Beasaingo Odolkiaren kofradiak bere XXXVIII. kapituluan Goitur agentzia eta Mamia liburuaren egileak kofradiako ohorezko kide izendatuko ditu
Urbiberri gizarte zentroak, Iñaxi Mendizabal Arrieta eta Jose Antonio Bravo Begue bazkideak omenduko ditu bere ospakizunean
Urrezko binakako aizkolari txapelketako lehen finalerdia otsailaren 9an jokatuko da Dolarea parkean. Gainontzean, zirku-ikuskizuna, Murumendi pilota eskolako haurren partiduak, eta musika ibiltaria egongo dira
Herriko zaindariaren heriotzaren eguna goratzeko, otsailaren 5ari esanahi berezia eman nahi dio Beasaingo Udalak eta hartara, ekitaldiz jantzi dute aurten ere Udalak eta herriko hainbat eragile eta elkartek eguna. Nortasunarekin eta tradizioei lotutako ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte eta hauek aurkezten izan dira udaletxean udal agintariak eta egunaren bueltan ekitaldiak antolatu dituzten elkarteetako ordezkariak.
Agerraldian Leire Artola alkatearekin batera, Mariola Pascual Herritarrak arloko zinegotzia, Juanjo Ganzarain eta Martin Urkiola odolki kofradiaren kideak, Kontxi Gomez Urbiberri gizarte zentroko ordezkaria eta Luis Mari Bengoa Egur Sport elkarteko arduraduna egon dira. Bakoitzak bere aldetik azaldu ditu ekitaldien xehetasunak.
Alkatearen hitzetan, “herriko zaindariaren eguna ospatzeak Beasainen kultura eta historia erakusten du, eta beasaindarrak batzen gaitu. Hargatik, beasaindartasun hori nabarmendu eta adierazi nahi dugu, esanahia eman nahi diogu. Beasainen izena eta izana goratu. Ospakizun honetan, jaia, dantza, musika, eta gastronomia izan ohi dira protagonista eta aurkeztera gatozen egitaraua horren adierazpena da”.
Goitur eta Mamia ohorezko kofrade berriak
Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izaten du Beasaingo Odolkiaren Kofradiak. Aurten 38. kapitulua ospatuko dute eta kofradiako ohorezko kide berriak izendatu. Aurten izendapen hori honako hauek jasoko dute: Goitur eskualdeko turismo agentziak bere 25. urteurrenean eta Mamia liburuaren arduradunak, 50 emakumeek euskal gastronomiari egindako ekarpena biltzen duen argitalpena. Juanjo Ganzarain kofradiako kideak azaldu du 24 kofradietako 101 ordezkari izango direla Beasainen; 10 Hego Euskal Herrikoak, 2 ipar Euskal Herrikoa, 2 Galiziar, 7 Kantabriakoak, eta bana Errioxa, Asturias eta Toledotik. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan burutuko da Loinazko San Martin plazan baina aurretik eta ondoren kanpotik datozen kofradiei ongietorria egin eta desfilea, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dantza, meza nagusia, Zubimuzu plazan odolki dastatze herrikoia eta plazapean adiskidetasun bazkaria egingo dira.
Goizeko ekitaldietan lagun eta gidari izango dituzte Goizeresi elkarteko txistulariak eta Loinatz Musika Eskolako banda. Eguerdian plazako kioskoan emanaldia eskainiko dute ekitaldi nagusiaren atarian.
Urbiberrin jaia eta omenaldia
Urbiberri gizarte zentroko ordezkari Kontxi Gomezek, egoitzak antolatutako ekitaldien berri eman du. 1.000 bazkide inguru biltzen dituen gizarte egoitzan 13:30ean, bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko da. Arratsaldeko 17:00etan Iñaxi Mendizabal Arrieta eta Jose Antonio Bravo Begue omendu ondoren, Aurtzaka dantza taldeak dantza-saioa eskainiko du. Ondoren 17:30ean Gurea abesbatzaren ekitaldia izango da. 18:00etan Urbiberri Gizarte Zentroko “Argi” dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta ondoren dantzaldia 21:00ak arte luzatuko da.
Musika, pilota partiduak eta zirku ikuskizuna
Eguna borobiltzeko, beste ekitaldi batzuen berri ere eman dute udal arduradunek. Honela, Murumendi pilota eskolako neska-mutilen pilota partiduak arratsaldeko 17:00etan jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea. Musika ere kalez-kale barreiatuko du 18:00etatik aurrera “Bentazaharreko mutiko alaiak” taldeak. Eta familia osoarentzat 18:30ean, “Zirkoteke" zirku-ikuskizuna Erauskin plazan.
Urrezko binakako aizkolari txapelketako finalerdia
“Urrezko” aizkolarien txapelketak ez du hutsik egingo aurten. Beasainen jokatuko den jardunaldia otsailaren 9an, eguerdiko 12:00etan hasiko da Dolarea parkean (euria egingo balu Antzizar kiroldegiko frontoian). Herri kirola zaindu eta bultzatzeko helburuari eusten dio Udalak ekitaldi honekin. Aizkoran lehian izango diren bikoteak ez dira nolanahikoak Luis Mari Bengoa antolatzaileak azaldu duenez, Beasaingo saioa gainera txapelketako lehen finalaurrekoa izango da.
Honela, 2025ko urrezko binakako aizkolari txapelketa Eusko Label Saria lehiaketako lehen finalerdian nor baino nor ariko dira hiru bikote hauek: Iker Vicente eta Eneko Saralegi, Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarainen aurka. 20 enbor bost izakeratan moztu beharko dituzte.
Emakumezkoen banakako aizkolari txapelketari dagokionez, Laiene Pikabea eta Nerea Sorondo izango dira aurrez aurre. Banakako harrijasotze txapelketan, Leire Olea eta Ane Atxutegi eta gizonezkoetan Xabier Aranburu “Guzta” ariko dira.
Ekitaldia ETBk grabatuko du arratsaldeko 16:00etan bere lehen katean eskaintzeko.
Santageda jaiak Matxinbenta auzoan
Garai berean Santa Ageda jaiak ospatzen dira Beasaingo Matxinbenta auzoan. eta otsailaren 4 eta 5erako egitaraua antolatu dute. Udalaren web-eko agendan aurkitzen dira ekitaldi guztiak adierazita, eta herri kirolak, bertso afaria, pilota partidak, eta musika ez dira faltako.
Udal arduradunek, herriko eragile eta elkarteen lana eskertu dute otsailaren 5ari merezi duen garrantzia emateko egindako lanagatik eta herritar zein kanpotik etorriko direnei gonbidapena luzatu diete ospakizunetan parte hartu dezaten.