Txertaketa-prozesua amaitu ez duten bi langileren positiboak 0 eta 1 solairuak konfinatzera behartu ditu prebentzioagatik

Egoiliar guztiek negatibo eman dute PCR proban eta zentroa birusetik salbu dago

Arangoiti Beasaingo adinekoen egoitzako bi langilek positibo eman dutenez, zentroko arduradunek hamabost egunez itxi behar izan dituzte 0 eta 1 solairuak, prebentzio-arrazoiengatik. Aipatutako bi langileak hasitako txertaketa-prozesua amaitzeke zuten, eta positibo eman dutenez, orduantxe hartu dituzte neurri horiek.

Osasunerako babes eta segurtasun protokoloei jarraituz, egoiliar guztiei eta langileei birusa detektatzeko PCR probak egin zaizkie, eta guztiek emaitza negatiboa eman dute. Beraz, zentroa birusetik salbu dago.

Honekin bete da egoiliar guztiak txertatzeko helburua eta falta diren langileak ospitalean jasoko dute

Urtarrilaren 7an iritsi zen Beasainera Covid 19aren aurkako txertoa jartzeko unea eta gaur bigarren dosia jarri zaie  Arangoiti adinekoen egoitzako erabiltzaile eta langileei. Goizeko hamarretan hasi dira txertoa jartzen eta 65 aiton-amonei eta 41 langileei jarri zaie. Hiru langileen kasuan ezik bigarren dosia izan da gehienentzat. 

Honela bada, Arangoitiko egoiliar guztiek jarri dute Covid-19aren aurkako txertoa. Dena den segurtasun eta antolaketa neurriak jarraituz, falta diren langileei Zumarragako ospitalean jarriko zaie txertoa. 

Adinekoak eta zaintzaileak lehenak

Agintarientzat, Arangoiti adineko pertsonen egoitza birusaren eraginetik salbu mantentzearren egin diren ahaleginak lehentasuna izan dira pandemia hasi zenetik. Beasainen birusak gogorren kolpatu dituenak osasunez ahul zeuden Arangoitiko adineko egoiliarrak izan dira. Hori horrela, gaitzaren eraginetik babesteko premiaren ondorioa da txertaketa eta eginkizun horretan jarri da begia. Une honetan Beasaingo Arangoiti egoitzan ez dago kutsaturik.   

Arangoiti 2. txertoa 1Arangoiti 2. txertoa 15

Arangoiti 2. txertoa 19Arangoiti 2. txertoa 11

 

Ostalaritzaren irekierarekin, herria perimetralki itxita dagoenez, bertan kontsumitu eta erosteko aukera aprobetxatzeak tokiko ekonomia bultzatzea dakarrela gogorarazten da

Covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 500 kasuetatik behera dagoenez udalerriko ostalaritza aretoek ateak ireki ahal izan dituzte. Ez da ahaztu behar ordea egoera honek hala iraun dezan udalaz gain ezarrita dauden arauak eta neurriak bete egin behar direla. Ezarri diren azkenak herrien itxiera perimetrala eta lagunen arteko bilkurak lau pertsonetara mugatzea izan dira. 

Helburua positibo kasuek gora ez egitea da herritarren osasun egoera babesteko eta besteak beste ostalaritzak ateak itxi ez ditzan. Gauzak honela, Udalak deialdi berezia egin nahi die herritarrei arauak eta osasuna babesteko neurriak zorrotz bete ditzaten. Arduratsu jokatzea ezinbestekoa da eta erantzukizun hori norberarengandik hasten da. 

Prebentzio neurriak ostalaritzan

Ostalaritzaren kasuan, Beasaingo establezimenduak ireki direla eta ezarritako prebentzio neurriak betetzeko beharra gogorarazi nahi zaie bai ostalari eta bai bezeroei. Laburbilduz nagusienak hauek dira:

  • Ordutegia: goizeko 06:00etatik  iluntzeko 20:00etara. 20:00etan, lokala eta terraza hutsik egon beharko dira.
  • Terraza-zerbitzua eskaini ahal izango da. Pertsona-taldeak 4 izango dira gehienez, eta mahai desberdinetako bezeroen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da gutxienez.
  • Establezimenduaren barruko edukiera % 50era mugatuta egongo da.
  • Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, lokalaren barruan zein kanpoan.
  • Ez da gomendatzen lokalaren barruan telebistan ematen diren kirol ekitaldiak ikustea. Lokaletik kanpo, udal-ordenantzak espresuki debekatzen du telebista edo musika-aparatuak jartzea .
  • Edukiera honela kalkulatu da: mahai altuetan eta kupeletan 2 pertsona mahaiko. Gainerako mahaietan 4 pertsona mahaiko.

Udalerrian kontsumitzeko aukera

Itxiera perimetralaren ondorioz udalerritik irtetzea eta sartzea mugatua dagoenez, egoera honek herrian erosi eta kontsumitzeko aukeraz baliatzea ekarri du. Udalak aukera hori aprobetxatzeko deialdia luzatzen die herritarrei tokiko merkataritza, ostalaritza eta ondorioz ekonomia sustatze aldera.  

Udalerriaren perimetro itxierak irauten duen bitartean ez zaie kobratuko eta itxiera zabaltzen den unetik automatikoki altan ipiniko dira abonatuak

Covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua, gaur egun, 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrien zerrendan dago Beasain. Hori horrela, Beasainek eremu gorrian jarraitzen du eta udalerritik irten eta sartzea mugatua dago. 

Honen ondorioz, Beasaingoak ez diren abonatuak ezin dira kiroldegira etorri eta abonatu horiek behin behineko baja eskatzeko aukera izango dute. Horretarako baja eskaera egin beharko dute ondorengo bideak erabiliz:

  • Telefonoz: 943 887900
  • Web gunetik: http://www.antzizar.net/zure-eskaerak/bazkideen-baja/ 
  • Posta elektronikoz: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. era idatziz

Urtarrilean egindako kuotaren kobroa konpentsatuko da, baja iraupenaren arabera hamabostaldika. Egoera hau dagoen bitartean ez da kobrorik generatuko eta udalerriaren perimetroa zabaltzen den unetik automatikoki altan ipiniko dira abonatuak.

Bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak,eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.

Kiroldegi osoan (igerilekuetan ezik) maskara erabiltzea nahitaezkoa da. Gimnasioko gune osoan ere maskara erabili behar da une oro.