Igartzako Monumentu Multzoko kanpo argiztapena zein jauregi barrukoa berritzeko hornidura eta instalakuntza lanak kontratatzeko pleguak ere onartu dira
Berdintasunera, kontziliazio erantzunkidera, merkataritza sektorea eta euskara sustatzera bideratutako diru laguntzak emateko oinarriak onartu dira otsaileko udalbatzaren osoko bilkuran
Beasaingo Udalak Loinatz Udal Musika Eskolaren eraberritze proiektua abiaraziko du, bere azpiegiturak hobetzeko eta indarrean dagoen araudira egokitzeko. Gutxi gorabehera 375.000 euroko inbertsioarekin, lanak ekainaren 2an hasiko dira eta irailaren hasieran amaituko dira, eskolako udako oporraldia aprobetxatuz.
Udal Gobernu batzordean onartutako proiektu hau eskolako zuzendaritzarekin lankidetzan garatu da. Bozketan, PSEk aurka -2-, Podemos abstenitu -1-, EH Bilduk ez zuen bozkatu eta EAJ-k alde bozkatu zuten. Helburu nagusi hauek bete nahi dira: eraikina gutxieneko baldintzetara egokitzea, espazio faltari konponbidea ematea eta azpiegituretako funtsezkoak diren alderdiak hobetzea, hala nola gelak akustikoki isolatzea, goiko solairuetara irisgarritasuna bermatzea, aireztapen mekanikoa jartzea eta argiztapena hobetzea.
Lanak lehen eta bigarren solairuan zein ganbaran egingo dira. Nabarmendu beharreko berrikuntzen artean, musikoterapia gela berri bat sortuko da eta orain arte erabilerarik gabe egon den 55 metro koadroko espazio bat erabilgarri bihurtuko da.
Esku-hartze hau epe luzerako udal-azpiegituren hobekuntza estrategiaren parte da, eta lehen fase honi lotuta dagoeneko landu da bigarren fasearen zirriborroa. Bigarren fasea lehenengoaren jarraipena izango da eta udal eraikin guztien banaketari eragingo dio, espazioak eta Beasaingo zerbitzu publikoak optimizatzen jarraitzeko asmoz.
Inbertsio honekin, Udalak udal-ekipamenduen etengabeko hobekuntzan jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du, kalitatezko instalazioak bermatuz. Musika Eskolako erabiltzaileei eragingo die baina herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua ere nabarmen hobetuko du.
Osoko bilkuran lan hauek burutzeko diru partida osatzeko kreditu aldaketaren proposamenaren aurka bozkatu zuen PSE alderdiak eta Podemos eta EHBilduko ordezkariak abstenitu egin ziren. Udal Gobernuaren aldeko bozekin onartu zen proposamena.
Igartzako Monumentuko argiztapen berria
Beasaingo Igartzako jauregiaren barne argiztapena eta Igartzako Monumentu Multzoko kanpo argitzapena gauzatzeko hornidura eta instalakuntza lanak kontratatzeko pleguak ere onartu ditu udal gobernu batzordeak. Europar Batasunak finantzatutako berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia-planaren barruan, Next Generation EU laguntzekin burutuko da azpiegitura honen eraberritzea.
Merkataritza, berdintasuna eta euskara helburu duten diru laguntzak
Otsaileko udalbatzaren osoko bilkuran pisu handia duten alor ezberdinetako diru laguntzak eskaintzeko oinarriak onartu dira aho batez. Hala nola, merkataritza, euskara, bertako produktuen kontsumoaren sustapena, berdinasuna eta kontziliazio erantzunkidea helburu duten aurtengo laguntzen banaketan eragingo dute.
Diru laguntza hauek helburu hauetara zuzenduko dira: merkataritza sektorea biziberritzeko, merkataritza arloan lan egiten duten elkarteentzako, saltoki eta jardueretan errotulu nagusia, irudi korporatiboa eta web orria euskaraz jartzeko, bertako produktuak merkaturatzeko eta kontsumoa sustatzeko, Beasaingo udalerrian emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten elkarteentzako, eta kultura, kirola edo genero berdintasunera edo kontziliazio erantzukidera zuzenduta dauden ekintza edo jardueretarako.