Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Dolarea parkeko ur-jolasak ekainaren 7tik aurrera irekita

2024/06/06

Kiroldegiko estaligabeko igerilekuak berriz, ekainaren 15ean irekiko dira bertako liburutegi zerbitzuarekin batera eta irailaren 15a arte egongo dira zabalik

Beharrari eta herritarren eskaerari erantzunez, Dolarea parkean komun publikoa eraikitzeko lanak bi aste barru amaitzea aurre ikusten da

Ur-jolasak zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira eta iragazpen sistema bati esker uraren kalitatea eskatutako osasun-arauetara egokitzen dela bermatzen da

Jarri eta kendu daitezken jolas hauek, behin uda sasoia eta eguraldi beroa iristean kokatu dira eta funtzionamenduan egongo dira ekainaren 7tik urrirarte eguraldiaren arabera. Udako igerilekuak edo kiroldegiko estaligabeko igerilekuak, ekainaren 15ean ireki eta irailaren 15a arte egongo dira zabalik. Honi lotuta, liburutegi zerbitzua eskainiko da bertan. Udako udal zerbitzuen eskaintza martxan jarriko da honela. 

Komun publiko berria

Dolarea parkea espazio publiko balioanitza da bere sorreratik. Uda garaian, haurren jolaserako freskagarri diren ur-jolasak jartzen dira. Uda sasoia amaitzean udazkenean berriro erretiratuak izaten dira. Horrela, urritik ekainera eremu aproposa bilakatzen da Dolarea inguruan jolasean ibiltzen diren haurrek modu seguruagoan kirol eta jolas desberdinetan aritzeko. Parkeko eremu hau kultura, kirola eta beste mota batzuetako ekitaldiak burutzeko erabilgarri egoten da.

Jolas egokituen guneak parkearen erabilera jende orori zabaltzea erraztu du eta honek parkearen erabilera eta aprobetxamendua handitu du. Honek berarekin beste behar bat ere ekarri du eta herritarren eskaerari erantzunez, komun publiko berria kokatu da. Lanak ia amaitzear daude eta bi aste barru espero da komuna erabilgarri egotea. 

Ur-Jolas jasangarriak

Gogorarazi behar da ur-jolasak uraren kontsumo arduratsu bat egiten dutela. Zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira iragazpen sistema bati esker, milaka ur litroren kontsumoa ekidinez. Horretaz gain, uraren osasungarritasuna bermatzeko, igerilekuetako urak duen kontrol berdina du osasun arauak betetzen direla bermatuz. Hartara, astean bi aldiz egingo dira mantenu lanak sistema osoaren funtzionamendua egokia dela egiaztatzeko eta filtro ezberdinak garbitzeko. Uraren kalitatea egokia dela ziurtatzeko egunean bi analisi egingo dira eta hilean behin analitika berezia laborategian. Analisi guztiak erabiltzaileek ikusteko leku batean jarriko dira ikusgai.

Berrerabiltze sistema horretaz gain, nahiz eta ur hornidura irekita egon, jokoak martxan jartzeko eskuz aktibatu behar izango dira, egon daitezkeen ur galerak are eta gehiago murriztuz. Ur-jolasak martxan izango dira honako ordutegiaren barruan: goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara. Eguraldiaren arabera, ohiko moduan urrirarte egongo dira martxan ur-jolasak. 

Estaligabeko udako igerilekuak

Era berean, Antzizar kiroldegiko estaligabeko udako igerilekuak ekainaren 15ean zabalduko dira. Mantenu eta egokitze lanak burutzen ari dira egunotan eta egun horretarako erabilgarri egongo dira. Ordutegia honakoa izango da; aste bitartean, astelehenetik ostiralera, goizeko 11:30etik 20:30era eta asteburuetan eta abuztuan 20:00ak arte.

Honi lotuta, bibliopiszina edo igerilekuetako liburutegi zerbitzua ere martxan jarriko da aldi berean. Egunero egongo dira zabalik, euririk egiten ez badu eta irailaren 15a arte egongo dira bi zerbitzuak erabilgarri. 

Bibliopiszina zerbitzuari dagokionez, erabilera arautua egongo da. Etxolan dagoen materiala zaindu eta txukun mantentzea eskatuko da. Aldizkariak eta liburuak hartu eta uzteko izango da bakarrik eta ez bertan egoteko. Erabiltzaile bakoitza hartzen duen materialaz arduratuko da. 6 urtetik beherako haurrek zerbitzua guraso edo zaintzaile batekin erabiliko dute. Ordutegia, egunero, 11:30etik 20:00etara izango da. Etxolatik hartutako materiala 19:45erako itzuli beharko da. 

estaligabeko igerilekuak