Jolasaren bidez kalean eta parkeetan haurren artean euskararen erabilera sustatzeko ekimena martxan da 

Lau asteazkenetan, Iturralde parkean burutuko dira jolas-saioak 16:45etik 18:45era bitartean. 3tik 9 urte arteko haurrei zuzenduta dago

Ikasturte honetako bigarren aldian itzuli da Parketarrak ekimena. Udalak, Hezten elkartearen bitartez, kalean eta batipat parkeetan, haurren artean euskararen erabilera handitzea du helburu. Joan den udazkenean (urrian) bezala, udaberrian errepikatuko dira lau asteazkenetan jarraian euskaraz jolasteko saio gidatuak. 

Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Iturralde parkean (euria izanez gero Loinazko San Martin plaza azpian) jolas saioak burutuko dira. Honela, apirilak 10, 17, 24 eta maiatzaren 8 izango dira ekimena burutuko diren egunak. Egitasmo honek, adinaren arabera, bi saio ezberdinetan banatuta egongo da.

Zabu Zibu izenekoa, 16:45etik 17:45era burutuko da eta 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako izango da. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea.

Eta bigarrenik, Txirrintxon deiturikoa. 17:45etik 18:45era izango da eta 6-9 urte bitarteko haurrei dago zuzendua.

Euskaraz jolastea helburu

Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, asteazkenean hasi eta astean behin, beasaindar txikienen aisialdian euskararen erabileran eta ezagutzan eragiteko jarduera abiaraziko da berriz.

Udal gobernuak legegintzaldiko helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duten egitasmoei segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin, elkarteekin eta eragileekin elkarlanean, haur eta gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran jarduerak, ekimenak eta zerbitzuak eskaintzea du xede. Hargatik, guztien lankidetzarekin euskararen erabilera handitzea lortu nahi da horretarako deialdi berezia egin nahi da guraso, ikastetxe eta familiei jarduera honetan ere parte hartu dezaten. 

Zuhaitz eguneko landaketan parte hartu dute herriko lau ikastetxeetako ikasleak udal ordezkariekin batera

Ingurumena babestu eta zaintzeko helburuak duen garrantzia zabaltzeko konpromisoarekin lotuta dagoen ekitaldia errepikatu dute udal ordezkariek herriko ikasleekin. Murumendi Eskola, La Salle, Andramendi ikastola eta Alkartasuna Lizeoko ikasleekin burutu dute zuhaitz landaketa Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia alkateordeak. Udalak Beasaingo gazteengan eragin nahi du ingurumenarekiko sentsibilizazio eta errespetuan sakontzeko. Era berean, ekimen honekin Garapen Jasangarriko helburu hauek betetzen dira; hiri eta komunitate jasangarriak sustatzea eta klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemetako bizitzan eragitea. 

Hori horrela, aurten ere Sagastiguti parkea aukeratu da zuhaitz landaketa egiteko. Guztira, ikasle adina zuhaitz landatu dituzte Beasaingo herri-gunetik gertu dagoen aisialdirako gune berde honetan, orotara 23 urki. Ikasle gehienak lehen hezkuntzakoak izan dira.  

Udal zerbitzuetako arduradun eta langileek lagunduta, ikasleek banan banan kokatu dituzte aldez aurretik egindako zuloetan zuhaitzak. Zuhaitz egunaren baitan burututako ekimenarekin gaztetxoak natura babestu eta zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi dira. Ingurune berde eta zainduak sortu eta mantentzea du helburu Udalak eta horretan eragin du gaurko zuhaitz landaketak.   

Ekimena hasi aurretik, alkateak ingurugiroa eta honen babesa egungo eta etorkizuneko erronka direla adierazi du. Izan ere, Klima Aldaketaren ondorioek bereziki eragingo die datozen belaunaldiei eta ezinbestekoa suertatzen da gaurtik pauso irmoak ematen hastea. Legealdi planaren ardatz nagusietako bat izanda, Udalak lanean jarraitzen du berebiziko garrantzia duen gai honi lotutako ekimenak aurrera eramanaz. Besteak beste, datozen urteetako proiektu eta esku-hartzeak egituratuko dituen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako plana. Horretaz gain, aurtengoan, ibaien garbiketa eta landare espezie inbaditzaileen erauzketa proiekturari jarraipena emango zaio.

zuhaitz landaketa 2024 2

zuhaitz landaketa 2024 3

zuhaitz landaketa 2024 5

zuhaitz landaketa 2024 6

zuhaitz landaketa 2024 7

zuhaitz landaketa 2024 8

zuhaitz landaketa 2024 1

Azoka eta bertako produktuen onurak ikasleei ezagutarazteko helburuarekin jarraituz, azokako bi ekoizleen lantegiak ezagutzen izan dira aurreko asteetan

Larunbat honetako azoka berezian ilarra eta babak izango dira nobedade nagusiak eta Beñat Telleriak gazta nola egin irakatsiko du. Azokako bonuak ere salgai izango dira

Bertako eta garaian garaiko produktuak eskuratzeko hileko lehen larunbateko azoka apirilaren 6an itzuliko da. Negu sasoiko elikagaien eskaintza nagusi izaten jarraituko du eta nobedade nagusiak ilarra eta babak izango dira. Horiez gain, azelgak, letxugak eta azak ere euren tokia izango dute postuetan. 

Ziur honen berri badakitela herriko ikastetxeetako ikasleak. Izan ere, otsailean eta martxoan, Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeekin eta Osakidetzarekin batera aurrera daramaten ekimenei esker azokako bi ekoizleen txokoak ezagutu zituzten eta elikagaiak nola ekoizten dituzten ikusten eta ikasten izan ziren. 

Elikadura osasuntsuaren garrantzia

Bertako azoka eta produktuak ezagutarazi nahian eta azoka ingurura hurbiltzen den sarea handitzeko asmoz batetik, eta bestetik, Eskolako Agenda 2030eko proiektuaren baitan, azokan saltzen diren bertako produktuek elikadura osasuntsuarekin duten lotura estua azaldu nahian hainbat ekimen burutuko dira aurten. Dagoeneko horietako batzuk burutu dira. 

Osakidetzak, BPSO programaren bitartez, haurren obesitatearen programan oinarrituta Beasaingo ikastetxeetako LH6.mailako ikasleei gosari osasuntsuak egiten ikasteko tailerrak eskaini zizkien eta gurasoei ere zuzendutako saioak eman zituen.

Bestalde, Amaia Aierbe nutrizionista bidelagun zela, ikasleek larunbateko azokako bi ekoizleen txokoak eta horien lana bertatik bertara ezagutu dute. Hain zuzen ere, ikasleak Josetxo Mendiaren Altzibar baserriko baratzean eta Beñat Telleriaren Odio baserriko gaztandegian izan ziren otsailean eta martxoan eta bertako nondik norakoak ezagutzeaz gain, Josetxoren baratzean letxugak landatu eta Beñaten gaztandegia ikusi eta bere txahalak ezagutzeko aukera izan zuten. Alkartasuna Lizeoa, Andramendi ikastola, La Salle eta Murumendi eskolako LH6.mailako ikasleek partu hartu zuten irteera hauetan.

Beasaingo azoka eta bertako ekoizleak balioan jartzeko helburu hau elikadura eta kontsumo ohiturekin lotzen da. Belaunaldi berriek, elikatzeko ohitura osasuntsuak barneratu ditzaten, bertako eta garaian garaiko produktuak ezagutuz eta lehenetsiz.  

Gazta nola egin

Honi lotuta aipatu larunbat honetako azokan Beñat Telleriak gazta nola egiten den erakutsiko du 11:30ean azokan bertan izango den tailerrean. Beñat Telleria abeltzain gaztea da, eta behi-gazta ekologikoa ekoizten du, Telleria gaztandegian fleckvieh arrazako behi-esnearekin egina.

2019an hasi zen lanean Mutiloako Odio familia-baserrian, eta bertan ari da, alde batetik, ekologikorekiko eta kalitatezko elikagaiak eskuz egiteko kontzientziarekin eta bestetik, baserriaren buruaskitasuna lortu nahian. Horretarako, Beñatek ekoizpena bi motatako produktuetan banatu du: gazta eta haragia, biak ekologikoak. Saltzen dituen gazten artean gazta urdina ere badago eta intxaurrak ere saltzen ditu. 

Azokako erosketa bonuek jarraitzen dute

Beasaingo Udala Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeekin batera elkarlanean ikasleek proposaturiko ideiarekin jarraituz, azokan erosketak egiteko ohitura bultzatu eta bertako ekoizleak laguntzea helburu duten erosketa bonuak salgai izango dira larunbat honetan ere. Lau ikastetxeek parte hartu dute Erosketa bonu hauen diseinuan. Bonuak 20 eurokoak dira, erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10 euroak jarriko ditu honela 20 euro gastatu ahal izateko. Bonu bakoitza 5 euroko lau zatitan banatuta egongo da eta pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez.  

Egitaraua

Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera   
  • 11:30 Gazta egiten ikasteko tailerra Beñat Telleria gazta ekoizlearen eskutik.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.       
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.       
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.  

IMG 20240319 WA0005 azoka beñat gaztaBeñat bere gaztak erakusten gaztetxoei

IMG 20240319 WA0008 azoka gaztetxoak beñatOdio baserriko ikuilua

IMG 4315Gosari osasuntsua erakusten

 

Martxoaren 27tik apirilaren 14ra arte bozketa bidez 6 kartel hautagaien artean bozkatzeko aukera dute herritarrek 

Loinatz jaiak iragarriko dituen kartelaren aukeraketa azken txanpan aurkitzen da. Kartel nagusiak jaiak iragarriko baditu ere haurrek egindakoa ere izango da aukeratua. Nagusiaren aukeraketa bigarren fasean sartu da orain, izan ere epaimahaiak hurrengo fasera pasa diren lanak aukeratu ditu.

Sei lan izan dira bigarren fase honetarako aukeratuak. Epaimahaiak banatu ditu 50 puntu. Herritarren bozketak beste 50 puntu banatuko ditu.

Herritarren bozketa

Martxoaren 27tik apirilaren 14ra, udal web atarian agertuko diren sei lanen artean bozkatu dezakete herritarrek edo nahi izanez gero, aurrez aurreko aukeraz baliatuz, udaletxera etorri beharko da botoa ematera. Udaletxeko sarrera nagusian hautestontzia eta botoa emateko fitxak egongo dira.

Herritarrek bigarren fasera pasa diren lan horietako bat aukeratu beharko dute.  Sistema honen bitartez, udalerrian erroldatutako pertsonek eta NAN dutenek soilik bozkatu ahal izango dute, betiere galdetegian eskatuko diren baldintzen arabera. Jasotako botoak zenbatu egingo dira eta kartel bakoitzak lortutako kopuruari dagokion proportzioan banatuko dira 50 puntuak. 

Lanak saritzeko garaian kontuan izango diren irizpideak honako hauek dira: Loinatz jaiekin edota Beasaingo ohiturekin lotura izatea, Lehiaketaren helburuarekin lotura izatea (jaiak iragartzea), sormena, teknika, edota ideia berriak izatea. Haur zein helduen kartel irabazleak maiatzaren lehenengo astean jakinaraziko dira.

Lehiaketaren oinarriak