Europako Mugikortasun Astearen baitan mugikortasun jasangarria bultzatzeko, pertsonak kontaktuan jarriz ingurumenaren alde egitea da helburu nagusietako bat
Beasaingo Udalak azken bi urtetako esperientziari jarraipena eman eta irailaren 23tik aurrera Partecar aplikazioaren erabiltzaileek hobaria izango dute
Beasaingo Udalak, Hoop Carpool mugikorrentzako aplikazioarekin lankidetzan, ParteCar ekimena jarri zuen abian duela bi urte. Beasaindarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste helmuga batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea da aplikazioaren helburua. Honela herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetuz emisioak eta bidenabar trafikoa murriztea lortzen da. Gastuak partekatzeko aukera bat ere eskaini nahi da, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.
Udal hobaria berriro martxan
Europako Mugikortasun Astean aurkitzen garela eta, Beasaingo Udalak aplikazioaren erabilera sustatzeko berriz ere hobariak martxan jarriko ditu irailaren 23tik aurrera. Horretarako Partecar aplikazioa telefono mugikorrean eduki behar da instalaturik. Bai Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, Hoop Carpool aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, erregistratu eta jarraian BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez aprobetxatzeko.
Beasaingo Udala ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometitutako erakundea da, helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin. Hori lortzeko, mugikortasun jasangarriaren alde eginez, autoa partekatzeko egitasmo honi bultzada ematen jarraitzea du xede eta iaz bezala, berriro sarituko ditu aplikazioaren erabiltzaileak. Horregatik, ParteCar - Hoop Carpool aplikazioaren bidez, Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, % 50eko hobaria emango zaie (gehienez 2 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko), sustapenak dirauen bitartean.
Orain arteko datuak
Partecar ekimenak orain 339 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta aplikazioan. Kopuruei dagokionez, orain arte 239.000 km baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan, eta 35.000 kg CO2 eta 114.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 5.700 bidaia baino gehiago partekatu dira eta 3.498 bidaiari-ibilbide eta 2.646 gidari-ibilbide argitaratu dira. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 35.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian.