Lokal hutsak betetzeko eta saltokien jarraikortasuna sustatzera bideratutako laguntzak kaleratu ditu Beasaingo Udalak
Beasaingo Udalak merkataritza sektorea bultzatzeko dirulaguntzak lortzeko baldintzak ezagutzera eman ditu. Merkataritza sektorea indartu eta herriko lokal komertzial hutsak berriz okupatzeko edo lokalen eskualdaketa egiteko asmoz dirulaguntza berriak jarri ditu martxan. Helburu nagusia udalerriko merkataritza-guneen biziberritzea da, negozio berriak erakartzeko eta daudenak eskualdatzeko erraztasunak emanaz. Merkatal jarduera sustatzera datoz laguntza hauek, hasierako kostuak arintzeko eta establezimenduak denboran zehar irekita mantentzeko.
Dirulaguntzen xehetasunak
Bi motatako laguntzak eskaintzen dira, lokal hutsetan negozioak abian jartzeko edo jabe berri baten eskuetara aldatzeko aukera izan dezaten:
Hutsik dauden lokalak alokatzeko laguntzak: lehenengo urtean alokairuaren %50, gehienez 300 € hilabeteko. Bigarren eta hirugarren urtean alokairuaren %40, gehienez 200€ hilabeteko.
Hutsik dauden lokalak erosteko laguntzak: katastroko balioaren %4, gehienez 2.000 euro.
Eskaerak aurkezteko epea 2025ko azaroaren 30a arte egongo da irekita. Udalak 30.000 euroko diru-lerroa jarri du eskuragarri baina eskaerak gehiago balira handituko litzateke. Dirulaguntzak hiru ekitaldi ekonomikotan ordainduko dira, eta proiektuak bete beharreko baldintzak Udalak oinarrietan zehaztutakoak dira.
Beasaingo merkataritza-guneen aktibitatea eta erakargarritasuna handitzea da helburu nagusia. Lokal hutsen okupazioa bultzatuz, udalerrian negozio berriak sustatzea eta enpresa txikien jarraikortasuna bermatzea lortu nahi da, horrek herriko ekonomia eta herriko-bizitza indartuko baitu. Informazio gehiago eskuratzeko Beasaingo Udaleko merkataritza sailera jo daiteke eta eskaerak aurkezteko iGunera jo daiteke edo elektronikoki tramitatu Beasaingo Udalaren web orrian sartuta.