EHBilduk aurkeztutako mozioarekin, herritarrak engainatzen saiatzea leporatu zion Udal Gobernuak koalizioari. Aldundiak udalei egin dien diru banaketaren murrizketa alde bakarreko erabakia dela aipatzea okerra zela nabarmendu zuen eta mozioaren aurka bozkatu zuen

Gai-zerrendako beste gai batzuen artean, Covid 19ak eragindako ondorioei aurre egiteko kreditu gehigarriak onartu ziren eta Maddi Imaz zinegotziak bere kargua utzi zuen

Modu telematikoan egin zen maiatzeko osoko bilkuran, EHBildu udal taldeak mozioa aurkeztu zuen Beasaingo Udalak Foru Aldundiari, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren itzulketa negozia zezala eskatuz. Aurkeztutako idatzian, Aldundiak udalei egiten dien diru banaketan %20ko murrizketa aplikatzea aldebakarreko erabakia zela aipatzen zen. 

Gobernu taldeak aipamen hauek okerrak direla nabarmendu zuen. Alkateak bere azalpenean argitu zuen itzulketa ez dela Aldundiaren erabaki baten ondorio. “Azken hiru urteetan adibidez, emaitza positiboa egon denean, orain erabili den formula berbera eta elkarlan berbera erabili dira. Aldiz, aurreikusitakoa baino gutxiago jasotzen bada (Foru Aldundiak iada kalkulatu du sarrerak %20an jeitsiko direla), itzultzea tokatuko zaigu”. 

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa hiru erakundeen arteko (Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udalak) akordio batean oinarrituta dago, eta akordio horren bidez erabakitzen da zerga bilketaren bitartez Foru Aldundiak jasotakoa Udalei nola banatu.

Urte bati dagokiona, urte horren haseran aurreikusten da eta hurrengo urteko otsailean likidatzen da. Udal Gobernuak adibidez, aurrekontuetan ez zuen Aldundiak aurreikusitakoa jarri diru-sarrera moduan, gutxiago baizik. Era horretan eta zuhurtziaz jokatu zenez, aurrekontuetan, aurreikusitakotik %10a jeitsi beharra suposatuko du. 

Ondorioz, alkateak gaineratu zuenez, “ez da mozioan aipatzen den bezala aldebakarreko erabakia, hiru erakundeen artean hitzartutakoa baizik. Hori horrela, krisi egoera honek zuzenean eragingo die finantza egoera zailean dauden udalei, edo aurreikuspenetan zuhurtziaz jokatu ez dutenei, foru araua betetzeko zailtasunak izango bait dituzte”. 

Udalaren egoera ekonomikoa ona

Hori ez da Beasaingo Udalaren kasua izan. Zuhurtziaz jokatu izanaren ondorioz, %10 itzuli beharko da eta kontuak osasuntsu edukitzeak, horretarako ahalmena ematen dio Udalari. Hori horrela, gobernu-taldeak mozioaren aurka bozkatu zuen. Talde sozialista, bere aldetik, abstenitu egin zen. Taldeko bozeramailearen esanetan, azken asteetan mahai bat osatu da hainbat udalek eta gainerako erakundeetako ordezkariez osatua. Bertan aztertuko dira Foru Aldundiaren eta udalen arteko krisiaren aurkako politikak eta finantza-egoera zailean dauden udalen itzulketen kudeaketa. Mozioa ez zen onartua izan aurkako 9 botuekin (EAJ-PNV), 2 abstentzio (PSE) eta aldeko 4 (EHBildu).

Covid 19ak eragindako kalteei aurre egiteko  diru-laguntza gehigarriak 

COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko diru-laguntzak onartu ziren aurkako EHBilduren botoekin eta EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. Diru-laguntzak, merkatarientzako bonoak eta babes neurriak hartzeko eta gizarte larrialdietarako planteatu ziren. Horrez gain, aurrera begira herritarrentzako banatu diren maskarentzako ere dirua jarri beharko zela aipatu zuen Aldasoro alkateak. 

EHBilduk aurka bozkatzearen arrazoia, beraiek beste planteamendu bat egin izana arrazoitu zuten. Alkateak, Udaleko hiru alderdiak batzen dituen horretan begiak jartzea egokiagoa dela adierazi zuen eta bozkatutakoa, denek amankomunean dutena dela.   

Maddi Imazek zinegotzi kargua utzi du

EHBildu udal taldeko Maddi Imaz zinegotziak bere karguari uko egiten zuen idatzia aurkeztu zuen. Horren arabera, bere erabakia, “justifikaziorik ez duen egindako arduragabekeria baten” ondorioz izan dela adierazi du. Arrazoi horrengatik barkamena eskatzen du idatzian bere udal talde zein Beasaingo herriari eta era berean eskerrak ematen dizkie bere taldekideei jasotako laguntzagatik.