Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Esker ona eta aitortza azokako baserritar eta ekoizleei

2024/11/05

Udaletxeko batzar aretoan omenaldiko oroigarria jaso dute hogeitik gora baserritarrek, gehienak emakumeak

Azoka horren aberats, anitz eta iraunkorra izatea posible egiten duten guztiei eskerrak eman dizkie alkateak

Beasaingo azokako baserritar eta ekoizleei esker ona eta aitortza adierazteko ekitaldia burutu du Beasaingo Udalak. Udaletxeko batzar aretoan bildu dira Beasaingo alkatea Leire Artola eta Elena Ruiz zinegotziaz gain, udal teknikariak eta omenduak izan dira 23 ekoizle-baserritar eta euren gertukoak. 

Beasaingo astearteko azoka 1926an ezarri zenetik, ekoizle eta erosleen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko, inguruko baserrietako garaiko produktuak zuzenean erosteko eta euskal kultura sustatzeko gunea izan da. Hori aurrera eramaten lagundu duten protagonistak baserritarrak eta ekoizleak izan dira. Horregatik, orain arteko ibilibide luze honetan bere produktuak saltzen gure azokan aritu direnak, baita gaur egun ari direnak omendu nahi izan dira. 

Leire Artola alkateak harrera egin eta azaldu duen moduan, “baserritarrak, ekoizleak dira gure herriko azokaren bihotza eta arima. Azoka honetan, bertako produktuak eta garaian garaiko elikagaiak eskuratzeko aukera dugu, eskualdeko zaporea eta tradizioa dastatzeko parada ematen digute. Hori guztia, inguruko baserritar eta ekoizleen lanari eta ahaleginari esker da posible. Azokak bertako ekonomia indartzen laguntzen du; bertan saldutako produktuak herrian bertan kontsumitzen dira, eta horrek, zuzenean, tokiko ekonomian eragina du. Harreman zuzena sortzen dute herritarrekin, konfiantza giroa bultzatuz eta beasaindartasun sentimendua indartuz.

Azoka, gainera, bizilagunak elkartu, harremanak estutu eta informazioa partekatzeko gune bihurtzen da. Herritarren arteko topagune natural bat da, belaunaldien arteko loturak eta elkar ezagutza sustatzeko ezin hobea. Gaur egun, gehiago baloratzen dugu horrelako espazioak izatea; eta horren guztiaren erdigunean Beasaingo baserritar eta ekoizleak daude, esan du alkateak. Azoka horren aberats, anitz eta iraunkorra izatea posible egiten duten guztiei, (egunez egun, hotza, beroa, eta bestelako eragozpenei aurre eginez) baserrietan eta postuetan hainbeste denbora eskaini izanagatik eskerrak eman dizkie oroigarri banaketa hasi aurretik. 

Ondoren, alkateak eta zinegotziak banan banan deitu dituzte omenduak eta omenaldi honetako oroigarria eman die bakoitzari. Hauek izan dira omenduak:  Victoria Goitia, Maria Luisa Urrestarazu, Maria Rosario Txintxurreta, Juli Aierbe, Maria Dolores Mendizabal, Asun Etxeberria, Patxi Arizmendi, Iñaxi Aranburu, Josetxo Mendia, Zuhaitz ibañez, Ramon Aseginolaza eta Amaia Alkorta, Maria Teresa Zaldua, Jose Mari Garmendia, Milagros Iraola, Juana Txintxurreta, Bittori Garmendia, Pakita Barandiaran,  Juanita Ganzarain,  Angela Lasa, Iñaki Azanza, Juanita Urretabizkaia,  Juani Peñagaricano, Maria Luisa Mujika.