Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Beasaingo landa-lurzoruko lursailen mugak digitalizatzeko hirugarren fasea hasi du Udalak

2025/02/20

Digitalizatuko diren lur sailetako jabeak elkartu ditu Udalak jarraitu behar den prozesuari buruz informatzeko. Bertaratu ez zirenei udaletxera hurbiltzeko deia luzatu die  

Beasaingo Udalak eta Aldundiak finantzaturiko proiektuaren helburua katastroko mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea da, baita muga eta mugarriei GPS koordenatuak ematea ere

Ingurumenaren jasangarritasuna sustatzeko digitalizazioa tresna baliagarria da oinordetza prozesuak arindu eta lusailen kudeaketa optimizatzeko

Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak diruz lagunduta, landa-lurzoruan dauden partzelak digitalizatu eta mugatzeko lanekin jarraitzen du Geograma enpresaren laguntzarekin. 

2023an hasitako prozesu honen hirugarren fasea da orain abiatu dena. Beasaingo udalerriko landa-lurzoruaren hedadura dela eta, proiektu honekin Udalak aurrean duen erronka oso garrantzitsua da. Lehen fasean udalerriko 8. poligonoko landa-partzelak mugatu zituen. 2024an bigarren fasean 3, 4, 5, 6 poligonoetakoak eta orain 1, 2, 9, 10 eta 11koak. Hori horrela, udaletxera deituak izan dira azken poligono hauetan lursailak dituzten jabeak prozesuari buruzko informazio zehatza emateko eta lankidetza eskatzeko. 

Lursailen mugak digitalizatzeko prozesuan, ezinbestekoa da lur-jabeen laguntza izatea lanak behar bezala egin ahal izateko. Lur-jabeek lur eremu arteko mugak eta mugarriak adostu behar dituzte mugakideekin, baita lursailak garbitu teknikariek beraien neurketak burutu ahal ditzaten. Lanak egin ondoren, titularrei planoak emango zaizkie, markatutako mugekin eta mugarrien koordenatuekin, eta, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduko dira.

Hala eta guztiz ere, fase honetara deituak izan diren lurjabe guztiengana ezin izan da iritsi Udala. Badira bilerarako deialdia bidali arren, jaso izanaren erantzunik ez dena. Horregatik, lurjabe horiek udalarekin harremanetan jarri daitezke Lurralde sailera deituta prozesuari buruzko informazio guztia jasotzeko.  

Jabeek edo haien oinordekoek landa-jabetzak ahaztu edo ez badituzte ezagutzen, landa-eremuetako mugarriak eta mugak nahastu edo desagertu egiten dira. Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta ondorio larriak eragiten dizkio landa-munduari.

Landa lurra zaindu eta babestu

Lur-jabeen parte hartzea borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Aldez aurretik, mugak garbitu eta mugarriak lokalizatu beharko dituzte jasotze topografikoa egiteko.

Landa-lurzoruko lurzatien mugak digitalizatzea funtsezkoa da Udalarentzat eta jabeentzat. Udalaren ikuspuntutik, segurtasun juridikoa hobetzen du jabetza-mugengatiko gatazkak murriztuz, lurzoruaren kudeaketa optimizatzen du eta administrazio-izapideak arinduz. Katastroan dauden datuei dagokienez, edozein akats edo eguneratze falta ere konpontzen du. Gainera, azpiegituren plangintza, ingurumen-kontrola eta laguntza publikoen bilketa errazten ditu.

Lur-jabeentzat, beren lursailei buruzko ziurtasuna handiagoa izatea dakar, eztabaidak saihestuz eta beren eskubideak bermatuz. Salerosketa, herentziak eta nekazaritzako diru-laguntzak eskuratzea ere errazten du. Oro har, digitalizazio horrek landa ekonomia bultzatzen du, lurralde kudeaketa modernizatu eta gardentasuna eta eraginkortasuna ematen ditu.

landa lurzoru planoa