CAFeko porteriako lanak amaituta, ibilbidea bere jatorrira itzuli da eta Ezkiaga auzoraino iritsiko da
Izenemateak irekita jarraitzen du abenduaren 29a arte. Nabarmen handitu da 18 urtez azpikoen kopurua. Diru-sariak kopuruz igo dira
Lasterketa zuzenean eskainiko da streaming bidez udalaren youtubeko kanaletik eta pantaila erraldoia kokatuko da Erauskin plazan bertatik jarraitzeko emanaldia
Beti Bizi Elkarteko ordezkariek udal agintariekin batera Beasaingo San Silbestre krosaren 49. edizioaren aurkezpena egin dute elkartearen egoitzan. Euskal Herri mailan zein estatu mailan izen eta ospe berezia duen lasterketa herrikoi honek berriro Ezkiaga auzoan sartuko da CAF lantegiaren atarian ibaiaren ibilgua zabaltzeko lanak amaitu ondoren. Beti Bizi Elkartearen egoitza bertan aurkitzen da eta pozik eman dute honen berri antolatzaileek.
Lasterketa zuzenean
Bai Leire Artola alkateak eta baita Elena Ruiz kirol zinegotziak Beasaingo Udalaren izenean, babes eta laguntza osoa agertu dute lasterketarekiko. Beti Bizi Elkarteak burutzen duen lana goretsi eta eskertu dute. Beasaingo San Silbestreak ibilbide luzea du, iaz sortu zela 50 urte bete ziren eta herriari ematen dion ospe eta izena nabarmendu dute udal ordezkariek. Iaz hasitako bideari jarraituz, lasterketa streaming bidez udalaren youtube kanaletik eskainiko da zuzenean, edonork edonon ikusi ahal izateko. Horretaz gain, Erauskin plazako eskenategian pantaila digital erraldoi bat kokatuko da bertaratzen direnek lasterketaren zuzeneko jarraipena egin dezaten. Pantaila hau sari emate ekitaldirako erabiliko da podium-a bertan kokatuko baita. Guzti honetaz gain, udalerrian barreiatuta dauden informazio pantailetan eskainiko da lasterketaren emanaldia.
Gazteen izen ematea goruntz
Guztira 9.720 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Irteera Bideluze plazan kokatuko da eta helmuga Nafarroa etorbidean ohi bezala. Barrendain plazatik Ezkiaga auzoraino luzatzen da zirkuitua eta lehen itzuli motzaren ondoren hiru itzuli eman beharko zaizkio zirkuitu osoari. Hala azaldu dute aurkezpenean, Beti Bizi Elkarteko Juan Carlos Antón eta Maialen Sanchezek.
Aurkezpen egunerako, 220 pertsona zeuden izena emanda (garaiotan iaz baino 40 gehiago). Horietatik 57 emakumezkoak. Gaztetxoen artean ere gehikuntza bat eman da orain arteko izenematean, iaz 8 zeuden eta orain dagoeneko 30. Horrek adierazten du 18 urtez azpikoen kopurua igo dela nabarmen.
Aurreko urteetan lehen postuetan izandako korrikalari dexentek eman dute izena baina elkarri begira daudenez ez dute izenik eman nahi izan antolatzaileek. Emakumeei ere dei berezia egin diete parte hartu dezaten. Berdintasunaren bidean hauen parte hartzea bultzatu nahi dute urtez urte eta.
Igoera sarietan
Diru-sarien kopurua igo da aurten. Zergak direla eta, berdintasunaren irizpidea mantenduz, emakume zein gizonezkoetan, irabazleak 1.500 euro jasoko ditu. Bigarrenak 1.200, eta hirugarrenak 800. Lehen hamabostek jasoko dute da diru-saria. Izenematea bakarrik internet bidez egin daiteke bide hauetatik; www.beasain.eus, eta www.kronoak.com 10 euroko ordainketa egin beharko da eta txipak eta dortsalak Udaletxeko sarreran jaso beharko dira lasterketaren egunean 9:30-11:30 bitartean. Izena emateko epea abenduaren 29a arte egongo da irekita eta 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Lasterketa 12:00etan hasiko da eta sari emate ekitaldia 13:15ean burutuko da Erauskin plazan. Goierriko bi Handiak (G2H) eta MariMurumendi Maratoirako bi dortsalen zozketa egingo da parte hartzaile guztien artean. Dortsalak norberarenak eta besterenezinak izango dira.
Beasaingo San Silbestrea handien artean
Lasterketa herritarra izan da betidanik, baina antolatzaileek egindako lanaren ondorioz Euskal Herrian ez ezik, estatu mailan sona handia lortzera iritsi da. Urteen poderioz, probak ospea hartu zuen, estatu mailako korrikalarientzat erakargarria izan zelarik. Beasaingo kaleetan zehar, Garin anaiak, Lourdes Gabarain, Camel Ciani, Amaia de Andrés, Andrés Antonio Rodriguez, Antonio Serrano, Natalia Azpiazu, Rossi Talavera, Martín Fiz, Diego García eta goi mailako atletak korrika egin dute. Sariak ere garrantzitsuak izaten hasi ziren. Hogeigarren ediziotik aurrera atzerriko atletak hasi ziren parte hartzen. Gaur egun ohikoa da atleta marokoarrak, kenyarrak, etiopiarrak, eta frantsesak ikustea. 1974az geroztik, San Silbestre beasaindarrak hiru urtetan egin dio huts bere hitzorduari: 1975, 2020 eta 2021an.