Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Azokaren sustapenerako bonuak berriz ere salgai

2025/01/30

Lehen Hezkuntzako ikasleek diseinatutako bonuak salgai jarriko ditu Udalak datorren larunbateko azokan 

Deskontu bonu hauek 20 eurokoak dira; erosleak 10 euro jartzen ditu eta Udalak beste 10. Martxoan eta apirilean ere salduko dituzte eta astearteko azokan ere erabili daitezke

Otsailaren 1ean burutuko den azoka bereziak erosketarako deskontu-bonuak jarriko ditu salgai bertako produktuen salmenta areagotzeko. Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako lanketari esker, azoka eta bertako produktuak sustatzeko iaz hasi zuten ekintza errepikatuko dute. 

Ekimen honen jatorria, Beasaingo Udalak Eskola Agenda 2030eko proiektuan, ikastetxeekin lantzen diharduen Garapen Jasangarriko energia ez kutsagarriari loturiko helburuan aurkitzen da. Beasaingo azoka eta bertako ekoizleak balioan jartzeko helburu hau elikadura eta kontsumo ohiturekin lotu zen. Egindako lanketaren ondotik ateratako ekintza proposamenekin jarraitzea da asmoa.  

Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek ondorengo ekintzak martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten: saltoki txikiak eta azoka sustatzeko kanpainak martxan jarri, hamaiketakoa prestatzeko bertako eta garaiko elikagaiak lehenetsiz eta “0” Kilometroko elikagaiak kontsumitzeko erosketa bonuak diseinatu, bezeroak produktu hauek erostera bultzatzeko. 

Azokarako erosketa bonuak

Beasaingo Udala Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeekin batera elkarlanean ari da ekintza hauek gauzatzeko. Honela, ikasleek proposaturiko ideiari jarraituz, azokan erosketak egiteko ohitura bultzatu eta bertako ekoizleak laguntzea helburu duten erosketa bonuak berriro aterako ditu. Lau ikastetxeek parte hartu dute Erosketa bonu hauen diseinuan. Larunbateko azokan salgai jarriko dira erosketa bonu hauek. Bonuak 20 eurokoak dira, erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10 euroak jarriko ditu honela 20 euro gastatu ahal izateko. Bonu bakoitza 5 euroko lau zatitan banatuta egongo da eta pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez. 

Martxoko eta apirileko azoka berezian ere salduko dira. Alabaina, bonu hauek urte osoko hileko lehen larunbateko azokan ere erabili ahal izango dira eta baita astearteko azokan ere.

Larunbateko azokan salgai izango diren garaiko barazkiei dagokionez, ziazerbak, baratxuri freskoa, azak, azaloreak, brokoliak, porruak, lonbarda eta letxugak izango dira, besteak beste. Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleak egongo dira bonuak saltzen eta ohi bezala hauxe da antolatu den egitaraua: 

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 Lore lehorrekin egindako apaingarriak egiten ikasteko tailerra Hazia lora-dendaren eskutik.
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.      
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Udal gobernuaren plan estrategikoaren helburuetako bat bertako produktuen azoka sustatzea eta indartzea da. Beasainen izaten diren azoken helburua, asteartekoa eta hileko lehenengo larunbatekoa, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.