Beasaingo Udalak azokara bisitak antolatu ditu LH5 eta LH6 ikasleekin, elikadura osasuntsua eta kontsumo arduratsua sustatzeko
Bisitak, ikasturte osoan garatzen den programaren atal bat dira non Udala, ikastetxeak, azokako ekoizleak eta Osakidetzak parte hartzen duten
Beasaingo Udalak herriko ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailako ikasleentzat Beasaingo azokara bisitak antolatu ditu, martxoaren 11n hasita eta maiatzera arte astearteetan. Ekimen honen helburu nagusia da ikasleek azokaren funtzionamendua eta bertako ekoizle eta saltzaileen lana ezagutzea, bertako produktuak ikusi, usaindu eta dastatuz. Horrez gain, kontsumo ereduak aztertu eta elikadura jasangarriaren inguruan hausnartzea, baita azokak herriko eta Goierriko ekonomian, ingurumenean eta kulturan duen eragina ulertzea ere.
Bisiten egitura eta dinamika
Bisiten egitura zehatza eta dinamikoa da, ikasleek azokaren mundua modu praktikoan ezagutzeko aukera izan dezaten. Lehenik, alkateak proiektuaren aurkezpena egiten du, azokaren garrantzia eta kontsumo arduratsuaren beharra azpimarratuz. Aurkezpen honetan, azokak herriko ekonomian eta kulturarekin duen lotura azaltzen da, baita bertako produktuen balioa ere.
Ondoren, ikasleek azoka bertatik bertara ezagutuko dute, Josetxo Mendia ekoizlearen laguntzarekin saltzaile eta produktuak ezagutuz. Ikasleek ekoizleekin elkarrizketak izango dituzte, haien lana eta produktuen ekoizpen prozesua ulertzeko. Gainera, produktuak ikusi, usaindu eta dastatzeko aukera izango dute, zentzumenak erabiliz azokaren eszenatokia bizitzeko.
Kontsumo jasangarriaren inguruko hausnarketa
Bisiten bigarren zatian, kontsumo jasangarriari buruzko hausnarketa egiten dute. Ikasleek euren kontsumo ohiturak aztertuko dituzte, elikadura osasungarriak eta bertako produktuen abantailak aztertuz. Horretarako, Rosa Aurkia ingurumen teknikariak eta Amaia Aierbe nutrizionistak gidatutako jarduerak burutzen dira, non ikasleek sortzen duten zaborraren inguruan hausnartuko duten eta nola murriztu dezakegun eztabaidatuko dute, horrela Agenda 30eko aurtengo “Xahuketa” gaia jorratuz.
Taldeka, erronka bat ere osatuko dute: zabor gutxien sortzen duen eta ahalik eta osasuntsuena den hamaiketakoa prestatu eta proposamenak mural batean islatuz. Lanketa honen bukaeran, berriz, beraiek egunero ikastetxera eramaten duten hamaiketakoan xahuketa murrizteko zein aldaketa egin ditzaketen hausnartzen dute. Jarduera honen bidez, ikasleek elikadura jasangarrirako proiektuak garatu eta euren ideiak partekatzeko aukera izango dute.
Dastaketa eta bukaerako jarduerak
Azkenik, azokako ekoizleen jakiak dastatuko dituzte, zentzumenak erabiliz. Dastaketa horren bidez, ikasleek bertako produktuen kalitatea eta aniztasuna ezagutzen dute, baita haien zapore eta usain bereziak ere. Dastaketa ekitaldi hau proiektuaren amaiera da, baina ez ikasturte osoan zehar antolatzen diren beste ekintzen amaiera.
Urritik maiatzera bitartean, ikasleek tailerrak, ekoizleei bisitak, otordu osasuntsuak prestatzeko saioak eta azokara bisitak burutuko dituzte, elikadura eta ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko helburuarekin. Ekimen hauek gazteak bertako ekonomia eta kulturarekin lotzea bilatzen dute, bai eta ingurumenarekiko erantzukizuna ere.
Programa zabal baten parte
Ekimen hau Ikasturte honetan antolatu den programa zabalago baten barruan kokatzen da. Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek eta Osakidetzak bat egin dute azokaren inguruko ekintzak antolatzeko, eta gazteen artean elikadura osasuntsua eta kontsumo arduratsua sustatzeko asmoz. Programa honetan Amaia Aierbe nutrizionistak, Josetxo Mendia ekoizleak eta Rosa Aurkia ingurumen teknikariak parte hartzen dute eta Osakidetzako teknikariek.
Izan ere, Osakidetzak, BPSO programaren bitartez, haurren obesitatearen prebentzio programa du martxan EAEko hainbat Osasun zentrotan, horren barruan Beasaingo ikastetxeetan, bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko tailerra eskaini zuten Eluska Gonzalez eta Maite Guridi erizainek azokaren inguruko lanketaren hasieran. Ondoren, gosari osasuntsu bat eskaini zieten LH6 mailako haurrei. Gosari horretarako 0 km-ko produktuak erabili zituzten, elikadura osasuntsuan azokek eta bertan saltzen diren produktuek duten garrantzia azpimarratuz.
Ondoren, Beasaingo azokaren parte den Josetxo Mendiaren baratze ekologikoa bisitatzeko aukera izan zuten Beasaingo LH6 mailako ikasleek. Baratzezaintza eta abeltzaintza ekologikoaren oinarriak ezagutu, jaten dugunak lurra eta ingurunearekin duen loturatik abiatuta, gure osasunarekin duen harreman estua ulertzeko baliagarria izan da esperientzia hau.
Beasaingo Udalak antolatutako ekimen honek gazteak herriko errealitatearekin lotzea du helburu, bai eta haien artean kontsumo arduratsuaren eta elikadura osasuntsuaren inguruko kontzientzia piztea ere. Azokara bisitak ez dira soilik ikasteko aukera, baita herriko komunitatearekin harremanak indartzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat ingurune jasangarriago bat eraikitzeko urrats garrantzitsua ere.