira helburu nagusiak ondorengoak izanik: euskal kultura sustatzea, euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta bidenabar euskarazko literatura ezagutaraztea. Baita ere udal liburutegiaren dinamikak herritarren kultur beharretara egokitzea. Gai sozialak lantzea eta eskaintza anitza izatea eta ekintza eta egitasmo ezberdinak antolatzea, bai banakakoak bai taldekakoak. 

Adin guztientzako egitaraua

Osatu den egitaraua, martxoaren 7tik apirilaren 30era luzatuko da eta guztira egitaraua osatzeko 16 ekitaldi antolatu dira, denak irakurzaletasunaren inguruan. Horretarako hainbat formatu erabili dira haurrak, gazteak, helduak, familiak, hezitzaileak kontuan hartuko dituenak. Esaterako , ipuin kontaketak, irakurle taldeak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta solasaldiak. 

Irakurle taldeen garrantzia

Ane Barandiarenen hitzetan, aurtengo egitarauan irakurle taldeek presentzia garrantzitsua izaten jarraituko dute. Izan ere, iazko haur eta familientzako irakurketa kluba aurten bi taldeetan banatu behar izan da eta, orotara, 26 familia inguruk parte hartzen dute bertan. Hilabetean behin biltzen dira Udal liburutegian, irailean hasita eta maiatzera arte.

Horretaz gain, Beasaingo helduen ohiko irakurle taldeak ere aurrera jarraitzen du, Aintzane Usandizaga idazlearen gidaritzapean. Talde hau ere Udal liburutegian biltzen da hilabetean behin, asteazken batean, urritik ekainera arte. Kasu honetan, interesa dutenek saio solteetan ere  parte hartu ahal izango dute.

Irakurle taldeei dagokionez, beste bi irakurle talde aipatu nahi izan ditu Barandiaranek: alde batetik, Urbi berriko egoitza sozialeko taldea, iaz osatu eta oraindik martxan dirauena (bertako kideak euren instalazioetan biltzen dira ostegunetan), eta bestetik, ASMUBEko (Beasaingo Emakumeen Elkartea) irakurle talde feminista. Hau da, botere-harremanak eta genero-estereotipoak zalantzan jartzen dituzte eta  parte-hartzaileek beren bizitzetako hainbat alderdiri buruzko hausnarketak egiten dituzte.   Aurten talde honek dinamizatzaile berri bat du: Sandra Agúndez eta ASMUBEko bulegoetan elkartzen dira.

Beasain idazle gazteen harrobi

Horiez gain, Barandiaranek denboraren poderioz egonkortuta dauden bi egitasmoetan azpimarra egin du emaitza oparoa eman dutenak.

Alde batetik, idazle gazteentzako Igartza literatur beka-saria. Jakin, martxoaren 13an aurkeztuko dela 25. edizioko irabazlea izan zen liburua,  Lizar Begoñaren “Mundu Zitalaren kontra” eta dagoeneko martxan dagoela 27. edizioa ere. Ekainaren 30a arte izango dute proiektuak aurkezteko aukera.

Eta bestetik, “Beasaingo idazlehiaketa”. 34 urtez, urtetik urtera Beasaingo eta Goierriko haur eta gaztetxoek parte hartzen duten idazlan lehiaketa. Bertan prosa, poesia eta bertsoak saritzen dira. Dagoeneko lanak entregatuta dituzte eta apirilaren 20an banatuko dira sariak.

Emozioen lanketa eta ekintza berriak

Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduradunak aipatutako ohiko ekintza guzti hauetaz gain, aurtengo egitarauan sartu dituzten ekintza berriez aparte, iazko “Emozioen saltsa” lantegiaren jarraipena iragarri du. Saio hauetan, haur eta gazteek literatura bidelagun dutela, emozioen aferarekin topatzen dituzten zailtasunen inguruan hausnartzen dute. Iaz batez ere, hezitzaile, guraso eta irakasleek parte hartu zuten, baina edonori zuzendutako tailerra da. Bideratzailea Mireia Delgado Exposito da eta emaitzak onak izan zirela kontuan hartuta, beste bi saioa gehiago eskaintzea egoki ikusi da. Horietako bat apirilaren 30ean izango da, eta bestea maiatzaren 28an.

Bestalde, aurtengo egitarauan hiru ekintza berri azpimarratu ditu bibliotekako arduradunak:

Lehenengoa liburu trailer lehiaketa da. Martxoaren 8a abiapuntu gisa hartuta, feminismoa, tratu onak eta bizikidetza lantzen dituen bibliografia proposatu dute.

Liburu hauek lantzeko, bi kategoria aurreikusi dituzte; bat 12 urtetik gorako haurrei zuzenduta eta bestea 12 urtetik gorako gazteentzat. Banaka edo taldeka liburu bat aukeratu eta gehienez 3 minutuko iraupena duen bideo bat sortu beharko dute. Bideo horretan, testua, ahotsa, musika eta, oro har, irudimena erabili beharko dute. Bideoak Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora bidali beharko dituzte, apirilaren 17a baino lehen. Sari banaketa, apirilaren 23an izango da, Nazioarteko Liburuaren Egunaren bueltan eta bi kategoria daudenez, bi sari ere badaude:

12 urtetik beherako partaideen artean, irabazlearentzat edo irabazleentzat, Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 80 euroko balioa duen bonua emango zaie. Horretaz gain, aipamen berezia jasoko duen bigarren saria ere egongo da eta honi edo hauei Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 50 euroko balio duen bonua egokituko zaie.

12 urtetik gorakoen kasuan, berriz, lehenengo saria 100 euroko bonua litzateke, aurrekoek bezala, Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko. Aldiz, aipamen berezia jasotzen dutenei 80 euroko bonua egokituko zaie. Haur eta gazteak, parte hartzera animatu dituzte.

Bigarren ekintza berria, “Azken galdera amari” ipuinaren aurkezpena da, Manex Beristainen eskutik. Liburu honen berezitasuna da heriotza eta dolua lantzen dituela. 9 urteko ume bat da ipuinaren protagonista eta sentiberatasun osoz bere amaren heriotzaren aurrean egindako prozesuaz mintzo da. Egilearen esperientzia pertsonalean oinarrituta dago. Euskal Herriko hainbat liburutegietan eta kultur etxeetan oso harrera ona izan du. Aurkezpena Udal liburutegian izango da eta kasu honetan, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, beti ere heldu baten laguntzarekin.

Ekintza berrien artean ere “Gora Euskal Herrientsak” saiakera grafikoaren aurkezpena izango da, Igartzako jauregian, apirilaren 17an. Kasu honetan egilea, Asisko Urmeneta Otsoa, Beasainen izango da. Edonola ere, aipatu nahi dugu lan honetan Asiskok Dom Campistron ilustratzailearen laguntza izan duela. Berak barruko mapa eta 1924ko manifestua ilustratu ditu.

Liburu honek kulturaren transmisioan aitzindariak izan ziren 5 errientsaz edo eskola maistraz mintzo da. Era berean, Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontziente eta herrizaleen lana aldarrikatzen du.

Komikiaz baliatuz, Asiskok Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzeko dokumentazio lan bikaina egin du. Hartara, ez da harritzekoa arrazoi hauengatik eta gehiago Central Comics (Portugalgo komiki atal digitalak) bere lana saritu izana. 

Ekitaldi guztiak euskaraz eta doan

Amaitzeko, Mariola Pascualek gogoratu du ekintza guztiak doakoak eta euskaraz izango direla eta hauetako batzuetan parte hartzeko, aldez aurretik liburutegian  izena eman beharko dela. Eskerrak emanez, jende guztia ekitaldietan parte hartzera animatu ditu.

ireki liburuak aurkezpena2

Maria Hernandez Rodriguezek 100 urte bete ditu gaur. Leire Artola alkatea eta Mariola Pascual ongizate saileko buruaren bisita jaso du. Ohiturari jarraituz, oroimenezko plaka eta lore sorta oparitu diote. Biloba eta birbilobaz inguratuta beasaindar guztien zorion agurra ere helarazio diote. Zorionak Maria!

maria hernandez 100 1

Aldaxkak egiten irakatsiko da tailerraren orduan eta herriko ikasleen laguntzarekin sortutako azokako bonuak salgai egongo dira larunbat honetan ere; 10 euro erosi eta 20 gastatu

Bertako eta garaian garaiko produktuak eskuratzeko hileko lehen larunbateko azokak negu sasoiko elikagaien eskaintzarekin jarraituko du. Martxoaren 2an irekiko dituzte ateak hitzordu honetan kokatzen diren postuak.   

Tokiko produktuen azoka sustatzen eta indartzen ahalegina eginez, urtaro honi dagokion barazkiak nagusi izango dira postuetan. Bertakoak eta garaian garaiko, “0” Kilometroko elikagaiak. Hala, besteak beste, baratxuri freskoa, azalorea, aza, azelga eta ziazerbak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Azokako erosketa bonuek jarraitzen dute

Beasaingo Udala Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeekin batera elkarlanean ikasleek proposaturiko ideiarekin jarraituz, azokan erosketak egiteko ohitura bultzatu eta bertako ekoizleak laguntzea helburu duten erosketa bonuak salgai izango dira larunbat honetan ere. Lau ikastetxeek parte hartu dute Erosketa bonu hauen diseinuan. Bonuak 20 eurokoak dira, erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10 euroak jarriko ditu honela 20 euro gastatu ahal izateko. Bonu bakoitza 5 euroko lau zatitan banatuta egongo da eta pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez.  

Aldaxkak egiten ikasi

Tailer didaktikoa da azokaren inguruan antolatzen den egitarauaren ekimen interesgarrietako bat. Azokan saltzen diren produktuak oinarri hartuta, ekoizleek eskainitako ikastarotxoa izan ohi da ardatz eta oraingo honetan Iñaki Azanza landare-saltzailearen eskutik Aldaxkak nola egin ikasi ahal izango da. 

Aldaxkak egitea lorezaintzako oinarrizko tekniketako bat da. Praktika herrikoia baino gehiago, landare jakin bat zabaltzeko aukera ematen diguna. Hala ere, itxuraz erraza izan arren, aldaxkak arrakastaz egiteko moduak badu bere mamia. Edo, hobeto esanda, bere trikimailuak. Izan ere, landare guztiek ez dute aldaxkak egitea onartzen, eta landare-espezie motaren arabera ere ez dira modu berean egiten.

Begiratu batean, aldaxkak egitea landare bateko zurtoin bat moztea da, beste bat berdin-berdina lortzeko. Horra teoria. Praktika oso bestelakoa da, ebaketak berak erabakitzen baitu gure etorkizuneko landarearen arrakasta. 

Egitaraua

Larunbat honetako azokako egitaraua beraz, hauxe izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera   
  • 11:30 Aldaxkak (eskejeak) egiten ikasteko tailerra Iñaki Azanza azokako ekoizlearen eskutik
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.       
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.       
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean. 

IMG 0774

Emakumeen eskuz binakako txapelketa profesionaleko bi partida jokatuko dira Antzizar kiroldegian 

Udalak kirola eta berdintasuna uztartu, Euskal Herriko emakume pilotari profesionalei ikusgarritasuna eman eta afizioa sortzea du helburu  

Kirola eta berdintasuna uztartuz, emakume pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren bi partida zuzenean ikusteko aukera izango da igande honetan goizeko 11:30etik aurrera Antzizar kiroldegian. Beasaingo Udala eta Ados pilota elkartearen lankidetzari esker, lehen mailako emakume pilotarien arteko neurketa bertatik bertara jarraitu ahal izango da. 

Antzizar kiroldegian burutu den aurkezpenean Leire Artola alkatea, Elena Ruiz kirol zinegotzia, eta Ados emakumeen pilota elkarteko (emakume pilotari profesionalak biltzen dituen elkarte bakarra) ordezkariak, Maite Ruiz de Larramendi eta Oihana Orbegozo izan dira xehetasunak ematen.

Emakume profesionalen txapelketa

Txapelketa Beasainen jokatzeak hainbat helburu betetzen dituela adierazi du Leire Artola alkateak; Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa du udal gobernuak. Berdintasunaren aldeko bidea denok elkarrekin egin behar dugula normaltasunez erantsi du alkateak. 

Emakume pilotariak profesional izateko bidea urratu du Ados elkarteak pilotan ere parekidetasuna lortze aldera. Hirugarren urtea da gutxienez Ados elkarteak Beasainen emakumeen pilota partiduak antolatu dituela. 

Ekitaldi honekin bezala, udal arduradunek azpimarratu nahi izan dute pilotan bezala beste kiroletan emakumeen presentzia bermatzeko antolatu direla ekitaldiak. Hala nola futbolean, pilotan duela bi urte Master Cup txapelketa, herri kiroletan Urrezko aizkolarien ekitaldian, txirrindularitzan, saskibaloian eta atletismo probetan San Silbestre krosean sariak berdinduz. 

Lehia estuko txapelketa

Emakumezkoen binakako pilota txapelketak ligaxka bigarren itzulian aurkitzen da jada. Zazpi bikote daude elkarren artean lehian eta joaneko eta itzuliko partidak jokatzen ari dira. Zazpi bikotetik laur pasako dira final erdietara eta oso parekatua izaten ari da txapelketa Ruiz de Larramendi eta Orbegozoren hitzetan. “Lehen lau bikoteak nortzuk izango diren jakitea ez da batere erraza”. 

Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak aurrez aurre izango dira igandean Beasainen, hauen artean Maite Ruiz de Larramendi Mujika beasaindar jatorria duena eta Beasain Kirol Sarietan ohorezko kirol ibilbideari saria jasotakoa iaz. Jaialdiari buruzko argibideak xehetzerakoan antolakuntzako ordezkariek azaldu dute jaialdia igandean martxoaren 3an, 11:30ean hasiko dela. Ordu erdi lehenago pilota eskolako haurren partiduak jokatuko dira. Txapelketako bi partiduak hauek izango dira, Etxekolonea eta Mendiburu, Etxebeste eta Zabalaren aurka. Eta bigarren partiduan, Arrieta eta Ruiz de Larramendi Mujika, Ruiz de Infante eta Galeanoren aurka. Frontoian emakume onak ere badirela, afizioa sortu eta jendea pilotalekuetara erakartzeko, nabarmendu dute antolatzaileek. 

ados pelotajpg

kartela pilota emakumeak