Maiatzaren 3an eta 4an Gernika pasealekuan jarriko den karpan, poltsa bat banatuko da etxebizitza bakoitzeko edukiontzia irekitzeko erabiltzen den txartela erakutsiz
Sasieta Mankomunitateak “Kalitatezko konposta zuri esker” lelopean kontzientziazio kanpaina errepikatuko du aurten. Duela bi urte egin zen kanpaina honek sekulako arrakasta izan zuen eta aurten ere ildo beretik joatea espero da, herritarrek atseginez hartzen duten kanpaina baita.
Maiatzaren 3an eta 4an, goizean 9:30etik 12:30era eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara, karpa txiki bat jarriko du Mankomunitateak Gernika pasealekuan. Bertan Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta doan banatu eta informazioa emango zaie herritarrei. Bertaratzen direnei 5 kiloko konpost poltsa emango zaie edukiontzia irekitzeko eta materia organikoa biltzeko poltsak eskuratzeko txartela erakusten dutenei. Etxebizitza bakoitzeko poltsa bat banatuko da.
Beasaindarrei eskerrak hondakinak bereizteagatik
Euren etxebizitzetan egunero hondakinak txukun bereizten dituzten pertsona guztiei eskerrak emateko modua da. Lan isil horrek Beasainen eta oro har mankomunitatean, batez beste %76ko gaikako bilketako indizea lortzera eraman gaitu. Indize hau oso altua da, Gipuzkoak 2019-2030 Hondakin planean 2030 urterako onartu berri duen %70eko birziklatze helburua gainditzen bait du.
Dena den, etorkizunari begira bi erronka nagusi dituzte Udaleko eta Mankomunitateko arduradunek:
- %80ko gaikako bilketako indizea lortzea.
- Bildutako materialaren kalitatea hobetzea.
Kalitatezko birziklapena helburu
Kalitatezko birziklapena lortzeko material inpropio edo desegokien maila gutxitzea ezinbestekoa da, birziklatzea oztopatzen duelako eta horrek ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengatik ere.
Gipuzkoan “Gipuzkoako konposta©” izeneko markarekin egiten den konposta kalitate mailarik altuena du: “A” motatako konposta da. Baina kalitate hori lortzeko material desegokien mailak ezin du %5a gainditu.
Bildutako materia organikoaren kalitatea oso garrantzitsua da zirkulua ixteko (berdin ontzi arinen, paperaren eta kartoiaren kasuan ere) eta hauxe da ekonomia zirkularraren erronka handiena. Bildutako materialaren kalitatea da zirkularidadearen giltzarria.
Hori dela eta, konposta oparitzeaz gain karpan bi hezitzaile izango dira informazioa eman eta edozein zalantza argitzeko. Hurbiltzen direnei informazio-orri bat emango zaie bilketaren eta honekin lortutako konpostaren kalitatea bereziki azpimarratuko duena eta antzeman ohi izan diren ohiko akatsen inguruko informazioa jasoko du, hala nola, poltsa konposgarriak erabili ordez plastikozko poltsak erabiltzea edo organikoarekin batera pixoihalak edo ontziratutako janaria botatzea eta abar. Konposta nola erabili behar den ere jasotzen da.
Karpan Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren bideo didaktikoa ezagutzera emango da konposta fabrikatzeko prozesua eta konpostaren erabilera ezberdinak azaltzen dituena: mahastietan, futbol- eta golf-zelaietan, baratza eta lorategietan, basoen berreskurapenean eta abar.