Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Etxebizitza alokairuan hartzeko dirulaguntzak martxan

2025/04/14

Beasaingo Udalak bere azken osoko bilkuran onartuta, etxebizitza alokairuan hartzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan  

Gobernu batzordean aldiz, Loinatz Musika Eskolako eraberritzea egiteko lanak esleitu ziren eta ekainaren 2tik irailaren 8ra bitartean burutuko dira. Era berean, kale argiteriako beste eremu bat LED teknologiara ordezkatzeko lanak ere esleitu ziren 

Beasaingo Udalak dirulaguntza berriak jarri ditu abian. Apirileko osoko bilkuran onartutako proposamenaren arabera, helburu nagusia 18-35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urriko pertsonei etxebizitza alokairuan eskuratzeko erraztasunak ematea da. Proposamenaren alde agertu ziren alderdi guztiak EHBildu ezik, abstenitu egin bait zen. 

Ekimen honen bidez, gazteen emantzipazioa sustatu nahi da, bai eta mugikortasun urriko pertsonek oztoporik gabeko etxebizitza egokiak aurkitzea ere.  

Dirulaguntzek alokairuaren %20tik %50era bitarteko laguntza eskainiko dute, hilabeteko 100 eta 250 euroko gehieneko mugarekin. Laguntza gehienez 12 hilabetez jasotzeko aukera izango da, eta ohiko etxebizitza izan beharko da. Aurrekontuan 25.000 euroko diru-lerroa ezarri da, baina eskaera kopuruaren arabera zenbateko gehigarria onartu ahal izango da.  

Beasaingo Udalaren helburua etxebizitza merkaturako sarbidea erraztea da, gazteak emantzipatzeko eta mugikortasun urriko pertsonek autonomia lortzen laguntzeko.

Etxebizitza hutsen azterketa

Udalak IKEI enpresari eskatutako eta berriki aurkeztutako diagnostiko-txostenaren arabera, 252 etxebizitza huts identifikatu dira udalerrian, hau da, guztizkoaren % 3,8. Hala ere, ehuneko hori "arrazoizko stock teknikoaren" barruan sartzen da ( % 3 eta % 5 artean), Europako estandarren arabera.

Txostenean jasotako ondorioen eta gomendioen artean, azterlanak hainbat estrategia proposatzen ditu; besteak beste, etxebizitza hutsak arrazoizko alokairu programen bidez eskuratzeko aukera sustatzea, jabeekin harremanetan jarri eta, hala badagokio, etxebizitza horiek alokairurako eskaintzea erraztuko duten hobariak proposatzea. Txostenak, era berean, gazteen eta pertsona bakarreko etxebizitza-eskaerak azpimarratu zituen. Onartutako laguntzak, talde horiei zuzenduta daudenez hein batean justifikatzen du Udalak hartutako erabakia. 

Musika Eskolako eta argiteria aldatzeko lanak esleituta

Loinatz Udal Musika Eskola eraberritzeko lanak burutzeko eginkizuna Urbycolan enpresak hartuko du. Hala onartu du Gobernu batzordeak EHBilduren ordezkaritzarik gabe, PSE-ren aurkako botuarekin, Podemos-en abstentzioarekin eta EAJ-ren aldeko botuekin. Lanak ekainaren 2tik irailaren 8ra burutuko dira. Esleipen prezioa 372.557 (BEZ barne) eurokoa da eta lanekin gelak insonorizatu, eta tamaina egokitu eta handituko dira nagusiki.  

Honekin batera, Beasaingo herri argiteriako beste eremu bat LED sistemara aldatuko da. 206 argi berri jarriko dira, aurreikuspenen arabera kontsumoan %70eko aurrezkia eragingo duena. Zehazki kale hauetako argiteria da sistema berrira ordezkatuko dena: Ezkiaga etorbidea, Oriako pasealekua, Mariarats, Arantzazu, Mateo Mujika, Juan XXIII eta Zazpiturrieta kaleak, denak Ezkiaga auzoan. Baita Esteban Lasa kaleko 7-17 zenbakietakoak, Bista alai, Martina Maiz, Andre Mari, Karreratarrak, Erauskin eta Fleming kaletakoak ere. Lanek 16 asteko epean egingo dira eta kostua 130.187 (BEZ barne) eurokoa izango da.