Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Itsasoari leihoa irekiko dio Beasainen Cimasub zinema jaialdiak

2025/01/07

Beasainen bere lehen edizioa beteko du ozeanoekin konpromisoa hartzera gonbidatzen duen itsaspeko zinema jaialdiak

Zine emanaldiak, adin zikloa, txikizikloa eta argazki erakusketak osatuko dute urtarrilaren 15etik 29ra luzatuko den egitaraua eta emanaldiak irekiak eta doakoak izango dira

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak (CIMASUB) Beasain izango du geltoki 2024/25 denboraldiko bere ibilbidean. Honela bada, Usurbe antzokiak hartuko du urtarrilaren 15etik 29ra luzatuko den Beasaingo Cimasub-aren lehen edizioa. Ekitaldi honen aurkezpena egin dute Beasaingo udaletxean, Leire Artola alkateak eta Mariola Pascual Herritar arloko buruak, Asier Martinez Goiurp Kirol Klubeko ordezkariak eta David Sanchez, Cimasub-eko zuzendariak. 

Udalak betidanik ezagutza, kultura eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duten ekimenekiko konpromisoa eta ilusioa agertu izan du. Horregatik alkateak, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren (CIMASUB) lehen edizioari ongietorria emateaz gain, ekitaldi honek gai ezinbesteko batekin lotzen gaituela nabarmendu du: gure ozeanoen kontserbazioa, belaunaldi berrientzat zaindu beharreko ondare unibertsala. 

Beasain, jasangarritasunarekiko eta ingurumenaren errespetuarekiko konpromisoa erakusten duen herri gisa, topagune bihurtuko da gure itsasoek aurre egiten dieten erronkei buruz hausnartzeko. Izan ere, Jaialdi honek, bere programazio anitzaren bidez, itsas munduaren edertasuna eta hauskortasuna esploratzeko aukera paregabea eskaintzen duela adierazi du udal agintariak. 

Sentsibilizazio eta kontzientziazio lan horretan Usurbe Antzokia izango da itsas munduari buruzko dokumental eta film laburren proiekzioen agertokia. Haurrei zuzendutako Itsaspeko Txikizikloa eta Arangoiti egoitzan adinekoei zuzendutako saioak, adin guztietarako zabalduko dute itsaspeko esperientzia ikusgarri hau. 

Goiurp kirol klubeko Asier Martinezek, urpekaritza klubari buruzko aipamena eginez kirol jarduera honen sustapena eta bertan lanean dabiltzanen ibilbidea azaldu eta honelako ziklo hau Beasainera ekartzeak beraien jarduera eta sentsibilizazio lana hedatzeko helburuan aurrerapauso izateko asmoa azaldu du. 

Itsaspea babestu

Jaialdiaren zuzendaria den David Sanchezek bere aldetik, Beasainen zikloak burutuko dituen ekimenen xehetasunak aletu ditu. Aurtengo edizioaren leloak, "Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat", ezin hobeto islatzen du CIMASUBen espiritua eta gure planeta urdina babesteko elkarrekin jardutearen garrantzia, aipatu du Sanchezek.

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak (CIMASUB), ikusleak ozeanoaren sakonera eramango dituen jardueraz beteriko programarekin dator. Aurten, zinema-proiekzioen aukeraketa esklusiboa, Itsaspeko Txikiziklo ezaguna, Adin zikloa, eta itsas bizitza eta paisaiak erakusten dituen argazki erakusketa izango dira jaialdian.

Sanchezek nabarmendu du erakunde publikoekin, enpresekin eta herritarrekin lankidetzan dihardutela, eta horiek, batera, kontserbazio-mezu hori zabaltzen dutela. Elkarrekin, artearen eta zinemaren bidez, ozeanoko bizitza babesteak duen garrantzia sakonki ulertu nahi dute.

Emanaldi irekiak eta doakoak

Hiru egunetan zehar, itsas munduaren hainbat alderdi aztertuko dira film laburren eta dokumentalen bidez. Lehenengo saioa itsas biodibertsitateari eta espezieen eta ingurunearen arteko harremanei buruzkoa izango da. Bigarrena kontserbazioaz eta jasangarritasunaz arituko da, klima aldaketa eta kutsadura bezalako gaiak jorratuz. Azkenik, azken saioak itsasoari lotutako giza eta kultur istorioak nabarmenduko ditu.

Itsaspeko Txikizikloa: Zinema hezitzailea gazteenentzat

Hezkuntza-ziklo hau Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta itsas biodibertsitatea ezagutzea eta ozeanoak babestearen garrantziaz ikastea du helburu, proiekzioen eta hitzaldien bidez. Aldez aurretik gaiaren inguruko unitate didaktikoa banatu zaie herriko ikastetxeei zineko emanaldiaren aurretik landu dezaten 

Itsaspeko zinema adinekoentzat Arangoitin

Cimasubek Arangoiti egoitza bisitatuko du, langileei, bertan bizi direnei eta haien familiei itsas hondoek gordetzen dituzten edertasun eta sekretu guztiak eramateko. Emanaldia eta ondorengo solasaldia eskainiko dute antolatzaileek.

Argazki erakusketa

Erakusketak itsas espezie paregabeak eta urpeko paisaiak erakutsiko ditu, ozeanoetako txoko harrigarrienetara eramango gaituztenak. Erakusketa hau aukera paregabea da jaialdiaren urteroko lehiaketan aurkeztutako 24 argazki onenak ikusteko. Aukeratutako irudiek munduko itsas paisaia ikusgarrienetako batzuetara eramaten dute ikuslea, koralezko arrezife koloretsuetatik hasi eta izaki misteriotsuak bizi diren sakonera ilunetaraino. 

Egitaraua

Itsaspeko Zinema: Urtarrilak 15, 22 eta 29. Usurbe Antzokia. 19:00etan. (Sarrera doan)

Itsaspeko Txikizikloa: Urtarrilak 22. Usurbe Antzokia. 10:00etan.

Adin zikloa: Arangoiti egoitzan urtarrilaren 23an 17:30ean.

Argazki erakusketa: Urtarrilak 15/29. Usurbe Antzokia. Astelehenetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.

Antolatzaileek interesa duten guztiak gonbidatzen dituzte edizio honetan parte hartzera, itsas bizitza eta aurre egin beharreko ingurumen erronkak hobeto ezagutzeko eta ulertzeko aukera paregabea baita. Programazioari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune ofiziala, cimasub.com.

IMG 8217