Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren laugarren edizioak herrian musika zaletasuna sustatu eta talentu berriak ezagutzera ematea du helburu

            Egun bakarrean, publiko guztiari irekitako musika ikasleen kontzertuak entzuteko aukera izango da Igartza Musika Bekaren laugarren edizioan. Igartzako jauregian, datorren larunbatean azaroaren 16an, bi saiotan goizez eta arratsaldez, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute.

Kontzertu emanaldiak goizean 11:00etatik 13:30era eta arratsaldean 16:30etik 18:00etara luzatuko dira. Entzunaldi saioak 15-20 minutukoak izango dira gehienez eta hauen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa. Sariak 18:30ean banatuko dira. Beasaingo Udalak sortutako bekak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenen ikasteko diru laguntza ematen du: Gradu Beka saria 2.000 euro eta Master Beka saria 3.000 euro.

Nazioarte mailako hautagai ugari

Aurkeztu diren ikasle kopuruan, nazioarte mailako herrialde ezberdinetako ordezkariak aurkitzen dira. Master Bekara 8 hautagai aurkeztu dira; María-Hélöise Arbus, Biolina  (Frantzia), Ana Perona Mateo, Biolina  (Valentzia), José Luis Tovar Carrillo, Kontrabaxua  (Murtzia), Maricarmen Vélez Crespo, Biolontxeloa  (Puerto Rico-EEBB), Miguel Moisés Jáuregui, Jazz-Tronboia (Iruñea), Audrey Irles, Biolina (Perpignan-Francia), Guillermo López Cañal, Biolontxeloa (Avilés) eta Bozidar Rajic, Akordeoia (Kragujevac-Serbia eta Montenegro).

Gradu Beka sarirako berriz, 5 ikasle izango dira; Nikolay Krytsov, Pianoa (Novocheboksarsk-Errusia), Beñat Olano Duque, Biolina (Vitoria-Gasteiz), Eduardo Villarroel Mera, Klarinetea (Burgos), Ledian Mola Acuña, Jazz-Kontrabaxua (La Habana-Cuba), eta Eolo Andino Dolez, Jazz-Saxofoia (Vitoria-Gasteiz).

Entzunaldien ordutegia pdf egitarauan (128 KB) kontsultatu daiteke.

Aurtengo edizioko epaimahaia Sorkunde Idigoras, Damián Martínez, Mari Jose Cano eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da.

Musika sustatzeko helburuarekin sortutako beka

Udal gobernuak, kultura arloan musikarekin lotuta duen egitasmo nagusietakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen 2016an, eta Igartza Musika programaren osagarria da. Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du.