Herritarren harrera bulegoa, Igunea, aldez aurretik txanda hartuta artatuko ditu herritarrak asteazken honetatik aurrera. Halabeharrez, udalera tramiteak egitera behartuta daudenek telefonoz 943 028050era deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. era idatziz eskatu beharko dute txanda. 

Hala ere, eta koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, telefonoz eta eta posta elektronikoz lehenetsiko da arreta Igunean. 

Udalak, herritarren osasun baldintzak bermatzeko, bizi dugun egoerak eskatzen dituen babes eta segurtasun neurrietara egokitu du Igunean. 

Goizeko 10:00etatik 12:00etara, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorako herritarrei txanda hartzeko garaian.

Anzizar S.A. enpresak elikagaiak erosteko 3.000 euro emateko ekimenari batu zaio Beasaingo Udala. Beasaingo Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteek, Covid 19 koronabirusaren pandemiak sortutako krisiaren ondorioz ahultasun egoeran dauden pertsonen artean banatuko dituzte elikagaiak. Elikagaiak Beasaingo dendetan erosiko dira. 

Alarma egoerak eragindako krisi egoeraren ondorioz, Beasaingo Anzizar S.A. enpresak janaria erosteko 3.000 euro emateko proposamena aurkeztu zion Beasaingo Udalari. Udalak Gizarte Ongizateko sailaren bitartez, dohaintza hori Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteei zuzenenan bideratzea zela egokiena adierazi zion. Honela bada, Nagusilan elkartea bakarrik jaso eta banatzeaz arduratzen denez, Urko Arandiak, Anzizar S.A.ren izenean, eman duen kopurua bi zatitan banatuko zaie Gurutze Gorriari eta Caritasi.

Udalak ekimen pribatu honekin bat eginez, datozen hilabeteetan 2.000 euro hileko bideratuko ditu elikagaiak erosteko. Bidenabar aipatu orain artean udalak bertako baserritarrek eta ekoizleek asteko azokan saldu ezin izan dituzten produktuak erosi dituela, babeseko etxebizitzetan, adinekoen egoitzan eta Gurutze Gorriari banatzeko.

Une honetan, bizi dugun egoera dela eta, Gizarte Ongizate sailetik jasotako datuez baliatuz, Gurutze Gorriak, Caritasek eta Nagusilanek elkarlanean Beasaingo hirurehun herritar baino gehiagoren artean banatzen dituzte elikagaiak.

Bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketa zerbitzuari berriro ekingo zaio eta arropa zaharren bilketa zerbitzua ez da oraindik martxan jarriko

Sasieta Mankomunitateak jakinarazi duenez, maiatzaren 11tik aurrera, deseskalatze edo konfinamendua arintzeko 1. fasean sartuko garela eta, etxeko traste zaharrak jasotzeko zerbitzuari berriro ekingo zaio. Beasaini dagokionez, igande gauean atera daitezke traste zaharrak eta edukiontzien ondoan utzi behar dira. 

Egun horretatik aurrera, Urretxu, Beasain eta Ordiziko garbiguneetan ere honelako hondakinak jasotzen hasiko dira ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 9:00-12:30 eta 15:30-18:30 bitartean eta larunbateta 9:00-13-00ak bitartean.

Garrantzitsua da hondakin hauek ateratzeko eguna errespetatzea eta ondorengo arauak kontutan izatea:

  • Altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak, ordenagailuak, telebistak…) eta tamaina handiko bestelako traste erabilezinak jasotzen dira solik. Gaineratiko hondakinak garbigunera eraman behar dira:

-        Eskonbroak eta obratako bestelako hondarrak (tarima, bainuontzi, komunontzi, baldosa, azuleju…)

-        Kristalak, ispiluak, eta objektu ebakitzaileak

-        Hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, pinturak…).

-        Gurpilak

-        Egurrezko paletak

-        Arropa, jostailuak eta etxebizitza nahiz garajeetako garbiketako hondarrak

Arropa zaharra

Bestelako abisurik jaso arte, arropa zaharren bilketa zerbitzurik ez dago.

Herrilab, Kontziliazio erantzunkidea udalerrian garatzeko ekintza plana datozen hiru urtetan gauzatuko duen hitzarmenari baiezkoa eman zion udalbatza osoak EHBildu taldeak ezik

Apirileko ohiko udalbatzaren osoko bilkurak onartuta, Dolarea parkeko birmoldaketarako obrak eta Igartza Oleta kalea bi norabidetara egokitzeko lanek badute diru partida. Lanen proiektuen esleipenak abian jartzeko lehen urratsa eman du Udalak honela eta hurrengoa proiektuak esleitzeko pleguak onartu eta argitaratzea izango da. 

Dolarea parkearen berregokitze lanetarako 1.100.000 euroko kreditu gehigarria gerakinetik finantziatzeko proposamena onartua geratu zen aho batez udalbatzaren osoko bilkuran. Dolarea parkearen birmoldaketarako egindako parte hartze prozesuak utzitako proposamenei jarraituz, aisiarako espazio berde autoaski eta jasangarria moldatuko da.

Trafikoaren puntu beltzak arintzea

Era berean, 350.000 euroko kreditu gehigarria gerakinetik finantziatzeko proposamena onartua izan zen PSE eta EHBilduren aurkako zazpi botoekin eta udal gobernuaren aldeko hamarrekin. Igartza Oleta kalean, Dolarea parkea eta Florentzio Axpe kaleko bidegurutzerainoko tartean egingo diren lanak trafikoaren norabide bikoitza ezartzea ekarriko dute. Orain arte oinezkoentzako espaloia eta bidegorria bere horretan mantenduko dira. Florentzio Axpe kaleko biragunean erradioa handituko da ibilgailu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko. 

Bestalde norabide bikoitzak, Udalak eskatutako trafikoari buruzko azterketa teknikoak utzitako ondorioen arabera hainbat arazo konpontzeko helburua izango du. Udalerriaren mendebaldeko sarbide nagusia Igartza Monumentu Multzoa ikusgarriago bihurtuko du. Oriamendi, Zapatari, Foru eta udalerriaren goialdeko hainbat eremuetara zuzenago iristeko aukera emango du eta bide batez trafikoari dagokionez puntu beltzak direnak arinduko ditu: Barrendain plazako biribilgunea eta Zapatari kalea eta Nafarroa etorbideko bidegurutzea.

Kontziliazio erantzunkidea sustatzen jarraituko da

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena HerriLab proiektu pilotuaren jarduera plana ezartzeko eta ebaluazioa egiteko proposamena onartu zuen udalbatzak. Bozketan EAJ eta PSE alderdiek alde bozkatu zuten eta EHBilduk aurka.  

Udalerrian kontziliazio erantzunkidea sustatzea ahalbidetzeko 2020-2023 epealdirako ekintza plana gauzatuko da orain artean eta 2018tik abian jarritako proiektu aitzindari honi jarraipena emanez. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna helburu duen egitasmo honek, eguneroko bizitza pertsonalean, lanean eta etxean eginkizun guztietan kontziliazio erantzunkidea ezartzeko bitartekoak ezarriz beste udalerrietan partekatzeko eredu izan nahi du. 

Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntzak

Herritarrak sailetik eramandako beste proposamena, Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera, eta gaztelaniaz dauden errotulu nagusia eta irudi korporatiboko elementuen kopurua jaiste aldera, 2019an eskatzaileen kopurua hazi zela eta 2020ra dirulaguntza berdinak ematea izan da. 

Honela, aho batez onartu zen, errotuluen kasuan, diru-laguntza kostuaren %50 izatea, gehienez ere 240 euro izatea. Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta  diru-aguntza gehienez ere 180 eurokoa izatea. Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izatea dirulaguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean/batzuetan egonez gero,  kostuaren %40 izatea diru-laguntza, eta gehienez ere 360 euro. 

Bigarren aldiz eta koronabirusak hala behartuta telematikoki egin zen Udalbatza osoko bilkurak gai zerrendako beste hainbat aztergai aho batez onartu zituen. Aipagarrienak hauek izan ziren; udalekuetako tasak, hileko azoka bereziko bertako produktuen merkaturatzea ahalbidetzen duten ekoizleei laguntzak onartzea, coworkinerako dirulaguntzak eta herriko elkarteei urte hasieran aurre ikusitako dirulaguntzak ematea. Udaleko likidazioaren berri ematerakoan aipatu 2019ko aurrekontua %82,8an gauzatu zen eta gerakina 14,7 milio eurokoa da.