Goizez eta arratsaldez (astearte, asteazken eta ostegunetan) jasoko ditu herritarrak

Iguneak, Beasaingo Udaleko Herritarrentzako informazio eta arreta zerbitzuak, bere ohiko ordutegira itzuli da uda garaiaren ostean. Hori horrela, ohiko ordutegia hau da: goizez 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldez astearte, asteazken eta ostegunetan, 15:00etatik 18:00etara. 

Beasaindarren beharrei erantzuteko prest

Herritarren informazio eta arreta zerbitzu gisa, Iguneak honako eginkizunak burutzen ditu:

  • Udaleko edozein motatako izapide eta gestioei buruzko informazioa.
  • Udal zerbitzu, azpiegitura eta baliabideei buruzko informazioa.
  • Eskaera errazak unean bertan egitea, esaterako, erroldatzeak, ziurtagiriak, izen-emateak, etab.
  • Agirien sarrera-erregistroa. Udalari edozein motatako agiri ofizialak emateko bide bakarra: Ekimenak, erreklamazioak, diru-laguntza eskaerak, lizentzia-eskaerak, etab.
  • Pertsona interesatuek hasitako espedieenteei buruzko informazioa.
  • Helbideratzeak, ordainagirien kopiak, etab.
  • Hala behar izanez gero, udaleko beste sailekin harremanetan jartzea.

Bestetik, Udalaren Bulego Birtualaren bidez ere jar daiteke herritarra Igunearekin harremanetan. Administrazio elektroniko gune honen bidez, tramitazio batzuk elektronikoki eskatu eta burutzeko aukera dago. Era berean arreta ere eskaintzen da 943 02 80 50 zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatziz.

Farmaziak betetzen duten zerbitzua baina ordutegi desberdinarekin eskaintzen du duela bi aste Ezkiaga auzoan irekitako botikinak

Oria pasealekuko 2. zenbakian dago kokatua eta Igor Odriozola da kudeatzailea

Goizetan bakarrik dago irekita, 9:00etatik 13:00etara eta farmaziek ematen duten zerbitzu bera ematen du. Ordutegi mugatu hau da botikinaren muga bakarra. Honela arlo honetan, Ezkiaga auzoko biztanleen behar guztiak betetzen direla ziurtatzen da.

Ezkiaga auzoan badira ia 2.000 biztanle seiehun etxebizitzetan bizi direnak. Horietatik ia laurdena 65 urtetik gorako pertsonak dira. Harrera ona izan du botikinak eta udalerriko farmazien kokapena kontutan izanik auzotarrek bertan dute, bertatik bertara, jada orain zerbitzu hau. Gertutasun honekin erosotasunean irabazi dute Ezkiagako bizilagunek.

Udalak honela auzotarren eskariei erantzuna eman die eta azken hiru urteetan egindako kudeaketa lanak bere emaitza ikusi du. Zerbitzu berri hau azken urteetan eskainitakoei batzen zaie; hala nola, supermerkatu berri baten irekiera, trafikoa zuzentzeko semaforoak (itsuentzako lehena tarteko), bi igogailuak, TAOaren ezarpena, jolas parkeko hobekuntzak, udalerriko lehen txakur parkea, eta baranden pintaketa eta berrikuntza.

Argakzia: J. U. 

2019an ekintzaileek coworking guneak erabiltzeagatik diru laguntzak emateko oinarriak eta azokan baserritar eta ekoizleek beren produktuak merkaturatzeko laguntzak emateko arauak onartu dira udalbatzaren osoko bilkuran

Bestalde, euskararen sustapena indartzeko, merkatarien errotuluak, irudi korporatiboa eta web guneak euskaraz jartzeko 2019ko diru laguntzak ere onartu dira kontuan izanik azken urtean laguntza hauetarako eskariak laukoiztu egin direla

Herritarrak batzordeak aurkeztutako proposamenek hainbat diru laguntzen banaketarako oinarrien onespena jaso dute urtarrileko udalbatzaren osoko bilkuran. Ekonomia eta enpleguaren alorrari eragiten dioten erabakiak izan dira aipagarrienetako batzuk. Honela, enpleguaren baitan ekintzailetza sustatu eta laguntzeko, coworking gunea erabiltzeagatik diru laguntzak jasotzeko arauen oinarriak onartu dira aho batez. Lanpostuen sorrera eta ekonomian eragin positiboa izateko helburuz espazio pribatu hauetan kokatzeko eta errotzeko erraztasunak ematera zuzendutako laguntzak izango dira. Funtsean lagunduko den gastua, 12 hilabeteetako lokalaren alokairuaren prezioaren %50a eta gehienez 1.200 euroko laguntza emango da eskaera bakoitzeko.

Udal gobernuak abian jarritako hileko lehen larunbateko azoka bereziarekin zerikusia duen beste proposamen bat ere aurrera atera da aho batez. Bertako produktuen merkaturatze eta kontsumoa sustatzeko ekoizleei laguntzak bideratzeko proposamena izan da. Honi lotuta aipatu lehen sektoreko ekoizpenari egonkortasuna eman nahian eta aukera berriak aztertuz, azoka Ezkiaga auzoan jartzeko aukera ere mahai gainean aztergai dagoela. Honela proposamenean, larunbatetako azokan parte hartzeagatik eta oinarrietan jarritako gutxieneko asistentzia eta baldintzak betez gero ekoizle bakoitzari 50 euroko diru laguntza ematea onartu da.

Kreditu aldaketen atalean kirolean berdintasunaren alde egiteko helburuarekin eta emakumezkoei aukera berdintasunaren irizpidea bermatzeko, Goierri Gorri emakumezkoen futbol taldeari diru laguntza handitzeko proposamena aho batez onartu da. Kreditu aldaketa onartuta, futbol taldeak 7.000 euro gehiago jasoko ditu emakumezkoek futbolean aritzeko sustapenean laguntzeko.

Euskararen erabileran eta sustapenean, merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera 2018an emandako diru laguntzen oinarriak udalak aldatu zituen eta emandako kopuruak igo egin zituen: errotulu nagusia euskaraz jartzeagatik %30tik %50era eta gehienez 180 eurotik 240 eurora igoz; irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsean izanez gero gehienezko laguntza 120 eurotik 180 euroko izatea pasa zen. Aldaketa hauen eraginez orain arteko eskaerak 3 edo 4 baziren, aurten 19 izatera iritsi dira (7 errotulu nagusietarako), beraz laukoiztu egin dira. Onartu den proposamenaren arabera diru laguntzen oinarriak honela geratu dira: errotuluen kasuan, diru laguntza kostuaren %50 izatea, gehienez ere 240 euro. Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta diru laguntza gehienez ere 180 eurokoa izatea. Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izatea diru laguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan egonez gero, kostuaren %40 izatea diru laguntza, eta gehienez ere 360 euro.

Udalbatza osoaren bilkuran aztertu diren beste gai batzuk hauek izan dira; 2019rako udal plantila eta lanpostuen zerrenda aldatzea, Donostiako musika eta dantza eskolaren eta Beasaingo Loinatz Musika Eskola publikoaren arteko kudeaketa gomendioaren hitzarmena lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko eta erabili ahal izateko eta udal organismo autonomoen desegitea (Musika Eskola, Euskaltegia eta Kirolaren Udal Erakundea).

Gaur, ekainak 15, 12:00tan, elkarretaratze isila egingo da udaletxearen aurrean, Anna eta Olivia neskatoekiko krudelkeria gaitzesteko eta haien familiari, gertukoei eta indarkeria matxistaren biktima guztiei elkartasuna adierazteko.

Beasaingo Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeen kontrako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, indarkeria hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Bide batez, etxean erasorik jasaten baduzu eta laguntza behar baduzu, Euskal erkidegoan SATEVI da Genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako zerbitzu espezializatua eskaintzen duen erakundea. Laguntza behar izanez gero deitu 900 840 111 telefonora edota Beasaingo Udaleko 943.02.80.50 telefonora, edo Whatsapp bidez 688768608 zenbakira.

whatsapp zerbitzua