Aurtengo martxoaren 8ko aldarrikapenak Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena dakar gogora, berdintasunaren aldeko konpromisoa berresteko
Efemeride honen baitan antolatutako egitarauan ekitaldi sorta antolatu dute Udalak eta Beasaingo elkarte eta eragile feministek
Aurtengo martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egiten du Beasaingo Udalak. Egun seinalatu honen inguruan, Beasaingo Udaleko Berdintasun zinegotzia Ainhoa Arrese eta Mariola Pascual Herritarrak arloko burua izan dira antolatutako egitaraua aurkezten eta konpromisoen berri ematen.
1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.
Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.
Berdintasunaren aldeko konpromisoa berritu
30. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen du, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.
Euskal erakundeek, eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politikak bermatzen eta legitimatzen dituena.
Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko. Honela bada, Beasaingo Udalak ondorengo konpromisoak bere gain hartzen jarraitzen du:
- Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
- Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
- Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
- Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
- Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
- Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
- Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
Ekitaldien egitaraua
Halaber, Beasaingo Udalak, Asmube, Beasaingo Udal Euskaltegia, Goieniz Zinekluba eta Beasaingo Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatu ditugu, martxorako:
Martxoak 1 - Igartzako jauregian, 18:30ean: Asmubeko Abesbatzaren eta Vicente García Gasteizko abesbatzaren emanaldia.
Martxoak 8 – Loinazko San Martin plaza, 12:00: Kontzentrazio feminista.
Zaldizurretako biribilgunean, 17:30: Kalejira feminista eta mural bateratua.
Usurbe antzokia, 19:15: “Aún estoy aquí” filmaren proiekzioa.
Martxoak 11 – Usurbe antzokia, 20:15: “Cuando cae el otoño” filmaren emanaldia.
Martxoak 13 - Igartzako jauregian, 18:30: Mikroteatroa “Lilatoia korritzea. Txaloka eta erotuta ”.
Martxoak 15 - Igartzako jauregian, 19:00: “Hitz esana” poesia errezitaldia Mejillón Tigre Kolektiboaren eskutik.
Martxoak 16 – Antzizar kiroldegiko frontoian, 11:30ean: Emakumeen pilota jaialdia.
Martxoak 26 – Urbieta eraikinean, 18:30ean: “Katalina Goya: Aurreko emakumeen esperantza arrok” hitzaldi-eztabaida.
Beijingetik hogeita hamar urtera, Beasaingo Udalak berretsi egiten du gizarte bidezkoagoa eta indarkeriarik gabekoa eraikitzeko duen erabakia. Bidea oraindik luzea da, baina erakundeen eta gizartearen konpromiso irmoarekin, genero berdintasuna emakume eta neska guztientzat errealitate izatea lortuko da. Berdintasuna ez baita ametsa, eskubidea baizik.
Martxoak 8ko bandera eskuragarri
Udalak martxoak 8 jartzen duen banderolak eskuragai jarri ditu Igunean. Egunotan balkoietan eta saltoki eta negozioetako erakusleihoetan jartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Halaber, ekitaldietan parte hartzeko deialdia ere zabaldu dute udal ordezkariek.