Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko egunean, indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileen aurkako aldarria nagusituko da
Negazionismo arazo global honek mutil eta gizon gazteengan eremu digitalean bereziki eragiten duelako gaitzesten da eta antolatu diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi dira herritarrak
Azaroaren 25eko aldarrikapenean, Beasaingo Udalak gaitzespen irmoa azaldu nahi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde eta elkarte eta mugimendu feministekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten du. Udal gobernua eta udala osatzen duten gainontzeko alderdiek urtero egiten den gogoetaz gain, emakumeek jasaten duten indarkeria mota honen aurka bat egin dute pdf EUDELek (117 KB) zabaldutako adierazpenarekin.
Alabaina, aurten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan arreta jarri nahi da, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz.
Mezu ukatzaileen aurka
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, gaur egungo joera neomachista hazten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan, eremu digitalean bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak.
Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.
Hartara, Beasaingo Udala emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurrean tokiko eragileekin mezu ukatzaileak indargabetzeko ekintzak aurrera eramatearen aldeko konpromisoa hartzen du. Baita gazteei eta bereziki mutilei sentsibilizazio-neurriak zuzentzea, bitarteko digitalen bidez iristen zaizkien mezu bortitzak desaktibatzeko. Indarkeria matxistaren aurrean eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, edota Hezkuntza sailaren bidez eskola curriculumean jarrera ukatzaile eta matxisten normalizazioan esku-hartzea sendotzearen alde ere egiten du. Helburu berdina betez, Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzeko konpromisoa hartzen du.
Egitaraua
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Beasainen antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak. Azaroaren 25ean nerabeei zuzendutako pankarta tailerra eskainiko da udaletxeko batzar aretoan 17:00etan eta 18:30ean konzentrazioa burutuko da Erauskin plazan. Azaroaren 27an Denbora lerro feminista mahai jokoa aurkeztuko da Igartzako jauregian. 19:00etan “Querer” telesailaren lehen bi kapituluak eskainiko dira Usurbe antzokian eta azaroaren 28an 3. eta 4. kapituluak ordu berean. Sarrera doan izango da.