Jatorri anitzetako arkitektoen posgradu analisi-lanak eraikinaren egiturak duen kaltea edo narriadura maila aztertuko du eta birgaitze-proiektua garatzeko erabiliko da oinarri tekniko gisa
Azterketa honen ondoren Olaraneko behe-solairua eta bi terrazen erabilera publikoa lantzeko bigarren parte-hartze prozesu irekia jarriko da martxan
Olaran eraikina nazioarteko arkitektura master bateko ikasketetako eredu bihurtu da. EHU/UPVko arkitektura eskolak eskaintzen duen “Architectural and Urban Contemporary Heritage” masterraren 28 ikaslez osatutako taldea bi egunetan izan da obrako bisita egiten Olaran eraikina ikuskatzeko. Turingo (Italia) eta Kaunasgo (Lituania) arkitektura eskolekin batera lankidetzan eskaintzen den titulazio honek egituren ikuskapenaren inguruko ikerketa burutzea du helburu.
Olaranek duen ondare industrial balioarengatik, masterraren antolatzaileek eraikin hau aukeratu dute aztergai gisa egituraren analisi sakon bat egiteko. Horrela, UPV/EHUko arkitektura eskolaren eskaera jaso zuen Beasaingo Udalak eta bi saioetan burutu dute master-lanerako baliagarri zaien ikuskapena. Jatorri oso ezberdinetakoak dira taldea osatzen duten ikasleak: Ekialde hurbila, Afrika, Europa, Amerika eta baita Nepalgo bat.
Nazioarte mailako master titulazio honek arreta Olaranen jarri izanak, bide batez, eraikina eraberritzeko egingo den proiektua garatzeko balioko du.
Arkitektura lehiaketa
Olaran eraikina birmoldatzeko oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua zein arkitektura estudioak egingo duen erabakitzeko, arkitektura lehiaketa jarriko du martxan Udalak. Lehiaketa hau bi fasetan banatuta egongo da: lehena nagusiki prozedura automatiko bidez burutuko dena non aurkezten diren arkitektura estudioen gaitasun teknikoa eta esperientzia baloratuko den honelako proiektuak burutzeko orduan.
Fase hau gainditzen duten arkitektura estudioek, bakoitzak aurreproiektu proposamen bat aurkeztuko du. Proposamen guztiak epaimahai batek aztertuko ditu (tartean gaiarekin lotura estua duten arkitekto beasaindarrak izango dira) eta prozesu honetan aukeratua izaten denari esleituko zaio proiektua garatzeko eginkizuna.
Herritarrekin bigarren parte-hartze prozesu irekia
Arkitektura lehiaketa burutzen den aldi berean, Udalak bigarren parte-hartze prozesu irekia jarriko du martxan. Lehena, joan den udazkenean burutu zen eta egindako aurkezpen publikoetan herritarren ekarpenak jaso ziren. Bigarren honetan, Olaran eraikinean kokatzen den espazio publikoaren edukia zein izango den erabakiko da, behe solairuan eta eraikinaren estalkiko terrazak, eta oinarrizko proiektu zein exekuzio proiektuan txertatu beharreko moldaketetan sakontzen jarraituko da. Espazio hauek, Ezkiagako auzotarrentzat zein beasaindarrentzat aisiarako gune eta zerbitzu berriak eskaintzeko erabiliko dira.