Martxan jartzeko ezinbestekoak ziren Gipuzkoako aurrekontuak onartuta, udaberrian beasaindarrok eskura izango dugu autobus linea berri hau
Beasain eta Donostia lotuko dituen zerbitzua orduero astelehenetik ostiralera 6:00etatik 21:00etara eskainiko da, eta bi ordutik behin larunbat eta igandeetan 8:00etatik 22:00etara
Udalak, beasaindarren beharrei erreparatuz, Foru Aldundiarekin burututako bileretan egindako kudeaketaren emaitza izan da
Gipuzkoako Batzar Nagusiak 2025erako aurrekontuak onartuta, zihurtzat eman daiteke iada joan den hilabetean Foru Aldundiko arduradunek eta Goierriko udaletako agintariek aurreratutakoa; Beasain, eta Goierriko beste udalerri batzuk lotura zuzena izango dutela egunero autobus zerbitzu berriaren bitartez.
Herritarren beharra
Linea berri honen eskaera uztaila eta iraila bitartean beasaindar partikular edota autobus zerbitzua antolatu nahian zebiltzanen aldetik jaso zen eta Udala Foru Aldundiko garraio sailarekin harremanetan jarri zen.
Azken bilera, irailaren 30an izan zen Beasainen, non Beasaingo alkatea Leire Artola eta Adur Ugartemendia alkateordea, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin bildu ziren gai honen inguruan hitz egiteko.
Aurrekontuen onespenaren baldintzapean
Egun batzuk beranduago, Zumarragan, Ordiziako eta Zumarragako alkateekin eta Foru diputatuarekin batera, zerbitzu honen iragarpena egin zen betiere datorren urteko Foru Aldundiaren aurrekontuak onartzearen baldintzapean. Batzar nagusietako joan den ostiraleko bilkuran 2025eko aurrekontuak onartuak izan ondoren, ziurtzat eman daiteke aurrekontuetan txertaturik dagoen zerbitzu honen ezarpena.
Egunero eta maiztasunez
Lurraldebusen zerbitzuari esker, beasaindarrek eta orohar goierritarrek eta hiriburutik Beasain eta Goierrira joaten diren pertsonek orain arte pairatzen zuten arrakala handia gaindituko da honela. Astelehenetik ostiralera, 06:00etatik 21:00etara, ordu bakoitzean behin egingo du lan, eta larunbatetan eta igandetan, berriz, 8: 00etatik 22:00etara, bi ordutik behin. Mugi txartelaren bitartez erabili ahal izango da zerbitzu hau.
Autobusa Zumarragatik abiatuko da eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan geldialdiak egingo ditu, Donostiara iritsi aurretik. Bertan, Ibaeta auzotik sartuko da eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da. Goierri Donostiarekin autobus bidez konektatuta ez zegoen lurraldeko eskualde bakarra baitzen.
Garraio publiko jasangarria, erosoa, segurua, irisgarria eta lehiakorra izatearen beharrarekin bat egiten du Beasaingo Udalak oraingoan Foru Aldundiarekin, beasaindarren eta goierritarren beharretara egokituko dena. Linea berri horri esker, gainera, mugikortasun jasangarriaren alde eginez, trenaz gain, Beasain Donostiarekin konektatzeko beste garraiobide publiko bat izango dute erabiltzaileek eskura eta ez dute ibilgailu pribatuaren beharrik izango. Autorik ez duten pertsonek ere berme guztiak dituen autobus-zerbitzua izango dute aurrerantzean hiriburuko joan-etorrietarako.