Azokaren sustapenerako deskontu bonuak salgai izango dira 20 eurotan; erosleak 10 euro jartzen ditu eta Udalak beste 10 eta astearteko azokan ere erabili daitezke
Martxoaren 1ean ospatuko den bertako produktuen azokak garaiko barazki fresko eta osasungarriak eskainiko ditu. Larunbat honetako protagonista nagusiak hauek izango dira: letxugak, ziazerbak, baratxuri freskoa, porrua, mizuna, eskarola, mihilua, azaloreak, azak eta lonbardak.
Barazki hauek bertako ekoizleen eskutik iritsiko dira azokara, eta bertako eta garaiko produktuak kontsumitzeak hainbat onura dakartza: freskotasuna eta zaporea. Barazkiak sasoikoak izanik, bere puntu egokienean daude zapore eta nutrizioari dagokionez. Osasuntsuak dira, dieta orekatu eta osasungarria bermatzeko. Azokan erostea ekoizle txikien lana babesteko modu zuzena da, bertako ekonomia indartuz eta jasangarritasunaren aldetik ingurumenarekiko errespetuari lotuta, distantzia laburragoetan garraiatutako produktuek karbono-aztarna txikiagoa uzten dute.
Azokan kontsumitzeko deskontu bonuak
Horrez gain, Udalak egun honetan ere azokako bonuak salgai jarriko ditu. Bonu hauek 20 euroko balioa dute, baina erosleek 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte (Udalak jartzen ditu beste 10 euroak), tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzeko asmoz.
Bestalde, azokako tailer didaktikoaren orduan, jarduera berezi bat eskainiko du 11:30ean. Hazi eta Hezi dendako Jenny Cruzek larruzko giltzatakoak eta lepokoak egiten irakatsiko du, artisautza eta eskulangintza sustatzeko aukera paregabea eskainiz.
Egitaraua:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 11:30 Larruzko giltzatakoak eta lepokoak egiteko tailerra, Hazi eta Heziren eskutik.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.
Bertako produktuak dastatu, erosle eta ekoizleen arteko harremanak indartu eta ingurumena zaindu, hiru helburu beste askoren artean, batzen direnak Beasaingo azokan. Ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea garrantzitsua da, baita kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera ematea. Bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere ezinbestekoa da azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.