Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Goierri BarNETtik elkarlan sareak Goierriko etorkizuneko erronkei erantzungo die

2025/01/23

Eskualdean lehenetsi diren hiru erronkei (energia, landa garapena eta zaintza) erantzuteaz gain, guzti horri koherentziaz eta eraginkortasunez erantzuteko antolakunde sistema ere definitu du sareak. Gobernantza horren oinarriak ezarriko dituen hitzarmena sinatu da Mutiloan

2020an abiatu zen lankidetzarako gobernantza eredu berria proiektua, gaur egun Goierri BarNETik izena hartzen duena, eragile publiko, pribatu, komunitario eta Goierriko herritarrekin egindako lan saio eta elkarrizketak eginez hasi zen. 2021eko azaroan, eskualdean, lankidetzazko prozesuaren bitartez hiru erronkei heltzea adostu zen: Energia, Landa garapena eta Zaintza. 2022ko maiatzean, Goierriko 157 biztanleri burututako elkarrizketen emaitzak jaso ziren, adostutako erronkak herritarren kezkekin bat zetozela adierazten zutenak. 2023ko irailean, hiru eremu hauetan lan egiteko eredua adostu eta ekimena ezagutzera eman zen eta 2024ko abenduan, lankidetza hau arautzen duen hitzarmena prest zegoen.

Gaur, urtarrilak 22, asteazkena, lankidetzaren oinarri izango den hitzarmena sinatu da Mutiloako Udalean garatu den ekitaldian.

Goierri barnetik prozesuaren jatorria

Goierrik etorkizunari begira dituen erronkek dimentsio anitzeko eraldaketa eskatzen dute: ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala. Eta erronka horiek irtenbide jakinik ez dutenez, erakunde publikoak, eragileak eta gizartea elkarrekin aritzea ezinbestekoa da. Goierrik eraldaketa handia bizi izan du azken hamarkadetan, eta hortik eratorritako erronkei heltzeko Lankidetzazko Gobernantza proiektua abiatu zen 2020an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenak diruz lagunduta. Erronkei aurre egitea ez ezik, proiektuaren sorburutik muinean egon den beste helburu bat ere landu da prozesuan: Goierrirako gobernantza eredu berri bat diseinatzea.

Erronkak

Lehenetsitako erronkak Energia, Landa Garapena eta Zaintza dira. Legorretako Herri Antzokian egin zen batzarrean, 2021ko azaroan, lehenetsi zituzten eragileek erronka hauek. Dagoeneko, energia eta Landa Garapeneko erronkak aktibatu dira eta elkarlanean lantzen ari dira. Zaintzako erronka 2025ean lantzean hastea da asmoa.

Goierri BarNETik sareak eragile oso ezberdinak biltzen ditu, jatorri eta interes ezberdinekoak, eta haien artean elkarlanean aritzeko gaur sinatu den lankidetza hitzarmena gakoa da. Etorkizunean ezinbestekoa izango da bisio partekatu baten oinarripean izaera ezberdineko eragileen ekimenak konektatu eta definitutako erronka bateratuak aurrera ateratzea.

Lankidetza hitzarmena

Goierri BarNETik Gobernantza sistema berria egituratzeko lankidetza hitzarmena sinatu duten eragileak ondorengoak izan dira: Altzagako Udala, Aramako Udala, Ataungo Udala, Beasaingo Udala, Gabiriako Udala, Gaintzako Udala, Idiazabalgo Udala, Itsasondoko Udala, Lazkaoko Udala, Legorretako Udala, Mutiloako Udala, Olaberriako Udala, Ordiziako Udala, Ormaiztegiko Udala, Segurako Udala, Zaldibiako Udala, Zegamako Udala, Zeraingo Udala, Goierri Fundazioa , Goieki, Goimen, Goitur, Ampo, CAF, Goierri Valley, Orkli, Lortek, Biziola, Caritas, Goiener, Goierriko Nekazal Kooperatiba, Goierriko Hitza, GITB eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

2020. urtean abiatu zen prozesu hau, intuizio eta konbentzimendu batekin abiatu zen: bizitzen ari garen garaiaren konplexutasunari erantzungo dion harreman sistema berri bat beharko zela Goierriko eskualdean. Goierrik izan duen izaera kolaboratzaileari erantzunez, hurrengo urrats bat eman beharko zela uste zen.

Goierriko giza kapitala eta erakunde kapitala konektatuko duen eredu berri bat behar dela argi utzi du prozesuak. Erronka oso konplexuak ditu Goierrik etorkizunari begira (trantsizio energetikoa, eskualdeko landa garapena, erronka demografikoa, euskara, zaintza, etab.), eta sarearen iritziz konplexutasun horri soilik konplexutasunetik erantzun ahalko zaio, alegia, Goierriko eskualdean dauden eragileak konektatuz eta hauen arteko lankidetzaren bitartez. 

2020. urtean eskualdeko eragileekin egin zen entzute prozesuan eskualdean orain artean sortutako arkitektura instituzional eta lankidetzazkoa erronka konplexuei erantzuteko motz geratzen zela ikusi zen. Abiadura ezberdinetako Goierri bat gertatzen ari zela ikusi zen, alegia, Goierritarren artean diferentzia gero eta nabarmenagoak sortzen ari zirela. Horrekin batera erronka berriak etorri dira, orain arte ezagututako dimentsio eta konplexutasunetik haratago doazenak.

Goierrik historikoki jakin izan du egoera berrietara egokitzen. Zentzu horretan, eta ondare intelektual eta historiko hori presente izanik, bizi dugun abagunea ulertu eta honi erantzuteko prozesua abiatu zuten eskualdeko udalek.

Prozesua konplexua izaten ari da. Prozesu horretan bi ildo jorratzen dira: batetik, eskualdean lehenetsi diren hiru erronkei (energia, landa garapena eta zaintza) erantzuteko ildoa; eta bestetik, guzti horri koherentzia eta eraginkortasunez erantzuteko gobernantza edo antolakunde sistema definitu duen ildoa. Biei heldu zaie, eta tarte honetan energiari eta landa garapenari erantzungo dion prozesua garatzeaz gain, eskualde gobernantza berria garatzen ari da Goierri BarNETik. Gaur, gobernantza hori arautuko duen, edo gobernantza horren oinarriak ezarriko dituen hitzarmena sinatu eta aurkeztu da.

Gaurkoa etorkizun berri bat irudikatzen duen mugarria da. Orain arteko harreman motak eraldatu nahi dira, konektatu, eta ziurgabetasun testuinguru honetan etorkizun berriak eraiki.

Gobernantza sistema berriaren antolaketa eredua

Gaur aurkeztu den hitzarmenak aurretik aipatu diren eragile publiko, pribatu eta komunitarioek sinatu dute, eta bertan, gobernantza sistema berriaren antolaketa eredua definitu da. Antolaketa eredua hiru gunetan banatuko da, bakoitza bere funtzio eta eskumenekin: Ekosistema, Erabakigune zabala eta Erabakigune operatiboa. Hiru gune hauen koordinazio egoki baterako Bulego tekniko bat egongo da.

Erabakiak hartzeko ponderazio sistema bat adostu da. Konkretuki, hartzen diren erabakiak izaera ezberdina duten eragileen onespena beharrezkoa izateko pentsatutako sistema da. Egiteko modu berri bat bilatzen du prozesuak, ahalik eta horizontalena.

Finantziazio iturriak

Hitzarmen honek ere finantzazio konpromisoak jasotzen ditu. Horretan ere, izaera ezberdina duten eragileen ekarpena aurreikusten da. Udalek finantzazioaren % 50a hartu dute berengan, enpresa sektoreak % 25a eta gainerako % 25a bestelako finantzazio iturrietatik eratortzea aurreikusten da.

IMG 5421