Saltokietako errotuluak, irudi korporatiboa eta web-guneak euskaraz jarzeko dirulaguntzen oinarriak onartu ditu aho batez udalbatzak

Aurtengo Loinatz jaiak iragartzeko kartelen lehiaketako oinarriak onartuta,  martxoaren 17an amaituko da lanak aurkezteko epea

Gobernu batzordean, kale argiteria LED sistemara aldatzen jarraitu eta kiroldegian Powerlifting gela berria egiteko lanak kontratatzea onartu zen

2008 urteaz geroztik, Beasaingo udalak diru laguntzak ematen dizkie merkatarie saltokietako errotuluak, irudi korporatiboa euskaraz eta web-gunea euskaraz osorik edo elebitan/anitzetan jartzeagatik. Dirulaguntza hauen helburua merkataritza arloan hizkuntza paisaia euskalduntzea da, eta gaztelaniaz dauden errotulu nagusi eta irudi korporatiboko elementuak euskaraz jartzea.

Euskararen presentzia merkatal euskarrietan indartzeko konpromiso hori indartuz 2019an dirulaguntza oinarrietan aldaketa batzuk txertatu ziren eta diru kopurua handitu egin zen. Asmo horrekin jarraituz, merkatariek euren jarduera publizitatzeko asmoz errotuluetan, irudi korporatiboetan eta web orrietan euskara erabiltzen duten merkatariei eta jarduerei 2024 urterako dirulaguntzak arautzeko prozedura martxan jartzeko oinarriak onartu ditu aho batez udalbatzaren urtarrileko osoko bilkurak. 

Onartutako proposamenaren baitan, errotuluen kasuan, euskara soilik erabiltzen duten errotuluaren kostuaren %50eko dirulaguntza emango da, gehienez ere 240 euro emanez.

Irudi Korporatiboen kasuan, testua euskara hutsean jarriz gero kostuaren %50ean lagunduko du Udalak, gehienez ere 180 euro emanez. Interesdunak herritarren arreta eta informazio bulegora, Igunera, joan beharko dira eskaerak bideratzera. 

Web orriak euskaraz

Web-Orrien kasuan, 2024an %10 handitu egin du Udalak diruz lagundutako kopurua. Euskara hutsean jarri ezkero, kostuaren %60 finantzatuko du udalak, gehienez ere 470 euro arte eta euskara eta beste hizkuntza batean/batzuetan egonez gero, kostuaren %50 emango du Udalak, gehienez ere 380 euro. 

Orain arte web-orria euskara hutsean jarri ezkero, %50a finantzatzen zuen Udalak, gehienez ere 450 euroko zenbatekoarekin. Aldiz, euskara eta beste hizkuntza batean/batzuetan egonez gero web-gunea, kostuaren %40 laguntzen zuen, gehienez ere 360 euroko kopuruarekin. Aipatu iaz laguntza hauetaz baliatu ziren 17 onuradun izan zirela udalerrian.

Loinatz jaietako kartelak aukeratzeko lehiaketa

Behin oinarriak onartuta, 2024ko Loinatz jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa zabalik egongo da lanak aurkeztu ahal izateko. Urteroko legez, helduen eta ikastetxeetako ikasleen kartelak aukeratzeko lehiaketak izango dira. 16 urtetik gorakoak aurkeztu ahal izango dira helduen lehiaketara eta adin horretatik beherakoak herriko ikastetxeetako gaztetxoak izango dira. Lanak aurkezteko epea martxoaren 17a arte egongo da zabalik.  

Urtarrileko osoko bilkuran aztertutako beste gai batzuk honakoak izan dira; TAO ordenantzaren aldaketaren hasierako onespena eta alegazioak aurkezteko epearen irekiera (bozketan aurka PSE -2-, abstenitu ziren EHBildu -5- eta Elkarrekin Podemos -1-, eta alde EAJ -9-). 

Tren zerbitzua hobetzeko eskaera mozioa

Irun eta Brinkola arteko ADIFen trenbidea eta Renferen aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuen kalitatea hobetzeko eskaerari buruzko mozioa bozkatu zen osoko bilkuran.

EHBilduren udal taldeak aurkeztutako mozioa aurrera atera zen EHBildu -5-, Elkarrekin Podemos -1- eta EAJren -9- aldeko bozekin. PSE-k -2- aurka bozkatu zuen. 

Led argiteria eta gimnasio berria

Beste alde batetik, Gobernu Batzordean Beasaingo herri argiteriko egungo kale-argien ordez LED sistemako argiak jartzeko hornidura eta muntaketa egiteko lanen kontratazioa esleitzeko onespena eman zen Loiola Norte enpresarekin. Lanek Nafarroa Etorbide amaiera eta kiroldegiaren arteko eremua hartuko dute, esleipen prezioa bez-a barne 126.495,54 eurokoa izango da eta lanen egikaritze epea 16 astekoa. Era berean Antzizar kiroldegian “Powerlifting” pisu libreko jarduera-gela gauzatzeko lanak Unebide obras y contratas S.L. enpresari esleitu zaizkio 214.698,77 euroko prezioan (bez-a barne) eta lanen egikaritze epea 15 astekoa izango da.

Gizarte arloari dagokionez, adineko herritarren premiak eta arriskuak antzemateko eta suteak prebenitzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak onartu ziren.