Apirilaren 8an zabalduko da 2024ko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik
Errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua azken bi urtetan egonkortu bada ere Beasain, Lazkao eta Ordiziako udal ordezkariek euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzen jarraitzeko mezua zabaldu dute
Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina aurkeztu dute hamabostgarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean.
Gipuzkoan, apirilaren 8an zabalduko da 2024ko errenta aitorpena egiteko eskaintzen diren aukeretan lehena eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik.
Leire Artola Beasaingo alkateak, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Beasaingo Udalean egindako prentsa agerraldian eskaini dituzte gaur egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak. 2010az geroztik egiten den kanpaina da honakoa eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea da.
Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
- Auto-likidazio proposamena. Martxoaren 31tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
- Mekanizatua. Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 4an hasiko da. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.
- Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta aitorpena Internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek apirilaren 3tik ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.
Euskaraz egindako aitorpen kopuruak goruntz egin dezala
Azken 2 urteetan, Beasainen eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa egonkortu bada ere -Lazkaon handituz joan da-, hiru herrietako udal ordezkariek kopurua handitzen jarraitzeko gonbitea zabaldu dute. Mantso mantso bada ere urtetik urtera kopuruak goruntz egiteko joera hori ez etetea eskatu dute.
Euskararen aldeko keinu hau egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Aukera badago euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin daiteke. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatuz, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola nabarmendu dute hiru ordezkariek.