Loinatz Futbol Zelaiko harmailetako estalkian plaka fotovoltaikoen instalazioa jartzeko kontratazioa burutu da
Herri argiteria %100 LED teknologiara moldatzeko 2023-2027 legealdiko lehen fasearen kontratazioa martxan jarri da
Udal gobernuak, ingurumenaren babesa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriekin aurrera jarraitzen du. Honela, aurtengo udal aurrekontu orokorrean aurreikusi bezala, Beasaingo udal eraikinen energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emateko, Loinatz Udal Futbol Zelaiko harmailetako estalkian autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko lanak kontratatzeko onespena eman du.
Gisa honetako lehen instalakuntza Antzizar kiroldegiko estalkian kokatu zen duela urte bete pasatxo. Hura izan bazen lehena, orain gauzatzera doanak beste udal eraikinen autokontsumorako beharrak asetzeko urrats berri bat ematera dator.
Loinatz Udal Futbol Zelaiko harmailetako estalkian kokatuko den instalakuntza aldiz autokontsumo-kolektibo formatuan egingo da. Eredu honen arabera, 2 km-ko erradioan aurkitzen diren Udal eraikinak hornitu ahal izango ditu momentuko kontsumo beharren arabera. Esku hartze honekin, Udalak egun dituen argi-indar kontsumo beharrak asetuta geratuko lirateke.
Autokontsumoa helburu
Loinatz futbol zelaikoa 120 kW-ko potentziadun eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa izango da. Plakek jasoko duten eguzki energiaren bitartez, urtero 98.105 kWh energia ekoiztea espero da. Udal eraikin guztiek (kiroldegia ezik, bere instalazio propia badu eta) urtean 275.352 kWh kontsumitzen dute. Honela bada, instalazio berriarekin kopuru horren %35 inguru ekoiztea lortuko da. Aldi berean, urteko 45.367 kg CO2 atmosferara ez isurtzea lortuko da, alegia urtean 5.040 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea.
Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 1.134.000 CO2 Kg atmosferara ez isurtzea lortuko da epealdi horretan. Plaka fotovoltaikoaren instalazioaren inbertsioa 86.372,37 eurokoa izango da eta dirulaguntzarik jasoko ez balitz ere, egungo elektrizitate kostuen arabera, sei urtetan inbertsioa amortizatuko litzateke. Lanak Leycolan S.A.L. enpresari esleitu zaizkio eta egikaritze epea 12 astekoa izatea espero da.
Kale argiak LED sistemara
Azken Udal Gobernuaren Batzordeak, Beasaingo kale-argiak LED teknologiara aldatzen jarraitzeko beste kopuru sorta baten kontratazioa martxan jartzea onartu zuen. Helburua, legealdi bukaerarako aldatzeke geratzen den argiteria guztia LED sistemara egokitzea da eta horretarako, 2023-2027 legealdiko lehen kontratazio fase hau jarri da martxan.
Argi berriak instalatuko diren eremua Nafarroa Etorbidea 22tik Antzizar kiroldegirainokoa da. Proiektua lantzeko garaian egun dauden argiztapen gabeziak identifikatu eta simulazio bat egin da eraginkortasun energetikoa eta argiztapen maila egokiak uztartuko direla bermatzeko. Halaber, arreta berezia jarri da zebra bide eta errepide puntu sentikorretan, bide segurtasun baldintzak ere hobetu daitezen.
Udala urteak daramatza kontsumo urriko sistema berri honetara udalerriko argiteria aldatzen. Oraingoan, 172.416,43 €-ko inbertsioa egitea aurreikusten da eta 16 astetan egikarituko litzateke lan hau.
Jasangarritasun ikuspegitik, LED argiteriak ingurumenari kalte gutxiago eragiteaz gain, eraginkortasun energetikoa handiagoa du, bero gutxiago eragiten dutelako eta hondakin toxikoei dagokienez eragin txikiagoa du, teknologia zaharragoekin alderatuta.