Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo odolkien dastaketako XXXIX. lehiaketak bertako produktuari egingo dio gorazarre

2024/10/31

Azoka bereziarekin batera ospatuko da eta lau emakumek osatuko dute irabazlea erabakitzeko epaimahaia

Argizpiren argazki rallya, Ekaitz konpartsak antolatutako III. erraldoi eta buruhandien bilkura, kale ikuskizuna eta Matraka elektrotxarangak borobilduko dute azaroaren 2ko egitaraua

Beasaingo Odolki Kofradiak antolatzen duen Odolki dastaketa-lehiaketak hogeita hemeretzigarren edizioa beteko du azaroaren 2an. Odolkigile eta harakinek berriz ere aurkeztuko dituzte hain entzutetsua den lehiaketa honetara euren odolkiak, hesteki preziatuaren prestakuntzan trebeena zein izango den erabakitzeko. Urte luze guzti hauetan, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatzen duen txapelketa honek Beasain eta odolkia bat eginez, jaki honen erreferentzialtasuna Beasain izatea lortu du. Ez alferrik lehiaketa honetan irabazle suertatzen denak odolkiaren errege izateko izendapena jasotzen du. 

Urtetik urtera epaimahaia osatzen duten pertsonak aldatuz joan dira eta aurten lau emakumek izango dute odolki onena zein den erabakitzeko ardura. Honela, Ariane Vierbücher (Goierriko Hitzako kazetaria), Sandra Aparicio (Kaxolako ordezkaria), Ane Lore Lasa (R jatetxeko ordezkaria) eta Ainhoa Olano (Rekondo jatetxeko ordezkaria) izango dira aurkeztutako odolki guztien artean irabazlea zein izango den erabakiko dutenak. 

Azoka berezia

Egun honen harira ere, hileko lehen larunbateko azoka berezia izango da. Azokako postuen kopurua handituko da eta orotara 35 postu ezberdin kokatuko dira Gernika pasealekuan. Saltokietan produktu hauek eskuratu ahal izango dira, besteak beste, herriko bi harakinen produktuak, artisau lanak, ardi eta behi gazta, eztia, gozogintza, arrain kontserbak, apaingarriak, hestebeteak, taloak, kosmetika naturala, umeentzako jostailuak, ogia, kontserba begetalak, bitxiak, esnekiak, ahatekia, euskal panpinak, Movember elkartearen produktuak eta Bear pintura zaletuen koadroak. 

Kultur ekitaldiak 

Gernika pasealekuko frontoian goizetik jarriko dira dastaketa-lehiaketara aurkeztutako odolkiak egosten eta eguerdiko ordu batean Odolki lehiaketako sari ematea izango da. Alabaina, Udazken kulturalaren egitarauaren baitan, beste hainbat kultur ekitaldi burutuko dira egunean zehar herriko zenbait elkartek antolatuta. Hala, Argizpi argazkilari elkarteak antolatzen duen argazki rallya burutuko da goizeko bederatzietatik hasita, aurten Lourdes Losada Memoriala izendatua (sari emate ekitaldia azaroaren 22an burutuko da). 

Beasaingo Ekaitz Erraldoien eta Buruhandien konpartsak ere III. erraldoi eta buruhandien bilkura ospatuko du. Horretarako goizeko bederatzi terdietan hasita Doinuzar gaiteroen esnadeia izango da herriko kaleetan. Hamr terdietan erraldoien muntaketa eta erakusketa egingo dute udaletxea aurrean eta hamaiketan erraldoien kalejira hasiko dute ordubatean amaitzeko. Aurten gonbidatuta etorriko diren konpartsak hauek izango dira: Portugaleteko Zubira erraldoi konpartsa, Pasaiako erraldoi eta buruhandien konpartsa, Tuterako Perrinche erraldoi taldea, Doinuzar gaitero taldea, Bazteango Gaitero taldea eta Euskal giroa gaitero taldea. 

Arratsaldeko seietan Erauskin plazan kale antzerkia izango da. Markeliñe antzerki konpainiak Chef Nature antzezlana eskainiko du eta zazpi t'erdietan Matraka elektrotxarangak herriko kaleak animatuko ditu.  

Egitaraua:

  • 9:00  Argizpik antolatutako Lourdes Losada Memoriala argazki rallyaren hasiera.
  • 10:00  Bertako produktuen azoka
  • 11:00 III. erraldoi eta buruhandien korpartsen bilkura
  • 11:30 XXXIX. Odolki-dastaketa eta lehiaketa
  • 13:00 Odolki lehiaketaren sari banaketa
  • 17:00 Erraldoi eta buruhandien bilkura-irteera
  • 18:00 Kale ikuskizuna
  • 19:30 Elektrotxaranga

odolki lehiaketa 2023 1

odolki lehiaketa 2023 3