Zendu diren bi adineko pertsonak Arangoitiko egoiliarrak ziren nahiz eta beste egoitza batzuetara bideratuak egon 

Ostiral gauaz geroztik, Arangoiti egoitzako bi egoiliar zendu dira Koronabirusaren ondorioz. Lehena ostiral gauean zendu zen 95 urterekin eta bigarrena azken orduetan 79 urterekin. Bi hauek, heuren egoera tarteko, Zumarragan eta Eibarren zeuden. Beasaingo Udalak heriotza hauen ondorioz samiñean bat egiten du hildakoen familiekin. 

Adineko pertsonak biak, Koronabirusak kutsatuak ziren eta beraien osasun egoera ahula zen. Diputazioak Arangoiti adineko pertsonen egoitza birusaren eraginetik salbu mantentzearren, kutsatutako egoiliarrak beste egoitza batzuetara bideratu ditu. Orokorrean Ordiziara eramatea erabaki zuen eta egoeraren baitan beste zentru batzuetara. Hori horrela, une honetan Beasaingo Arangoiti egoitzan ez dago kutsaturik.   

Osasuna babesteko ezarritako arauek eraginda, prebentzio gisa Udalak ez du kaleko ekitaldirik antolatuko eta ordezko aukerak aztertzen ari da

 Eguberriko argiteriaren piztea abenduaren 4ra aurreratuko da tokiko merkataritzako eta saltokietako ekonomian eragin positiboa indartu asmoz  

Covid 19aren eraginez egun bizi dugun egoerak behartuta hainbat murrizketa bizi ditu gizarteak oro har. Udalaz gaindiko aginteak argitaratutako dekretuak ezartzen dituen arauek baldintzatuta, Eguberrian ohikoak ziren kale-ekitaldiak bertan behera uztea behartu du Udala. Osasun eta babes neurriak betetzeak jende pilaketak eragoztea dakar eta horren aurrean aire zabalean burutu behar ziren ekimenak ez dira burutuko. Salbuespena izango dira areto eta espazio itxietan edukiera errespetatuz egingo direnak.    

Hori horrela, Udalaren ardurapean zeuden Eguberriko ekitaldiak ez dira orain arte ezagutu diren bezala egingo. Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria, erregeen zamalkada edota Beasain Kirol Sarien gala ez dira jendaurrean burutuko. 

Areto itxietan antolatuko den egitaraua egungo osasun eta babes neurriak betez, mantenduko da.

Eguberrietako argiteriaren piztea 

Aurten aurreratu egingo da Eguberriko argiteriaren piztea. Abenduaren 4rako dago aurreikusita eta jada Gernika pasealekuko argiak ipintzen hasi dira.

Argiteria bereziak kaleak apaintzearekin batera merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izatea du helburu. Udalerriko merkataritza sarean eta dendetan herritarrak zein kanpotarrak erosketak egitera bultzatu nahi ditu tokiko ekonomia sustatzeko. 

Azaroaren 16tik aurrera herrian zehar iluntze-gauez ibiliko dira teknikariak lanean eta argien euskarriak jartzeko, hauek kokatzen diren etxebizitzetako balkoietan ibili litezke eginkizun horietan. Hargatik herritarrei ohar honen berri ematen zaie ezustekorik har ez dezaten.

Aurten ez da Odolki lehiaketa eta dastaketarik izango baina odolkia salduko duen postua jarriko da azokan

Hil honetako azoka larunbat honetan, azaroaren 7an izango da. Aurten bizi dugun egoerak baldintzatuta ez da odolki lehiaketa eta dastaketarik izango baina azokan Olano harategiak egindako odolkiak erosteko aukera izango da. Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek ere erosteko aukera izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta. Bestalde, azokara gerturatzen direnei errezeta liburuskak eta erosketa poltsak banatuko zaizkie.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek kaleak eta azoka girotuko dituzte

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera

Hileko lehen larunbateko azoka berezia Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada egungo egoerak eskatzen dituen babes eta segurtasun neurriak betez.

13 eta 40 urte bitarteko herritarrak deituta daude PCR proba egitera eta asteazkena bitartean egingo dira Gernika pasealekuko frontoi estalian

Udal agintariek adin tarte horretako herritarrak probetan parte hartzera animatu dituzte eta babes neurriak zorrotz bete behar direla gogorazi dute

Hitzordua hartzeko astelehenetik aurrera deitzea gomendatzen da

Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten dituzten zaintza eta kontrol lanen barruan,  (baheketa) galbahe masiboa egiten hasiko dira Beasainen datorren astelehenean hilak 26. 13 eta 40 urte bitarteko beasaindarrak deituta daude Gernika pasealekuko frontoi estalian kokatuko den azpiegituran PCR probak egitera. 

Probak astelehenetik, urriak 26, asteazkenera, urriak 28, egingo dira honako ordutegian: 13:00etatik 20:00etara. Udalerriko ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta langileak ikastetxean bertan antolatuko dituzte txandak. Gainontzeko herritarrek aldez aurretik eskatu beharko dute txanda astelehenetik aurrera telefono zenbaki hauetara deituz; Beasaingo Osasun zentroa 943 02 77 00 eta Osasun-aholkuan 900 20 30 50.

Guztira, erroldaren arabera 4.190 herritar daude adin tarte horretan. Proben emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dira eta 72 ordutik beherako epean jasoko dira. Epe horretan jasoko ez balitz osasun zentrora deitu beharko da.

Babes neurriak eta arauak betetzea

Osasun Sailak egindako deialdia, ona dela aipatu du Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak herriko egoeraren benetako argazkia zein den jakiteko eta adin horretako herritarrak PCR probetan parte hartzera animatu ditu. Hala eta guztiz ere, segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete behar direla berretsi du gaixotasunaren hedatzea eteteko, bereziki honen aurrean ahulenak diren adineko pertsonak babeste aldera. 

Elkartasun jokabide hau gogoan, maskara ondo jantzita edukitzea, jende pilaketarik ez gertatzea, higienea eta segurtasun distantzia mantentzea ezinbestekoak dira alkatearen iritziz.  

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten diete COVIDarekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan isolatzeko esta osasun-zentroa deitzeko.