Koronabirusagatik herenegun eman ziren bi kasu positiboen ondoren, gaurko hirurekin dagoeneko bost dira orain arte birusaz kutsaturiko Arangoitiko egoiliarrak

Arangoiti adinekoen egoitzako beste hiru egoiliarrek positibo eman dute koronabirusaren testa egin ostean. Hiru horiei ostegunean atzemandako bi kasuak gehitu behar zaizkie, honela bada, Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitzan bost pertsona dira iada Covid-19 birusa hartu dutenak.

Aurreko kasuetan egin den bezala, osasun-protokoloa ezarri da eta dagoeneko isolamendu-egoeran daude eta datozen orduetan Donostiako zentro sozio-sanitarioetara eramango dituzte. Bien bitartean, Arangoitiko egoiliarrei eta langileei gertuko jarraipena eta zaintza egiten ari zaie gaixotasunaren zantzurik agertuko balitz. Osasun larrialdiko egoera eta Alarma-egoera ezarri zenetik, Gipuzkoa osoko adinekoen egoitzetan bezala, Beasaingo Arangoiti egoitzan bisitak eragotzita jarraitzen dute eta egoiliarrak bakarkako isolamenduan daude. 

 

Koronabirusagatik Beasaingo Arangoiti egoitzan positibo eman duten bi pertsonak, Donostiako zentro sozio-sanitario batera bideratu dituzte

Arangoiti zaharren egoitzako bi egoiliarrek positibo eman dute Koronabirusaren testa egin ostean. Emaitza ezagutu ondoren, kutsatze kasuetan dagokion protokoloa ezarri da, eta Donostiako zentro sozio-sanitario batera eraman dira.

Osasun Ministerioak positibo ematen duten pertsonekin kasuetarako markatutako protokoloaren arabera, zaintza pasiboa egin behar zaie kutsatutako pertsonarekin kontaktu estua izan duten pertsonei. Zaintza hori tenperatura hartzean datza batez ere, eta sintomarik baduten behatzea. Sintoma horiek agertuz gero, egiaztapen-testa egingo litzaieke.

Alarma egoera ezarri zenetik, Gipuzkoa osoko adinekoen egoitzetan bezala, Arangoiti egoitza itxita mantendu da kanpoko bisitarientzat. Gaixotasun sintomak dituzten pertsonei egin diete koronabirusaren proba, eta gaur eman dira lehen bi kasu positiboak.

 

Martxoaren 14a geroztik Antzizar kiroldegiak itxita jarraitzen du koronabirusaren hedapenak sorturiko egoerarengatik. Egoera honek iraun bitartean, kiroldegiko kuotei dagokienez, martxoaren 15etik edozein fakturaketa izoztu dela jakinarazten da eta ez dela ezer fakturatuko jarduera berrabiarazten ez den bitartean.

Martxoan helbideratu eta kobratutako kuotekin, egindako ordainketaren konpentsaketa egiteko aukera desberdinak aztertzen ari dira, instalakuntzetako bazkideentzako nahiz ikastaroetako partaide edo bakarkako zerbitzuen erabiltzaileentzako (takilak…)

Kasu bakoitzean konponbide egokiena aurkitzeko lana egingo da, eman gabeko zerbitzuak konpentsatu eta denontzako egokiena eta zuzenena izango dena.

Bestalde gogorarazten da udaleko zerga eta tasa guztiak ordaintzeko epeak etenda geratu direla baita ere Covid-19 koronabirusaren hedapenaren aurrean prebentzio neurriek eragindako alarma egoera amaitu arte.

Covid-19 gaitzak eraginda egun bizi den alarma egoerak hala behartuta, indarrean dauden udal dirulaguntza eta laguntzak emateko prozedurak izapidetzeko epeak eten egin dira. Neurri horrek ez die eragingo gizarte larrialdietarako laguntzei, hauek ohiko epeetan kudeatzen jarraituko baitira.