Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Kultur sorkuntzaren esparrua sustatzeko laguntzak onartu ditu Udalak

2025/02/07

Kultur eta sormen alorreko ideia, kezka edota sensibilizazio bereziren bat duten beasaindarrak animatzeko baliabide bat jartzen du honela Udalak herritarrek kultura-eskaintza handiagoa izan dezaten

Udalerrian etxebizitzen eskaintza handitzeko, lokalak etxebizitzetarako erabilera izatera aldatzeko ordenantzari behin-betiko onespena eman zaio

Jasangarritasun energetikoa eta ingurumenaren alde, Ezkiaga auzoa, Bista-Alai, Erauskin, Fleming, Martina Maiz, Igartetxe eta Andra Mari kaleetako argiteria LED sistemara aldatzeko kontratazioa onartu da gobernu batzordean 

Kultur sorkuntza sustatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ditu aho batez urtarrileko udalbatzaren osoko bilkurak.  

Beasaingo Udalak kultur arloko hainbat esparrutan duen jarrera sustatzailea ez da berria. Are gehiago, helburu eta ardatz nagusitzat dauka kultura eta kultur ekimenak bultzatu eta hedatzeko eginkizuna. Horren adibide dira, herriko elkarte eta eragileen lankidetzarekin urteak joan eta urteak etorri aurrera eramaten diren kultur ekitaldiak, emanaldiak eta erakusketak besteak beste.

Kultur sorkuntzari dagokionez, eta adibide moduan, badira hainbat lehiaketa edo sari, Matematika argazki lehiaketa, Beasain idazlehiaketa, Loinatz jaietako kartel lehiaketa, Beasain Hiria argazki lehiaketa, Igartza Literatur Sorkuntzarako Beka, Aire Zabaleko margo lehiaketa, Igartza Musika Beka, Udal egutegia eratzeko argazki lehiaketa… Hala ere, udalaren nahia bada kultur sorkuntzaren beste esparru batzuei laguntzak ematea eta kultur sorkuntza dinamizatzeko oinarriak onartu dira horretarako. 

Kultur sormena sustatu

Dirulaguntza hauen bidez, beti ere euskararen presentzia bermatuz, kultur eta sormen alorreko ideia, kezka edota sensibilizazio bereziren bat duten beasaindarrak animatzeko baliabide bat jartzen da beraien eskura, plano abstraktoan edo teorikoan duten ideia hori, errealite bihurtzeko bidea egiteko. Udalak horrelako ekimenak sustatu nahi ditu, herritarrek kultura-eskaintza handiagoa izan dezaten. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. 

Etxebizitzen eskaintza handitu

Udalerriko eremu jakin batzuetan dauden areto edo hainbat lokalen erabilera hirugarren sektorekoa (zerbitzu eta negozioetakoa) izatetik etxebizitzetarako erabilera izatera aldatzeko jarduerak onartzen dituen ordenantzari behin-betiko onespena ematea onartu zuen aho batez osoko bilkurak. Aurrerantzean aukera emango da etxebizitza izateko egokitzapena ahalbidetzea. Erabaki honek, ondorengo helburuak betetzeko asmoa dakar berarekin: Beasaingo ondare eraikiaren erabilera erreala eta eraginkorra sustatzea, jasangarritasun printzipioari erantzungo dion etxebizitza-politika publikoa garatzea eta etxebizitzaren merkatuko prezioak kontrolatzea. 

Urtarrileko udalbatza osoak aztertu zituen gai nagusien artean aho batez onartu zituen ondorengoak: etxez etxeko laguntza finantzatzeko hitzarmena luzatzea, eta dirulaguntzak emateko hainbat oinarri (Loinatz jaietako kartelak, 28. Igartza Literatura Sorkuntzako beka, gizarte izaerako laguntzak, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek estimulazio/errehabilitazio programak). 

Kale argiteria jasangarriagoa 

Udalerriko kale-argiteria LED sistemara aldatzeko hurrengo urratsa eman du Udalak. Gobernu batzordeak, Ezkiaga auzoa, Bista-Alai, Erauskin, Fleming, Martina Maiz, Igartetxe eta Andra Mari kaleetako argiteria led sistemara aldatzeko kontratazioa onartu du. Guztira 206 argi unitate aldatuko dira eremu hauetan.

Aurrezpen energetikoa, ekonomikoa eta jasangarritasunaren aldeko helburuak betetzen jarraitzen du honela Udalak. Egindako kalkuluen arabera aipatutako eremuan egingo den aldaketarekin urteko kontsumo aurrezpena %70ekoa izatea espero da, 65.000kWh inguru, eta 169.800€-ko inbertsioa 7 urtetan amortizatuko litzateke.

Behin bigarren fase hau osatuta, 2026an hirugarrena  eramango litzateke aurrera erdiguneko kale argiteriaren %100 LED-era aldatzeko trantsizioa osatuz eta Udal Gobernuaren Legealdi Planaren lan ildoetako bat betez.