Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Ingurumena

Zuhaitz berrien landaketa Oriaren ibarbasoa berreskuratzeko

2024/12/02

Zuhaitz inbaditzaileen erauzketa egin ostean Ezkiaga auzoko eremuan egin dira landaketa berriak

Hogei zuhaitz inguru eta 30 zuhaizka landatu dira; haltza, lizarra eta zuhandorra izan dira bertako ibarbasoa indarzeko helburuz 

Beasaingo Udalak, herriko ibai eta erreka leheneratu eta egoera ekologiko hobean jartzea xede duen helburuaren baitan, aurtengo eginkizunak bukatzeko zuhaitz landaketa burutu du . 2021ean Aranzadiko Zientzia Elkarteak eta Beasaingo Udalak elkarlanean abiatutako proiektuari segida eman zaie aurten ere honela. Biologo adituen aholkularitza eta laguntzarekin Iturriotz kaleko ibai ertzean izan dira udal agintariak elkarlanen honen kontu ematen. 

Lurraldea saileko buru den Adur Ugartemendiaren hitzetan “herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat, herria eta herritarren ongizatean eta klima aldaketaren aurkako erronkan eragin zuzena duelako”. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Hortaz gain, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitzeko helburua bete nahi duela gaineratu dute.

Ibaietako egoera hobetzea

Proiektu honen helburu nagusia, Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea da eta berezko habitata leheneratzea da. Urtero bezala, Beasaingo Oria, Estanda eta Agauntza ibaietan egin dira lanak, eta helburua ibaietako egoera hobetzea izan da, bertako landare inbaditzaileak erauzita eta zabor bilketak eginda. 

Horrela, proiektua 3 fasetan bereizi da: aurtengo udan landare inbaditzaileen kartografia eta erauzketa egin ziren lehen fasean, zabor garbiketa bigarrenean eta bertako espezieen landaketekin eman zaio hasiera gaur hirugarren faseari. 

Erauzketa, garbiketa eta landaketa

Landare inbaditzaileei dagokionez, aurten ere erauzketa lanak Buddleja davidii deritzon espeziera bideratu dira, duen hedapen zabalagatik eta izaera eraldatzaileagatik. Kartografiatutako budleiaren 1.018,97 m2-tatik 463,14 m2 erauzi dira (%45,45). Zaborraren bilketari dagokionez, 1.500 kg inguru bildu dira, herritarrekin egindako auzolanari eta langileen 12 eguneko jardunari esker.

Azkenik, gaur, 20 zuhaitz inguru eta 30 zuhaixka landatu dira 2023an 12 platanondo moztu ziren eremuan. Zuhaitzetan, ibarbasoetako ohiko espezieak diren Haltza (Alnus glutinosa) eta Lizarra (Fraxinus excelsior) hautatu dira, eta zuhaixketan, aldiz, Zuhandorra (Cornus sanguinea) edo Intsusa beltzaren (Sambucus nigra) antzekoak txertatu dira, bertako ibarbasoa indartzeko helburuarekin.

Aranzadi eta Udalaren arteko elkarlana

Beasaingo udalak, azken hamarkadan ibai-ekosistemak leheneratzeko hainbat ekintza burutu ditu, bai Goieki Garapen Agentziarekin elkarlanean zein bere kabuz. Batez ere, bi lan ildo jorratu ditu: alde batetik, landare inbaditzaileen kartografia eta erauzketa lanak, eta bestetik, ibai eta ibai-ertzeko hondakinen garbiketa. Landare inbaditzaileei dagokionez, Goiekirekin egin zen azkeneko proiektua 2016an izan zen.

Baina 2021ean berriz ekin zitzaion lanei Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Udalaren arteko elkarlanari esker eta aurten jarraipena eman zaio lankidetzari. Proiektuaren helburua bat dator bete betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin. 

zuhaitz landaketa 20241202 3