Skip to main content
Udal gobernua

Estanda lantegiko bero-soberakina kiroldegiko ura berotzeko erabiliko da

2024/04/30

Beasaingo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Fundiciones del Estanda enpresaren arteko hitzarmenari esker,  Udalak trantsizio energetikoaren bidean aurrerapausoa emango du

Ekimen aintzindari honen eskutik, kiroldegiko gasaren gastua erdira jaitsiko da, urteko CO2 isuriak 40.000kg-tan gutxituko dira eta udal inbertsioa 6 urtetan amortizatuko da 

Bide segurtasuna hobetzeko helburuaren barruan, bero-sare hoditeria instalatzeko lanak Antzizargo biribilgune berriaren eraikuntzarekin koordinatuko dira 

Beasaingo Udalak legealdi honetarako ezarrita dituen helburu nagusien artean aurkitzen da energia jasangarrien aldeko apustua egitea. Ingurumenaren zaintza eta klima aldaketari aurre egiteaz gain, energia kostuak gutxitu eta udal eraikinen energia beharrak autokontsumoaren bidez asetzeko helburua bete nahi du. Hori horrela, esku artean zuen ekimen garrantzitsuenetako bat gauzatzeko lehen urratsa eman du. 

Proiektuak Beasaingo Fundiciones del Estanda S.A. enpresako fundiziorako labeek sortzen duten hondar-beroa berriz aprobetxatuz, Antzizar kiroldegian erabiltzen den ura berotzea du xede. Forjek eta fundizioek bero kantitate handiak erabiltzen dituzte metalak urtu eta piezak ekoizteko. Bero hau ezin bada enpresaren barne prozesuetarako berrerabili, proportzio handi bat alferrik galtzen da eguratsera askatzean. “District Heating” edo “hiri-berokuntza” deituriko sistema baliatuz, egun galtzen den bero hori labeetako hozte-dorrean jaso eta kiroldegiruntz bideratuko da hoditeria berezi baten bitartez.

Aldundiarekin elkarlanean garatutako proiektu honi esker, Fundiciones del Estanda S.A. enpresan galtzen den bero-energia, Antzizar Kiroldegiko energia beharrarekin lotuko da, hortik hiru aldeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzearen beharra.

Eta hori da azken osoko bilkuran aho batez onartu dena. Honela, kiroldegiko ura hodien bidez Estandako hozte-dorreetara bideratuko da han berotu eta berriro kirol instalakuntzetara ekartzeko.   

Bide segurtasuna hobetu

Eremu berean, Antzizargo bidegurutzea biribilgune bihurtzeko proiektua egiteko asmoa zegoen. Behin Estanda lantegiko bero-hondarra aprobetxatzeko proiektua martxan jartzeko adostasuna lortuta, bi lanak aldi berean koordinatu ahal izateko batera egiteko aprobetxatuko da. 

Kiroldegia eta Estanda lantegiaren artean aurkitzen den bidegurutzea trafikoaren ikuspegitik puntu beltza izan da betidanik. Bide segurtasunari dagokionez hobekuntza nabaria izango da, trafikoa hobetu eta ibilgailuek Beasainera sartzerakoan dakarten abiadura moteltzea eragingo bait du. Ura berotzeko hodiak leku batetik bestera ezartzeko lanak eta biribilguneko obrak batera egingo dira ondorioz.

Energia kontsumo kostuen gutxitzea

Ur-bero sare berriari esker, kiroldegiaren egungo gas kontsumoa %54an jaistea aurreikusten da; urteko 43.000 Kg CO2 baino gehiago atmosferara ez isurtzea lortuz. Honek, klima aldaketari aurre egiteko udal helburuarekin bat egiten du bete betean.

Egungo kiroldegiko energia kostuen arabera, Udalaren ekarpena 6 urtetan amortizatuko da. 6 urteak pasa ondoren, urtero 60.000 euro aurreztuko dira energia gastuan, eta horri esker azpiegiturak berrituko dira.

Gauzatu beharreko proiektuak bere osotasunean, honako aurrekontu hauek ditu: Estanda barnean egin beharreko lanak 242.000 euro; Antzizar kiroldegiko beroa sortzeko makina-gela aldatzeko proiektua 560.000 euro. Biribilgunea eraikitzeko eta hoditeria sistema Beasainen txertatzeko proiektua 260.000 euro. Hau da, guztira 1.062.000 euroko inbertsioa izango da eta Beasaingo Udalak 385.500 euro finantzatuko ditu (kostu ososaren %36,2). 

Osoko bilkurako beste hainbat gai

Jendaurrean azken aldiz egon ondoren eta aurkeztutako alegazioak ebatzita, behin betiko onartua izan da TAO ordenantza berria. Bozketan, udal gobernua (EAJ -9-) alde agertu da, EHBildu -6- eta Elkarrekin Podemos -1- abstenitu eta PSE -2- aurka. Ondorioz, datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango da ordenantza berria.

Apirileko osoko bilkurako gainerako gaien artean dirulaguntzak emateko hainbat oinarri aurkitzen ziren. Aho batez onartu ziren, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek estimulazio/errehabilitazio programak egiteko laguntzak, Coworking gunea erabiltzeagatik emateko laguntzak eta kultur sorkuntza dinamizatzeko laguntzak. Lankidetza programetarako aurtengo aurrekontuetako diru-sarrera arrunten %1aren banaketa eta garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzen oinarrietan alde bozkatu zuten EAJ -9-, PSE -2- eta Elkarrekin Podemos -1- eta EHBildu -5- abstenitu egin zen. 

2030 arteko Beasaingo klima eta energia jasangarrirako ekintza plana aho batez onartu zen.