Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko, ekimenez beteta datorren programa sustatu du Udalak 

Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, programa berri bat jarriko du abian Beasaingo Udalak. Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragingo du. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea du xede. 

Covid 19aren eraginez, martxoan abian jarri behar zen programa hau etenda geratu zen eta oraingo egoera berria aprobetxatuz berreskuratu da. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutuko du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin. 

Herritar orori zuzenduta

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. 

Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dira animalia hauengana nola gerturaru eta beraiekin nola jokatu erakutsiz.

Formakuntza eta kontzientziazioa

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Programa garatzeko bi fase izango dira:

Uda aurretik, heziketarekin zerikusia duten “Heziketa jolasak” deituriko bideo tutorial sorta argitaratuko da udalaren youtubeko kanalean, astero bat. Guztira sei izango dira abuztua bitartean. Txakur jabetza arduratsua sustatzeko eta jabeak horretaz kontzientziatzeko, txakurrarekin lotura lantzeko jolasak erakutsiko dira hainbat ariketen bidez. Horretaz gain, on line formakuntza ere eskainiko da Beasaingo “Neu” eta “Beasain” albaitaritza kliniketako arduradunen eskutik. 

Bigarren fasea udazkenean hasiko da Txakurren Asteburuarekin. Besteak beste, adopzio pasarela eta tailerrak burutuko dira txakurrenganako sentsibilizazioa lantzeko. Bide batez, animalien elkarte desberdinak bertan egongo dira aurrera ematen duten lana ezagutzera emateko.

Saio presentzialak izango dira nagusi hemendik aurrera. Merkatariekin “Txakur lagun” ekimena garatuko da eta txakurrekin sartu daiteken denda edo aretoek izenburu hau daramaten zigiluekin identifikatuko dira. Txakurrak sartu ezin direnetan aldiz “Txakur Zaindari” izenez, kanpoan non lotuta edukitzeko azpiegiturak jarriko dira. Honetarako, zigilua lortzeko atxikitze kanpaina bultzatuko da tokiko merkataritzan. 

Programaren barnean garrantzi nabarmena izango du “Jabe Eredugarri” izeneko formakuntza intentsiboak. Hamabi saio presentzial egingo dira bi ziklotan, Irailean eta Otsailean hasiz hurrenez hurren. Behin saio hauek beteta, txakur-jabe bikoteei azterketa bat egingo die hezitzaile-aztertzaile batek, gainditzen duenari txakur heziketa titulu ofizial bat luzatuz.

Guzti honetaz gain, txakurrekin sozializaziorako paseoak egingo dira ostegun arratsaldetan eta 2021ko ekainean, amaiera emango zaio urtebeteko programari euskal artzai txakurren erakustaldiarekin.

Txakur parkeetan hobekuntzak

Udal gobernuak aurreko legealditik lantzen jarraitzen duen gaia da txakurren eta herritarren arteko bizikidetza. Gogoan izan behar da gaurdaiño udalerrian lau txakur parke egokitu direla azken hiru urteetan; Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzean, Zaldizurreta kalean eta Igartzako Monumentu Multzoan. 

Dena den orain arte hesitu eta gorde diren eremu hauetan antzeman diren beharrei irtenbidea emango die Udalak datozen hilabeteetan. Horrela, argiteria hobetuko da, txakurrentzako edateko iturri berriak jarriko dira eta sarrera gehiago egokituko dira.