Uztailaren 1etik 10era izango dira Lekarozko Baztan aterpetxean

Martxoaren 15ean irekiko da izena emateko epea eta plazak bete arte egongo da zabalik. 2011 eta 2015 bitartean jaiotako 50 haurrentzako lekua dago eta beasaindarrek lehentasuna izango dute

Euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzea helburu duten udalekuak aurten uztailaren 1etik 10era izango dira. Lekarozko (Nafarroa) “Valle de Baztan” Gazte-aterpetxean burutuko da egonaldia. Udan, euskara hobetu, erabilera indartu eta naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du honela Beasaingo Udalak eta bide batez ere eskolen opor garaian familien kontziliaziorako lagungarria izango den zerbitzua izatea nahi du.

Beasaingo Udalak, haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzeko helburuari tinko eutsiz jarraitzen du. Gure hizkuntzaren sustapena aisiarekin lotu nahian eta giro euskaldun batean natur ingurunean txertatutako eremu bat aukeratuta antolatu ditu aurten ere euskarazko udalekuak. Egitasmo hau, udal gobernuaren legealdi planean helburu nagusien artean jasota eta iragarrita agertzen da eta konpromiso hori betez gauzatu du. 

Euskaraz naturaz gozatu

Euskara, natura eta aisia oinarritzat dituen egitarauarekin antolatutako udalekuak Baztango Lekaroz herriko “Valle de Baztan” gazte-aterpetxean burutuko dira, natur-ingurune paregabean. Hamar eguneko iraupena izango dute eta 2011 eta 2015 bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.  

Plaza kopurua mugatua da. 50 haurrentzako lekua izango da eta izena emateko epea martxoaren 15ean irekiko da. Helbide honetan aurkitzen den galdetegia betez izena eman beharko da. Plazak bete arte zabalik egongo da izen-ematea eta haur beasaindarrei emango zaie lehentasuna. 

Prezioak

Prezioak hauek dira: seme-alaba bat 150 euro; 2 seme-alaba 255 euro. Familia ugarien kasuan: seme-alaba bat 120 euro; bi seme-alaba 225 euro; hiru seme-alaba 300 euro.

Informazio gehiagorako Beasaingo Udalera jo ahal da telefono zenbaki honetara deituz 943 028063 edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. era idatziz. 

Albergue Juvenil Valle de Baztan Lekaroz Navarra 05 1200x720

 Beasaingo Udalekuak 2024

Lizar Begoña Madariagak “Mundu zitalaren kontra” liburua aurkeztu du Igartzan eta aldi berean, Igartza Literatur Sorkuntzako Bekaren 27garren edizioan idazle gazteei parte hartzeko deia zabaldu zaie. Diru-saria 6.000 euro izatetik 10.000 euro izatera pasa da

Idazle gazteen XXV. Igartza Literatur-sorkuntzako bekaren lan irabazleak argia ikusi du. 2022an “Itzalkinak eguzkitan” izenarekin saritua izan zen proiektua, garatu, landu eta ondu ostean, “Mundu zitalaren kontra” titulupean aurkeztu du Lizar Begoña Madariagak; goizean Donostiako Elkar argitaletxearen egoitzan eta arratsaldean Beasaingo Igartzako jauregian.  

Idazle gazteei zuzendutako Igartza Literatur Sorkuntzako Beka Sariari esker ondutako lehenengo eleberria da egile sopelarrarentzat. Kontakizunean Benidormen kokatu ditu bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume; bertakoa bata eta bizkaitarra bestea. Bien egunerokotasuna isladatzen da eleberrian.  Kontakizunaren inspirazioa edo jatorria, Martin Parr argazkilariak Benidormi buruzko argazki segida bat izan zela esan du eta liburuaren azala Ainara Alkortak ere horretan inspiratuta egin du.

Liburuaren aurkezpenean idazle sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko arduraduna Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduraduna Bianditz Iraola izan dira.

Aurkezpenean, Artola alkateak, bekaren garrantzia eta balioa azpimarratu du. “Beasaingo Udalak kultur proiektu anitz aurrera eramaten baditu ere, beka altxor bat da. Beasain euskal mapan kokatu du eta euskal literatur sorkuntzaren erreferentea da”. Alez ale uzta oparoa dela gaineratu zuen helburu argi eta zehatz batekin; “sormena eta euskara batuz, gure hizkuntza hilezkor izaten laguntzea”.

XXVII. ediziora aurkezteko deia

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Idazle gazteentzako aurtengo Igartza Literatura Sorkuntzarako Bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXVII. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Diru-saria hazi da

Edizio honetarako epaimahaia Irati Jimenez Uriartek, Garazi Kamio Anduagak eta Olatz Mitxelena Larretak osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean Igunean edo on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2024ko irailean. Edizio honetan bekaren saria 6.000 eurotik 10.000 eurora hazi da. Urteetan sariaren kopurua bere horretan mantendu da, baina aurten beka-sari hau antolatzen eta babesten duten hiru aldeek adostasunez, kopurua haztea erabaki dute. 

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Une honetan lantze eta ontze bidean dago Irati Irizar Alvarezen "Ilargi kutsadura" proiektua, XXVI. edizioko irabazlea.  

igartza liter beka liburu 2024 3

igartza liter beka liburu 2024 3

Udalak, emakume hauen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea eta mugimendu feministak aintzatesten laguntzeko konpromisoarekin bat egiten du

Ekitaldien antolaketan, Udal euskaltegia, Asmube, Beasaingo berdintasun kontseilua, Asanblada feminista eta herriko ikastetxeak parte hartu dute Udalarekin elkarlanean

 Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, Beasaingo Udalak data honen inguruan antolatutako egitaraua aurkeztu eta aurtengo aldarrikapenak ezagutarazi ditu. Agerraldian, Leire Artola alkatea, Ainhoa Arrese berdintasun arloko zinegotzia eta Jaione Fraile berdintasun teknikaria izan dira. 

Udal ordezkariek, EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen aldarrikapenarekin bat eginez, Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkotzat eman dute historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea mugimendu feministaren borroka kolektiboetan. 

Arreta jarri da adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. “Adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko”, azaldu du Artola alkateak.

Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garenez, aukera eta ardura dugu, toki-eremuan, emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita, erantsi du alkateak. 

Aitortza eta babesa

Ainhoa Arrese berdintasun arloko zinegotziak, aitortza honetatik abiatuz, Udalaren konpromisoez aritu da. Emakume hauen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea eta mugimendu feministak aintzatesten laguntzea aipatu du. Era berean, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunadien arteko topaketa eta elkarrizketa guneak babestea eta emakumeen ikusgarritasun soziala, bereziki adinekoena, sustatzea zilegizkoa dela. 

Honi lotuta, adineko emakumeei, bereziki alargunei ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea eskumena duten erakundeen aurrean tokiko erakundeen konpromisoa ere badela azaldu du baita hauentzat dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea. 

Adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko Udal eskumeneko laguntzak eta zaintza zerbitzu publikoak indartzea ere bada beste konpromisoa. Kolektibo honen aurkako indarkeria matxistaren eraginari aurre egiteko erantzunak ere eginkizun hartzen ditu Udalak. Azkenik udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea konpromisotzat hartzen ditu. 

Ekimenak hilabete osoan

Beasaingo Berdintasun Kontseiluak, Asmubek, Asanblada feministak eta udal euskaltegiak Udalarekin elkarlanean antolatutako egitarauaren berri eman du Jaione Fraile berdintasun teknikariak. Arlo askotariko ekimenak izango dira; erakusketa, antzerkia, hitzaldiak, lehiaketa, eta abar. Herriko ikastetxeak ere badaramatzate aste batzuk emakume erreferentei buruzko lana burutzen martxoaren 8ko ekitaldian aurkezteko. 

Lehen hitzaldia otsailaren 27an burutu zen Treba gurasoak zikloaren barruan “Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?” izenburupean. Otsailaren 28an ere Feminissimas antzezlana eskaini zen Usurbe antzokian.

Martxoan zehar Udal Euskaltegiak urteroko legez antolatzen duen M-Lehiaketak lau emakume eraldatzaile gogora ekarriko ditu. Zeintzuk diren asmatu beharko da. 

Martxoaren 7tik 24ra, Asmube elkarteko tailerren lanak ikusgai izango dira Igartzako jauregian. Erakusketa inauguratuko den egun berean baina ordu erdi lehenago, 18:30ean, “Envasadas” mikro-antzezlana izango da Igartzako jauregian. Zaloa Zamarreño eta Libe Mendizabal beasaindarra dira ikuskizuneko protagonistak.

Martxoaren 8an, hiru hitzordu nagusi izango dira; 11:00etan herriko ikastetxeen ekitaldia izango da udaletxeko batzar areto nagusian. 12:00etan Loinazko San Martin plazan kontzentrazioa egingo da, eta azkenik arratsaldeko 18:00etan “Dena aldatzeko” ekitaldiari emango zaio hasiera Erauskin plazan. 

Azkenik, liburu trailer lehiaketa antolatu da. Udal liburutegiarekin batera, feminismoa, tratu onak eta bizikidetza lantzen dituen bibliografia proposatu dute. Banaka edo taldeka liburu bat aukeratu eta gehienez 3 minutuko iraupena duen bideo bat sortu beharko dute. Bideoak Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora bidali beharko dituzte, apirilaren 17a baino lehen. Sari banaketa, apirilaren 23an izango da.

Martxoak 8ko bandera eskuragai

Udalak martxoak 8 jartzen duen banderolak eskuragai jarri ditu Igunean. Egunotan balkoietan eta saltoki eta negozioetako erakusleihoetan jartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Halaber, ekitaldietan parte hartzeko deialdia ere zabaldu dute udal ordezkariek. 

m8 aurkez 2024

Egitaraua kartela M8 2024 page 0001

 

Etxebizitza eskuratzea erraztea eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea da laguntza hauen xedea

Establezimendu bat erosteko, alokatzeko edo eskualdatzeko aurtengo laguntzak emateko oinarriak ere onartu ditu Udalak

Beasain-Ormaiztegi bidegorria LED teknologiarekin argiztatzeko lanak kontratatu zituen gobernu batzordeak

Beasaingo Udalak etxebizitzaren alorrean 18-35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urria dutenei etxebizitza alokatzeko erraztasunak ematea helburu izanik, etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ditu. Herritar sektore ezberdinen egoera eta beharrak kontutan hartuta, horiei erantzun eraginkorra emateko erabakia hartu eta laguntza hauek banatzeko prozedura abian jarriko du honela. Erabakia, azken osoko bilkuran onartu zen EHBildu taldearen abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botuarekin. 

Kolektibo hauetan arreta jarriz, beraien testuinguru eta baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, etxebizitza eskuratzea erraztea eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea da laguntza hauen xedea. Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak berriki onartu dituen Emantzipa programako laguntzekin . 

Izan ere, egungo gazteen arazo handienetako bat emantzipatzeko ezintasuna da. Lan-baldintzak, diru-sarrerak eta etxebizitzaren prezio altuak asko zailtzen dute bizitza autonomoa hastea. Mugikortasun urria dutenek ere etxebizitzaz aldatzeko edo euren egoerari egokitutakoa lortzeko bidea erraztea ere bada asmoa.

Diru laguntza hauek banatzeko ekimenarekin helburu hirukoitza lortu nahi da; gazteen emantzipazio bidean laguntzea, mugikortasun urriko pertsonek oztopo arkitektonikorik gabeko etxebizitzak izatea eta etxebizitza hutsen merkaturako sarbidea sustazea. 

Tokiko merkataritza biziberritzeko laguntzak 

Aurtengo ekitaldirako osoko bilkuran onartutako dirulaguntza lerroen artean, merkataritzari zuzendutakoak ere aurkitzen dira. Merkataritza sektorea biziberritzeko dirulaguntzak onartu ziren EHBilduren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botuarekin. 

Hutsik dauden lokalak martxan jarri eta negozioen jarraipena bultzatzeko laguntzak dira. Establezimendu bat erosteko, alokatzeko edo eskualdatzeko orduan jarduera irekitzeak dakartzan gastuak gutxitzen lagundu nahi da eta bide batez, udalerriko establezimenduak irekita mantentzea.

Funtsean, bi dirulaguntza lerro jarriko dira martxan: oraindik martxan dagoen eta eskualdatu nahi den negozioa alokatzeko edo erosteko laguntzak. Eta bestetik, hutsik dauden lokalak alokatzeko edo erosteko dirulaguntzak. Informazio gehiagorako Udalera jo daiteke (Igunea).

Bidegorria argiztatzea

Beasain – Ormaiztegi bidegorrian led kaleargiak hornitu eta muntatzeko lanen kontratazioari onespena eman dio gobernu batzordeak. Asko dira egunerokotasunean bidegorri hau erabiltzen duten herritarrak goizean goiz edota eguneko azken orduetan lanerako joan-etorria bizikletaz egiteko. Baita ibilbide hau aisia garaian erabiltzen dutenak, korrika egin edo patinatzeko besteak beste. Esku-hartze honekin, bizikleta eta oinezko mugikortasuna sustatzeko baldintza hoberenak eskaini nahi dira, ibilbidea atsegina eta segurua izan dadin. 

Guztira 46 argi-puntu jarriko dira, zehaztu den bidegorriaren zatia behar bezala argiztatzeko. Lan hauek eskaripeko semaforo bat txertatzeko ere baliatuko dira, Ittola poligono parean, bertatik edo bertaruntz zeharkatu nahi duten oinezkoek segurtasun baldintza egokietan egin dezaten. Lizitazio prezioa 174.989,28 eurokoa da, BEZ barne.

Osoko bilkurako beste gaiak

Otsaileko osoko bilkuran onartutako gaien artean honako hauek aurkitzen dira: dirulaguntzak emateko onartutako oinarrien artean, aho batez onartu ziren udalerrian emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten elkarteentzakoak; Kultura, kirola edo genero berdintasunera edo kontziliazio erantzunkidera zuzendutako ekintza edo jardueretarakoak; bertako produktuak merkaturatzeko eta kontsumoa sustatzekoak; XXVII. Igartza literatura bekara zuzendutakoa (%66ko igoera diru-sarian), eta gizarte izaerako laguntzena.  San Inazio eta Esteban Lasa kaleak berrurbanizatzeko proiektuko obrak esleitzeko proposamena onartu zen, PSE eta Podemos taldeen abstentzioarekin eta gainerako taldeen aldeko botuarekin. Construcciones Otegui-Gaztañaga S.L. enpresari esleitu zaizkio 2.548.960,64 euroan, BEZ barne.

Beasain etxebizitza gune tensionatua izendatzearen inguruko mozioa aurkeztu zuten EHBildu eta EAJ-PNVek. Bigarrena izan zen onartua.