Leire Artola Beasaingo alkatea eta Azahara Domínguez diputatua Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin bildu ziren, bertako ikasle eta langileen mugikortasuna aztertzeko
Beasaingo alkatearentzat, herritarren beharrei erantzuteko asmoz dator Beasain eta Goierri, Debagoienarekin lotzeko garraio publikoaren eskaera, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginaz
Leire Artola Beasaingo alkatea, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin bildu da berriki, goi mailako ikasketa zentro horretako ikasleen eta langileen mugikortasuna aztertzeko.
Beasaindarren mugikortasun joerak kontuan hartuta hauen beharrei erantzuteko garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuari jarraituz emandako beste urrats bat izan da topaketa hau. Testuinguru horretan, diputatuak eta alkateak irailean biltzeko aukera izan zuten. Bertan, besteak beste, Lurraldebusen etorkizuneko lineak Goierri eskualderako izango duen garrantzi estrategikoa eta inguruko gazteek Arrasateko Unibertsitateko campusera joateko dituzten zailtasunak aztertu zituzten. Bertara, egunero 3.500 pertsona baino gehiago mugitzen dira, ikasleen eta langileen artean.
Bilera horren ondorioz, diputatuak unibertsitateko arduradunekin bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuen. Hitzorduan, diputatuak eta alkateak unibertsitateak duen mugikortasun plana eta egiten ari diren eguneratzeak ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, diputatuak konpromisoa hartu du Unibertsitatearen ekarpenak jasotzeko Debagoieneko emakida berria diseinatzeko orduan, gainerako emakidekin egiten duen bezala.
Gainera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Unibertsitateak helaraziko dizkion gaur egun ematen den zerbitzuaren inguruko proposamen zehatzak aztertuko ditu, ahal den neurrian, dauden beharretara egokitzeko.
Leire Artola, Beasaingo alkatearentzat, "Beasain eta Goierri Debagoienarekin lotuko dituen garraio publikoa jartzea garrantzitsua da. Ibilgailua partekatzeko Partecar udal egitasmoak erakutsi du Debagoienak duen pisua beasaindarron joan etorrietan. Herritarren behar horiei erantzuteko asmoz dator Beasain eta Goierri, Debagoienarekin lotzeko garraio publikoaren eskaera, aldi berean, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginaz".