Igande honetan jokatuko da Antzizar kiroldegian Pilota Egokituaren Sari Nagusia. Sarrera doan izango da
Adimen urritasuna eta fisikoa duten pilotariak elkartuko dira eta material berriak erabiliko dituzte jokoari ikusgarritasun gehiago emateko
Beasaingo Udalak, kirol egokituaren aldeko konpromisoa eta gizarte inklusiboago baten aldeko apustua indartuz, igande honetan Antzizar kiroldegian jokatuko den Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiaren jaialdia aurkeztu du. Ekitaldi hau, duela zazpi urte abiatu zenetik, urtero hazten ari da, eta aurten ere kirolarien parte-hartze handiarekin eta berrikuntza teknikoekin erakutsiko du pilotak inklusioaren alde duen indarra.
Beasainek, hasieratik egin zuen pilota egokituaren aldeko apustua. Duela sei urte zehazki, Euskal Pilota Egokituaren Maste Cup irekia hartu zuen toki berean eta asmo eta helburu berdinei jarraituz berriz ere izango da kirol honen topaleku.
Konpromisoa kirol inklusiboarekin
Beasaingo Udala, aspaldidanik, pilota egokituaren sustapenean erreferente bilakatu da. Kirol honen bidez, adimen-urritasuna edo urritasun fisikoa duten pertsonek parte hartzeko aukera berdintasunez eskaintzeaz gain, haien gaitasunak eta lorpenak erakusteko agertokia ere bada.
Aurten, txapelketa honetan, 44 pilotarik (32 adimen-urritasuna dutenak eta 12 urritasun fisikoa dutenak) osatutako parte-hartze ikusgarria izango da, pilotarien maila nabarmen hobetu delako seinale.
Berrikuntza gisa, gurpildun aulkian aritzen diren pilotariek karbonozko pala iraultzaileak erabiliko dituzte, eta pilotak azkarragoak eta txikiagoak izango dira, jokoari erritmo eta ikusgarritasun gehiago emanez.
Gizarte inklusiboaren erakusleihoa
Ekitaldi hau ez da kirol ekitaldi arrunt bat, baizik eta gizarte inklusibo eta berdinzale baten aldeko apustu garbia. Beasaingo Udalak eta antolakuntzak herritar guztiak gonbidatzen dituzte ikuskizun hau ezagutzera eta pilotarien ausardia eta trebetasuna txalotzera.
Egun osoko ekitaldia
Antzizar kiroldegiko pilotalekuan goizeko 9:00etan hasiko dira partidak. Lehenik adimen-urritasuna duten pilotarien kanporaketak jokatuko dira eta arratsaldeko 15:00etatik aurrera urritasun-fisikoa dutenen txanda izango da. arratsaldeko partiden amaierara arte. Sarrera doan izango da.
Beasaingo Udalak, pilotaren bidez, aniztasuna eta berdintasuna besarkatzen dituen herri bat eraikitzeko konpromisoa berresten du.